Ertzaintza edozein Itamar Ben Gvir-en lorratzean


2026ko maiatzaren 25ean - 12:50
Azken eguneraketa: 2026-06-03 15:43
Istiluen hasiera, flotillakoak iritsi berri eta Ertzaintzak alde egiteko esaten dienean. Bideo kaptura bat.
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Loiuko aireportuko gertaeren kronologia argia izan zen. Global Sumud Fotillako sei euskal herritarrek azkenean Euskal Herrira itzultzea lortu zuten, Palestinarekiko errepresioa salatzeko ahaleginean, Israelgo soldatuek torturatu ondoren eta agintari sionistek umiliatu ondoren. Ezdeusak izan dira Europako agintarien protestak, baina Gazako genozidioaren aurrean orain arte erakutsitako jarrera ezagututa ere, askoz gehiago ezin espero. Makila txakur txikiagoei agertzen diete, Trumpen babesean mugitzen den Israelen aurrean protesta otzana da.

Israelgo basakeriaren ondoren, gertukoen ongietorria, eskerrona eta maitasuna jaso behar zuten flotillakideek. Segurtasunaz ezertxo ere jakin gabe, argi da ezin duela izan oso zaila gisa horretako harrera bat antolatzea inolako istilurik gertatu gabe. Flotillako beste herrialdeetako kideen harrerak halakoak izan dira, bakean eta poza nagusi. Euskal Herrian aurrekoetan egindakoak ere bai. Bada kontraste apur bat Bartzelonan Flotillako hemezortzi kideri egun berean egin zieten ongietorriarekin: han inongo istilurik ez, eta harrera ematera joan zirenen artean Espainiako kultura ministro Ernest Urtasun eta Jaume Asens Comuns-en eurodiputatua izan ziren.

Irudiek beti ez dute dena azaltzen, batzuetan testuingurua korapilatsuagoa da, baina ez da kasua, ETBko edo bestelako bideoak oso argiak dira. Flotillako seikotea aireportuko egoitza nagusiaren sarrerara iritsi da, bertaratutakoei agur egiten ari dira, hedabideak irudiak hartzen... eta berehala ertzainak bultzaka hasten dira. Ezin da ulertu zergatik ez zieten utzi bertan egoten lehen agurra eta argazkien unea behar bezala egiteko. Zergatik eragotzi zioten ertzainek flotillako kide bati harrera egiten zietenengana hurbiltzea? Zer kalte zuen horrek? 

Eta hortik aurrerako gehiena ere ulergaitza da, bereziki borra kolpeak eta, ostera ere, jarrera umiliagarriak. Flotillako kideak lurrean etzanda dituztela behin eta berriz borraz nola kolpatzen dituzten ikusten da, horren inongo beharrik ez dagoenean arrastaka nola ibiltzen dituzten; anbulategiko harreran horietako baten gorputza eta duintasuna nola hartzen duten hankapean bi ertzainek, munduko edozein Itamar Ben Gvir-ek egingo lukeen moduan.

Operatiboaren arduradunak zigorren bat mereziko luke, eta “estatuaren biolentzia” horren baldar eta merke erabili zuten hainbat ertzainek ere bai. Baina aurrekariak ikusita eta Segurtasun Sailaren lehen azalpenak entzunda, ez dirudi horrelakorik gertatuko denik. Dena kameren aurrean gertatu bazen ere, flotillakoei “desobedientzia larria, erresistentzia eta agintaritzaren aurkako atentatua” leporatu zieten. Mundua aldrebes. Datu positibo bakarra, Bingen Zupiria sailburuak egun berean esan zuen sentitzen zuela gertatutakoa, erantzukizuna bere gain hartzen zuela, ikerketa agindu eta hiru egun barru azalpenak emango zituela legebiltzarrean.  Ikusiko da nork agintzen duen gehiago, Zupiriak berak edo Esan, Sipe, Euspel eta enparauek.


2026ko ekainaren 2
Haizea Ziluaga Larreategi, Global Sumud Flotillaren abokatua
“Bingen Zupiria epaitegian deklaratzera deitu beharko lukete”

2026ko maiatzaren 26
Global Sumud Euskal Herriaren mobilizazioa Eusko Legebiltzarraren aurrean
“Gezur hutsa da Ertzaintza probokatu genuela, eta munduak hori badaki”

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.