Ertzaintzak ez du iruzur fiskalik ikertu azken bost urteotan

  • Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, EH Bilduri erantzunez, azaldu du ogasunaren aurkako deliturik ez duela ikertu Ertzaintzak azken bost urteotan. Delitu horren “funtsezko” alderdi bat zenbatekoaren muga dela gehitu du, hau da, delitutzat hartzen da 120.000 euro baino gehiagoko iruzurra, urtero edo zergaldi bakoitzean egindakoa.

Ertzaintza

2026ko uztailaren 13an - 11:44
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

EH Bilduko Gorka Ortiz de Guinea legebiltzarkideak egindako idatzizko galdera baten erantzuna da Zupiria sailburuarena. Erantzun idatzi laburrean, sailburuak onartu du azken bost urteotan Ertzaintzak ez duela “Zigor Kodearen 305. artikuluarekin zuzenean lotutako ikerketarik” egin. Ogasun Publikoaren aurkako delitutzat hartzen dira eta zigortu egiten dira administrazioari iruzur egiten diotenak zergak ordaintzea saihestuz, bidegabeko onura fiskalak edukiz eta konturako diru-sarrerak saihestuz.

Zupiriak gehitu du delitu mota horren “funtsezko” alderdia dela 120.000 eurotik gorako iruzurrak baino ez direla delitutzat jotzen. Erantzunean ez du zehaztu kopuru horretatik beherako kasuak aurkitu eta bazterrera utzi dituzten.

Eldiario.es hedabideak jaso duenez, EH Bilduk udaberrian Ertzaintzako hainbat unitate espezializatutako langile kopuruez galdetu zion sailburuari. Delitu ekonomikoetara bideratutako ertzainak sei baino ez dira eta gaur egun kriptotxanponekin eta ziberdelituekin lotutako ikerketan ere hartzen dute parte. Eldiario.es hedabideak alderatzeko datu bat eman du: Espainiar Estatuko Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboak (UCO) 500-600 langile ditu. Joan den astean Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza delitu ekonomikoez hizketan aritu ziren eta Espainiako Gobernuak Ertzaintzari Kapital Zuritzearen eta Arau-hauste Monetarioen Prebentzio Batzordearen Zerbitzu Exekutiboan sartzeko aukera emango dio hemendik aurrera.

 


Ertzaintza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...