Ertzaintzak kamerak itzalita zituen Sestaon herritar talde batekin izandako istiluetan

  • Sestaon (Bizkaia) hiru herritarrek Ertzaintzarekin izandako istiluan, agenteek kamerak itzalita zituztela jakin da. Sestaoarrenganako indarkeriak lesioak eragin zizkien biri, eta horietatik bat barrabiletatik operatu behar izan zuten. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean esandakoaren arabera, “jarrera irregularrak” egon direla ikertzen dabiltza.


2026ko martxoaren 5ean - 11:38
Azken eguneraketa: 13:51
Bingen Zupiriak "autokontrol" neurriak behar direla azaldu du. Irekia (CC BY 3.0)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Otsailaren 22an Sestaoko inauterietan istilua egon zen kalez jantzitako bi ertzainen eta hiru herritarren artean. Emakume bat, 22 urteko semea eta beste lagun bat zebrabidea igarotzen zebiltzala auto bat kolpatu zuten, Ertzainarena zela identifikatzeko bereizgarririk ez zuena. Autotik atera ziren agenteek borra luzagarriarekin kolpatu zituzten. Uniformedun ertzain gehiago bertaratu ziren gunera errefortzuak eskatu zirenean. Ondoren herritarrak atxilotu zituzten. Bingen Zupiriak asteazken honetan Eusko Legebiltzarreko Segurtasun batzordean adierazi duenez, biktimak osasun etxera eraman zituzten. Beranduago gazte batek barrabiletan min handia zuela adierazterakoan, erietxera itzuli behar izan ziren. Ondoren, ospitaleratu egin zuten eta ebakuntza egin. Agenteak ere mutuatik igaro ziren lesioen partea ematera.

Emakumeak ere lesioak zeuzkan eta salaketa aurkeztu zuen ertzainen aurka. Sestaoko polizia-etxeko buruak gertakariaren kaleko irudiak ikusitakoan eta joera irregularrak antzemanda, Barne Gaietarako buruzagitzaren esku utzi zuen kasua. Haietaz gain, Poliziaren Kontrolerako Batzordea dabil auzia ikertzen. Zupiriak Legebiltzarrean esandakoaren arabera, “jarrera irregularrak” ikertzeko informazioa biltzen dabiltza eta “euskarri bideografikoak” biltzen ari dira, Berria-k jaso duenez. Hiru zalantza nagusi argitu beharrean aurkitu dira: herritarrenganako indarraren erabileraren zergatia, bertaratutako agenteen kamerak itzalita egotearen arrazoia eta atxilotuak ospitalera eraman izana egiaztatzea.

“Araudiaren araberako neurriak hartu” dituztela adierazi du Segurtasun sailburuak, “interes publikoaren babesa eta kaltetutakoen edota tartean dauden guztien eskubide indibidualak” bermatzeko. Kasu isolatuak direla azaldu du eta ez dutela “Ertzaintzaren jardunbidearekin eta balioekin” bat egiten, “zero tolerantzia” baitute “jokabide irregularren aurrean”. Gainera, “erreakzio oldarkorrak ekiditeko eta bulkadak, emozioak, pentsamenduak eta jokamoldeak borondatez doitzeko” neurriak hartu beharrean daudela adierazi du, ertzainen formakuntza “exijentea eta osoa” izan behar dela.

Gaztearen amaren bertsioa

El Correo-k, otsailaren 24an kaleratutako albistean, barrabila galdu zuen gaztearen amaren testigantza jaso zen. Emakumeak kontatzen duenez, inauteriak ziren, eta mozorrotutako bederatzi laguneko talde bat zebra pasabide bat pasatzen ari zen goizaldeko ordu bata aldera. Auto bat oso azkar pasatu omen zen, taldea ia harrapatuta, eta taldetik hori aurpegiratu zioten autoari eta berak, amak, kapotean eskuarekin ere jo zion: “Gero haiei ere aitortu nien, gaizki egin nuen”, eta esan zien festan zirela eta onena dena ahaztea zela.

Autotik kalez jantzitakoak borra luzagarriak eskuetan atera zirenean jakin zuten autoa Ertzaintzarena zela, eta hor hasi ziren taldearen eta kalez jantzitako ertzainen arteko liskarrak. Amak salatu du gupidagabe jipoitu zituztela, eta horren ondorioz galdu zuela bere semeak barrabiletako bat.

 


Irakurri gehiago: Ertzaintza Politika Polizia
Ertzaintza kanalean gehiago
2026ko martxoaren 25
Arantzazu Beitia - Roberto Villate. “Egia eta Justizia Kermanentzat”
"Diskotekako atezainak azpikeriaz hil zuen Kerman"

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.