argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintzak lehen aldiz
‘escrache’ bat debekatu du
  • Gipuzkoako Stop Kaleratzeak taldeak atzo arratsaldean Jose Antonio Azpiroz PPko diputatuaren abokatu-bulego aurrean escrachea egiteko asmoa zabaldu zuen. Bi ordu lehenago Ertzaintzak debeku agiria igorri zion taldeari; Donostiako Amara auzoko bulego ondoan ezingo zuten protesta bilkura egin, 300 metrora geratu beharko zuten. Stop Kaleratzeak taldeak inguruko kaleetan egin zuen protestaldia. Lehen aldiz da protesta mota hau debekatzen dutela.

ARGIA @argia 2013ko apirilaren 09a

Xabier Soto taldeko kideak adierazi duenez, haiek ez dute indarkeriarik erabiltzen, baina dirudienez arriskutsuak dira. Taldeak helegitea jarriko du, jakin nahi baitute zein eskubide urratu diren, taldearenak ala Azpirozenak.

Hipotekak Eragindakoen Plataformak herri ekinbide legegilea aurkeztua du etxebizitzak ordainean emateko eta etxe kaleratzeak gelditzeko eskatzeko. Adierazi dutenez, taldeak gutuna eman nahi zion Jose Antonio Azpirozi, etxe kaleratzeen egoera azaldu nahi zioten, gero berak erabaki zezan zein bozka eman.

Stop Kaleratzeak escrache ekintza gehiago aurreikusiak ditu. Gaur 1:00etan Bilbon PPren egoitzan egitekoak dira. 18:00etan, berriz, Irunen eta Donostian egingo dituzte, PPren egoitza horietan ere.

Ostegunerako beste bi aurreikusi dituzte. Bata, Getxon, Imanol Landa alkatearen kontra, BBKren batzarrean parte hartu behar baitu. Bestea, Donostian, Kutxabanken kontra, 15:30ean Andia kalean.

Ekimenaren bideoa.