Eibarko ertzain etxeak abisu bat igorri zion joan den igandean Ertzaintzaren Barne Arazoetarako Unitateari.
Ertzaintzak barne ikerketa bat abiatu du Ermuan (Bizkaia) agente batek adin txikiko bati eraso egin ote dion argitzeko. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, Eibarko (Gipuzkoa) ertzain etxeak abisu bat igorri zion joan den igandean Ertzaintzaren Barne Arazoetarako Unitateari, erranez patinete elektriko batean zihoan adingabe bati eraso egin ziola agente batek.
Poliziaren arabera, gazte hori kontrako norabidean zihoan, eta ertzainek gelditzeko agindu zioten, identifikatu ahal izateko. Baina gaztea ez zen gelditu, eta, geldiarazi zutenean, poliziak eraso egin zion. Are, mozal legea aplikatu zioten desobedientziagatik eta trafiko salaketa bat jarri kontrako norabidean ibiltzeagatik.
Adingabearen familia Eibarko polizia etxera joan zen, adingabeak kontatutako gertakariak egiaztatzera. Ez zuen salaketarik jarri; Barne Arazoetarako Unitateak, ordea, ikerketa abiatzea erabaki du.