Ertzaintzak foam balaz Iker Arana nola jotzen duen erakusten duen bideoa plazaratu dute

  • Ertzainaren abokatuaren bertsioa gezurtatzen duen bideoa plazaratu du Justizia Aranarentzat plataformak. Bilboko Etxarri Gaztetxean ertzainek tiro egin ostean barrabila galdu zuen Iker Arana gazteak. Bideoan ikusten da ez zuela segurtasun-lerroa gainditu eta eskuak jasota hurbildu zela agenteengana.

Justizia Aranarentzat plataformaren elkarretaratzea. Gedar

2026ko otsailaren 4an - 10:36
Azken eguneraketa: 12:23
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

2025eko apirilean Bilboko Errekalde auzoko Etxarri Gaztetxea husten ari zirela ertzainetako batek foam bala jaurti ondoren barrabila galdu zuen Iker Arana gazteak. Orduan azaldu zuenez, 30 metro baino gutxiagora eta inongo istilurik ez zegoela egin zion tiro zuzenean, "aurrez aurre begira zegoela".

Salaketa jarri ostean, ertzainak pasa den abenduan deklaratu zuen epailearen aurrean. Baina agentearen abokatuak, berrikitan, kasua artxibatzeko eskatu du. Horretarako, bi ertzainen deklaraziotan oinarriturik argudiatu du distantzia horretan foam bala batek ezin duela halako kalterik eragin, eta ondorioz, gazteak segurtasun-lerroa gainditu behar izan zuela. Gainera, hainbat pertsona kristalezko botilak jaurtitzen ari zirela ere ziurtatu du abokatuak.

Hori guztia gezurtatzen duen bideoa plazaratu du Justizia Aranarentzat plataformak. Bertan ikus daiteke, segurtasun-lerrotik kanpo ez dagoela istilurik, eta ertzainek lehen pilotakada bat bota ostean Aranak metro batzuk aurrera egiten dituela, oraindik urrun, eskuak jasota, agenteen jokabidea leporatzeko. Momentu horretan, beste pilotakada bat entzuten da eta Aranak lurrera egiten du, eskuak barrabiletara eramanez.

"Beraz, barrabilaren apurketa, gau hartan bertan Basurtuko ospitalean egindako mediku-txostenean baieztatu zen bezala, Ertzaintzak jaurtitako foam bala batek eragin zuen", dio plataformak ohar batean.

Abokatua Euspel polizia sindikatuaren abokatu nagusia ere badela nabarmendu du plataformak: "Euspelek Ertzaintzaren barruko sektore erreakzionarioena ordezkatzen du" dio, eta gogorarazi du Gasteizen Falangeari aurre egiteko egindako elkarretaratzean sorturiko istiluen harira hasitako auzibidean ere, akusazio partikular gisa jarduten duela, besteak beste. Gainera, "Etxarri Gaztetxea husterakoan bi gazte jipoitzeagatik ikertuak izaten ari diren beste bi ertzainen abokatua ere bada".

Iker Aranaren kasuan, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak berak onartu zuen frogek "salatutako gertaerak islatzen" dituztela eta "ertzainen baten jokabide desegokiaren" ondorio izan zela barrabila galtzea. 


Polizia gehiegikeriak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.