Ertzaintza Tubos Reunidoseko langileen kontra oldartu zen ostiralean BBVAren akziodunen batzarraren aurrean

  • Tubos Reunidoseko langileak BBVAren akziodunen batzarraren aurrean elkartu ziren, prentsaurrekoa egin baino lehen. Polizia euren aurka oldartu zen eta behargin bat lurrera bota, identifikatu eta desobedientzia leporatu zioten. Prentsa agerraldian hori eta enpresan gertatzen ari denaren manipulazioa salatu zuten.


2026ko martxoaren 23an - 11:12
Aiaraldea
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Ertzaintza Tubos Reunidoseko grebalarien kontra aritu da ostiral goizean eta hainbat behargin zauritu ez ezik (eskuetan, hanketan...) horietako bat lurrera bota, kolpatu eta identifikatu du, desobedientzia leporatzeko. Akusatutako langileak azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari Brigada Mugikorreko kide bat bere lankide batekin ari zela eztabaidatzen eta bera atzean zegoela, bat-batean hasi dira kolpeak eta bera lehen lerroan geratu da, jarraian bi borrakada jaso ditu gorputzean eta eman dizkionarekin eztabaidatu eta gero, lurrera bota dute. "Erotu egin dira, ez zen ezer gertatzen ari", adierazi du.

Amurrioko langileen elkarretaratzea BBVA bankuko akziodunen batzar nagusiaren atarian izan da, Euskalduna Jauregian. 9:00etan abiatu dute mobilizazioa eta poliziaren esku-hartzea 10:00ak aldera izan da. 

"Erasoaldi mediatiko eta politikoari" aurre egiteko agerraldia

ELA, LAB eta ESK sindikatuek prentsaurrekoa egin dute 11:00ak aldera, bereziki Vocento taldeak eta PSE-EEk zein EAJk egindako adierazpenei erantzuteko.

Langileen ordezkarien ustez, "ofentsiba mediatiko eta politikoa" dago euren kontra eta zenbait kontu argitu nahi izan dituzte. Agerian utzi nahi izan duten lehen puntua izan da, askok kontrakoa aipatu arren, Tubos Reunidoseko gatazka ez dela amaitu 301 kaleratze boluntarioekin. "Altzairutegia ixtearen eta logistika kanporatzearen kontra egiten ari gara greba mugagabea. Horrek jartzen du enpresaren etorkizuna kolokan", nabarmendu dute. 

Horrez gain, gaineratu dute enplegua eta ehun industriala suntsitzen saiatzen ari dela zuzendaritza.

"Kaleratzeak ez dira boluntarioak"

Ukatu nahi izan duten beste argudio bat izan da kaleratzeak boluntarioak direla. Sindikatuak erabat desados daude horrekin: "Enpresaren erabakien aurrean askok hautatu dute konpainia uztea, baina altzairutegiaren itxiera eta logistikaren kanporatzea mahairatu baino lehen inork ez zuen joan nahi. Xantaiaren  eta presioaren ondorioa izan da".

Halaber, azpimarratu dute behin-behineko kontratua dutenak ez direla boluntarioki irten: "Bota egin dituzte".

BBVA akziodun

BBVAren akziodunen batzarra aukeratu dute ostiraleko mobilizaziorako bankua Tubos Reunidoseko akzioduna izan delako urte luzez eta mozkin ugari jaso izan dituelako dibidenduak banatu izan dituztenean. "Industria etorkizunarekin konprometitu behar dira", aldarrikatu dute.

Azkenik, sindikatuek defendatu dute greba mugagabea ez dela langileen partaidetzaren kontrako neurria: "Enpresak erabaki du altzairutegia ixtea eta logistika kanporatzea hasieratik eta negoziazioen ondoren ez du iritzia aldatu. Benetan parte hartzeari buruz hitz egin behar bada, zuzendaritzak neurri horiek baztertu eta beste batzuk adostu beharko lituzke alde guztiekin".


Langile borroka kanalean gehiago
2026ko martxoaren 18
Betikoak

2026ko martxoaren 18
Goizean argi
Olatu urdina

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.