Ertzain izateko lan eskaintza publikoan iaz bizitako deskalabruaren ostean, lehenengo proba errazago gainditzeko modua ezarri zuen Arkautik. Gehiengoak suspenditzetik gehiengoak gainditzera igaro dira.
Aurreko deialdian, hautagaien %19k gainditu zuen, eta oraingoan berriz, %59k, guztira 1.880 pertsonak. Hala ere, aurreko deialdietako batez bestekoetatik behera geratu dira azken deialdi honetako notak. Hala argitu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak.
Iaz, erabaki zuten derrigorrezkoa den lehenengo proba psikoteknikoa errazago gainditu ahal izatea. Psikoteknikoa test moduko lau probaz osatuta dago: arrazoitzeko gaitasuna, pertzepzio trebeziak, abilidade espazialak eta ahozko gaitasuna neurtzen ditu. Orain arte, beharrezkoa zen lau probetako bakoitzean gutxienez 10 puntu lortzea, gainditu ahal izateko, eta osotasunean gutxienez 60 puntu lortzea. Orain, aldiz, nahikoa da osotasunean 60 puntu gainditzearekin, baina ez dute zertan proba bakoitzean 10 puntura iritsi.
Ertzaintzako funtzionario izateko irizpideak exijenteak diren ala ez baloratzeko, prozesu guztia aintzat hartu behar dela adierazi du Zupiriak: ertzainaren prestakuntzaren zati nagusia akademian bederatzi hilabetez jasotzen duena dela nabarmendu du, eta hori bezain inportantea dela urtebeteko praktikaldia, funtzionario postua lortu ahal izateko.
Barkamena
Bestalde, berriro ere barkamena eskatu du Zupiriak, joan den larunbatean lan eskaintza publikoko azterketan bizitakoagatik. Izan ere, 3.000 lagunentzako prestatu zuten BEC, baina 3.188 aurkeztu ziren azterketara. Dena den, etsaminak “segurtasun berme guztiak izan zituen”, gehitu du sailburuak.