Ertzaintzak hamalau lagun atxilotu ditu Gasteizen, Eibarren eta Arrasaten

  • Autoritatearen aurkako atentatua egotzita atxilotu dituzte. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak salatu du bederatzi ertzain eta bi udaltzain zauritu direla gertakari horietan. Gertatutakoaren berri ematean, atxilotuen jatorria azpimarratu du Segurtasun Sailak.


2026ko abuztuaren 10ean - 12:13
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Poliziak asteburuan hamalau lagun atxilotu ditu Gasteizen, Eibarren eta Arrasaten (Gipuzkoa) egindako esku hartze batzuetan, eta bertze hainbat identifikatu. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, bederatzi ertzain eta bi udaltzain dira dituzte gertakari horietan.

Jaurlaritzak "agenteen aurkako erasoak" gaitzetsi ditu, eta kezka agertu du "gutxiengo batentzat" jai giroa "errespetu faltak izateko, bizikidetza aldatzeko eta indarkeria erabiltzeko aitzakia bihurtzen delako, hain zuzen ere, segurtasuna eta bizikidetza bermatzen saiatzen direnen aurka". Hortaz, ziurtatu du ez duela onartuko delitu horiek normaltzat hartzea.

Atxilotuen jatorria jomugan

Atxilotuen jatorriaren berri ematea, ordea, ohiko bihurtzen hasia da. Segurtasun Sailak gertakarien inguruko xehetasunak banan-banan eman ditu. Lehen gertakaria, zauritu eta atxilotu gehien eragin dituena, Eibarkoa izan da. Igandean, 02:00 aldera, udaltzaingoak Ertzaintzaren laguntza eskatu du, taberna batean eraso bat gertatzen ari zelako, eta, itxuraz, inplikatuek arma zuriak edo objektu zorrotzak zituztelako. 

Guztira, bederatzi atxiki dituzte, autoritatearen aurkako atentatuaren delitua egotzita; bortz emakume eta lau gizon, 23 eta 41 urte artekoak. Segurtasun Sailak gehitu duenez, atxilotu gehienek aurrekariak dituzte. Gertakari horietan bederatzi polizia zauritu dituzte, hau da, zazpi ertzain eta bi udaltzain: "kolpe arinak hartu dituzte", eta ospitalean artatu dituzte.

Arrasateko gertakaria, berriz, 02:45ean izan da, taberna batean. Jaurlaritzak adierazi duenez, zerbitzutik kanpo zegoen ertzain bat bitartekari lanak egiten ahalegindu da bi emakumeren arteko borroka batean, eta, ertzaina dela erran ostean, pertsona talde batek eraso egin dio. Osasun zentro batean artatu behar izan dute hura ere.

Gasteizekoa izan da azkena. 08:00etan 30 urteko emakume bat eta 24ko gizon bat atxilotu dituzte desobedientzia eta autoritatearen aurkako atentatua egotzita, eta bertze 11 pertsona identifikatu. Gizon bati espediente bat ere ireki diote mozal legea baliatuta, "patruilari errespetu faltak egiteagatik". Izan ere, Ertzaintzak ustez lapurretan ari ziren bi lagun identifikatu ondoren, "pertsona talde handi batek" polizien aurka jo du, eta "botilak, kristalezko edalontziak eta aulkiak jaurti" dituzte. Gertakari horietan agente bat zauritu da.


Polizia gehiegikeriak kanalean gehiago
2026ko irailaren 9
Ertzainen mediku txostenak argitara
Flotillakideei oldartu, eta lesioak salatu

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...