Ertzain batek gazte bati ukabilkada jo, gero anbulantzia ukatu eta txostenetan gertatutakoa ezkutatu zuten

  • 2023ko uztailaren 22an ertzain batek ukabilkada eman zion gazte bati Irunen eta lurrera bota, dena beste zenbait ertzain eta udaltzainen aurrean. Gero, gainera, anbulantzia ukatu zioten eta gertatutakoa txostenean aipatu ez. Orain, gertatutakoa salatu du Euskal Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeak.


2026ko otsailaren 6an - 13:48
Azken eguneraketa: 23:45
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Gertatutakoa 2024ko maiatzean ezagutu zen, norbaitek gertaeren bideoa zabaldu zuenean. Gauerdian gertatu zen dena, eta Ertzaintzak ez zuen jakinarazi gertatutakoa, baina norbaitek bideoz grabatu zuen. Bideoan argi ikusten da nola ertzain batek zaplaztekoa eman eta lurrera botatzen duen, aldi berean “isil zaitez behingoz” modu zakarrean esaten dion bitartean. Beste bost ertzain eta lau udaltzain ziren bertan, baina inork ez zion esan ezer erasoa egin zuen ertzainari, eta gaztea lurrean minez utzita, denek alde egin zuten.

Geroago, beste pertsona batek gazteari kasu egin eta anbulantzia deitu zuen. Horren ondorioz, Ertzaintzak bi patruila bidali zituen, tartean lehen egondakoak, besteak beste erasotzailea. Ertzainek gezurra esan zuten irratiz, gizona alkoholaren eraginaren menpe zegoela esanez, zituen zauriak pareta baten aurka jo ondoren sortu zitzaizkiola, baina ez zela anbulantziarik behar.

Hori guztia agertzen da Euskal Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeak gaiari buruz egindako txostenean, El Diario-ko kazetari Iker Riojak azaldu duenez. Txostena Juan Luis Ibarra magistratu ohiak abenduan batzordeko lehendakaritza utzi aurretxotik argitaratu zen eta bertan gertaeren salaketa gogorrak egiten dira: “Erasoa jasandako pertsonaren integritate moral eta fisikoari modu objektiboan eta legez kanpokoan eragiten dio funtzionarioaren jokaerak”, dio txostenak. Besteak beste, kritika egiten die erasoa ikusi eta ezer egin ez zuten beste ertzainei eta udaltzainei, ez baitzuten saihestu ertzain erasotzailearen “ekintza umiliagarria” eta “giza duintasunaren aurkakoa”. Horrez gain, erasoari buruzko informazioa ezkutatzea Ertzaintzaren arau deontologikoaren aurkakoa dela ere zehazten da.

El Diario-k argitaratu duenez, oraindik ere zigor auzi bat irekita dago kasuarekin eta erasoa jasan zuen A.A.C herritarrak jarritako salaketa ikertzen jarraitzen du Irungo Instantzia Auzitegiak. Bestalde, zaplaztekoa eman zuen 25145 zenbakia daraman ertzainak hainbat hilabeteko enplegu suspentsiora zigortu zuten –oinarrizko soldata mantenduta–, eta 2025eko otsailean hasi zen berriz zerbitzuan.


Irakurri gehiago: Ertzaintza Politika Polizia
Ertzaintza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.