Voxek EHUren Arabako campusean egin duen ekitaldian ez da istilurik egon. LAB, Steilas eta ELA sindikatuek elkarretaratzea egin dute Voxen ekitaldiarekiko erantzun gisa Andre Maria Zuria plazan eta IAS Ikasle Antolakunde Sozialistak protesta egin du "faxismoak unibertsitatean tokirik ez duela" aldarrikatzeko. Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak berretsi du hartutako neurriak "egokiak" izan direla, ez dela istilurik izan eta eguneko jarduerak ez direla eten. Gehitu du "unibertsitatearen baloreen kontra doazen mezu totalitaristei jarritako osasun hesi modura ere" funtzionatu duela.
12:30ean Gasteizko campusean agerraldia egin du Voxek otsailaren 23an, Antonio Tejero guardia zibil eta militarrak egindako estatu kolpe saiakeraren 45. urteurrenean. EHUko Errektoretza Taldeak goizeko 8:00etatik aurrera campusa hutsik egotea eta jarduera telematikoa izan zedin agindua zuen. EHUko ikasle kontseiluaren babesa izan du erabakiak. Neurriarekiko kontrakotasuna adierazteko mobilizazioak deitu dituzte LAB, Steilas eta ELA sindikatuek eta IAS Ikasle Antolakunde Sozialistak.
Hartutako neurriak "egokiak eta eraginkorrak" izan direla berretsi du Bengoetxea errektoreak
EHUko errektoreak, deialdien ondoren, adierazi du dozentzia bermatu dela eta ez dela intzidentziarik izan: "Hartutako neurriak egokiak eta eraginkorrak izan dira, eta ikusi dugun bezala, ez da inolako istilurik izan. Vox alderdiak campusa hutsik topatu du, ez ordea geldirik. Uste dugu, gainera, unibertsitatearen baloreen kontra doazen mezu totalitaristei jarritako osasun hesi modura ere funtzionatu duela”.
Sindikatuek kontzentrazioa egin dute faxismoa salatzeko
Andre Maria Zuriaren plaza izan da LAB, Steilas eta ELA sindikatuen topagune 11:00etan. “Eskuin muturrak sustatzen dituen diskurtso espainolista, supremazista, klasista, xenofobo, matxista eta euskarafoboei” aurre egiteko bildu dira, Naiz-ek jaso duenaren arabera. Faxismoaren aurrean, Euskal Herria antirrazista, feminista eta euskalduna! lelopean elkartu dira eta gizabanako ororen eskubideak eta aniztasuna aldarrikatu dituzte.
IAS-ek kontramanifestazioa egin du Voxek deitutako ekimenaren aurrean
12:00etan batu dira IAS-eko kideak Gasteizko campusean Faxismoa borrokatu lelopean. EITB-ek azaldu duenez, 400 bat ikasle batu dira. Voxen ekitaldian 20 bat kide elkartu dira.
Naiz-ek jaso duenaren arabera, bertaratu diren Voxeko kideek “probokazio” jarrera hartu dute: campuseko hainbat pankarta kendu dituzte, horien artean martxoaren 3ko hilketen omenezko manifestazioetara deitzen zutenak; argazkiak atera dituzte IASeko kideen aurrean; “viva España” oihukatuz ibili dira, eta kide batek parean zituen ikasleak iraindu ditu.
Arazoak ekiditeko, Ertzaintzak eremua hesitu du goizeko lehen ordutik, bi ekitaldiak bereizteko helburuarekin. Brigada Mugikorreko dozena erdi furgoneta baino gehiago eraman dituzte lur azpiko kontrolak jartzeko, kazetari eta argazkilariak gerturatzea eragozteko, droneekin gunea kontrolatzeko, inguruko jendea identifikatzeko eta gatazka ekiditeko.