Antolatzaileen arabera, 4.000 bat gazte batu ziren gazte antolakundeak igandean Donostian deitutako mobilizazioan. Europa Press albiste agentziak jaso duenez, Ertzaintzak atestatua ireki du desordena publikoarengatik.
Milaka gazte batu zituen mobilizazioan zenbait gaztek su eman zieten Frantziako eta Espainiako banderei. Horrez gain, manifestazioa Bulebarrera heltzear zela, Felipe V.a Espainiako Erregaren figura bat jarri zuten errepidearen erdian: orduan, gazte talde batek figura lurrera bota eta mailu batekin burua hautsi zioten.
Irutxuloko Hitza-k jaso zuenez, Euskal Herriak "aske, sozialista, euskaldun eta feminista" izateko aukera duela defendatu zuten Ernaiko kideek, eta faxismoari aurre egiteko, "alternatiba integral bat" eraiki beharra nabarmendu. "Badugu esperantzarako arrazoirik", esan zuen Amaiur Egurrola bozeramaileak, "milaka garelako" eta Euskal Herrian azken urteetan metatutako "indar askatzaile izugarria" dagoelako.
Aurrekariak
2021ean hamabi pertsona auziperatu zituzten, aurreko urteko urriaren 12an Iruñean egindako mobilizazio batean erregearen eta Cristobal Colonen irudiak hausteagatik. Espainiako Auzitegi Nazionalak auzia artxibatzea erabaki zuen.