Bi haur dituen familia bat etxegabetu dute Gasteizko Alde Zaharrean

  • 12:30erako aginduta zegoen etxegabetzea, eta Ertzaintzak 7:30erako Gasteizko Alde Zaharreko Kanpokale Berria kalea itxi du. Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuko kide Izaro Ibargurenek ARGIAri adierazi dio etxegabetu duten familia zaurgarritasun egoeran dagoela, eta jabeak uko egin diola haiekin negoziatzeari.

Ertzaintzak Gasteizko Kanpokale Berria kalea itxita, etxegabetzea gauzatzeko. Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatua

2026ko irailaren 25ean - 10:34
Azken eguneraketa: 13:29
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Izaro Ibargurenen esanetan, 7:30erako hesiz inguratuta eta itxia zuen Ertzaintzak Gasteizko Alde Zaharreko Kanpokale Berria kalea, eta etxebizitzara gerturatzen saiatu diren zenbait pertsona "kolpeka" kanporatu dituela lekutik. 12:30erako ezarrita zegoen etxegabetze agindua, eta hala egin dute. 

Etxebizitza horretan hamalau urte bizitzen zeramatzan 8 eta 10 urteko haurrak dituen familiak eta guztira 75.600 euro ordaindu dizkio jabeari alokairuan. Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuko kidearen esanetan, hilero gastuak eskuz ordaintzen zituzten, 2021ean jabeari transferentzia bidez ordaintzea eskatu zioten arte –ordainketen erregistroa geratzeko–. Ordea, jabeak horri uko egin eta etxegabetzeko prozesua hasi zuen; hilabete batzuk geroago jaso zuten etxegabetzeko agindua.

Etxegabetzeen aurkako moratoriaren ondorioz, etxegabetzea 2025eko abendura arte atzeratzea lortu zuten, Espainiako Kongresuak moratoria horrek indarrean ez jarraitzea erabaki zuen arte. Hasiera batean etxegabetzea uztailaren 9an gauzatzea zegoen aurreikusita, baina "lan sindikalari" esker ostiral honetara arte atzeratzea lortu dutela nabarmendu du Auzoan Biziko kideak.

Erantzuleak

Ibargurenek salatu du etxebizitzaren jabeak uko egin diola negoziatzeari eta sindikatuarekin biltzeari. Gainera, gaitzetsi du Gasteizko Gizarte Zerbitzurik ostegunera arte ez diela familiari alternatibarik eskaini, eta hori ere ez dela "duina": zehazki, pentsio batean astebete igarotzea. Bi adin txikikoak Alde Zaharreko Ramón Bajo ikastetxeko ikasleak dira, eta hango guraso elkarteak salatu du ezin dela "haurren eta nerabeen ongizatea babestu etxegabetzeen aurka" egin gabe.


Etxegabetzeak kanalean gehiago
2026ko urriaren 12
BARRA WARROAK
Arratoiak eta gezurrak

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.