argia.eus
INPRIMATU
Errusiak nazioarteko ikerketa eskatu du, Nord Streameko sabotaien azken informazioen harira
  • Pulitzer saria jasotako Seymour Hersh kazetariak sabotajearen arduradunak AEBetako itsas armadako urpekariak izan zirela eta hori lehergailuak jarrita egin zituztela informatu du bere webgunean. Errusiak ordu gutxira eskatu du ikerketa eta Etxe Zuriak dena ukatu du.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko otsailaren 09a

Errusiako Estatuko Dumaren –legebiltzarreko behe ganbara– presidente Viacheslav Volodinek ikerketa eskatu du, Washingtonek Nord Stream gasbideetan lehergailuak jarri zituela dioen Hersh kazetariaren informazioa ikertzeko.

Pulitzer saria jaso zuen Seymour Hersh kazetariak bere web-orrian azaldu du sabotajearen arduradunak AEBtako itsas armadako urpekariak direla eta lehergailuak jarri zituztela NATOko Baltops 22 maniobra baliatuz.

Hersh kazetariaren arabera, ekaineko gerra maniobretan leherkariak prest utzi zituzten eta irailaren 26an Norvegiako Itsas Armadako hegazkin batek lehergailuak aktibatzeko sonarra zeraman buia jaurti zuen ohiko zaintza lanak egiten zituenean. Hala, eztanda egiteko erabakia bederatzi hilabete geroago hartu zela azaldu du, AEBtako segurtasun agentzia nazionalek "isilpeko eztabaida" bat izan ondoren. Artikulu honetan Xabier Letonak laburtu du Hershen informazioa.

"Argitaraturiko gertaerak nazioarteko ikerketa baten oinarri izan beharko lirateke, Biden eta bere konplizeak Justiziaren aurrera eraman, eta eraso terroristak kaltetutako herrialdeei kalte-ordainak ordaindu", adierazi du Volodinek Telegram kontuko mezu batean, Europa Press-ek informatu duenez.

Volodinek sinesgarritasuna eman die informazio berri hauei. "NATOren babespean eta Norvegiaren laguntzerekin" egin dela uste du presidenteak. Are gehiago, estrategia horrek Alemaniako Hirugarren Reich-a "gogorazten" diola esan du presidenteak.

Halaber, Errusiako presidenteak AEBtako presidente Joe Biden, presidente ohi Harri Trumanekin alderatu du: "Truman kriminal bihurtu zen, zibilen aurkako arma atomikoak erabili baitzituen Hiroshiman eta Nagasakin. Orain, Biden terrorista bihurtu da, bazkide estrategikoen energia-azpiegitura suntsitzea agindu baitzuen".

Etxe Zuriak asteazkenean gezurtatu egin du AEBek 2022ko irailean Nord Stream 1 eta Nord Stream 2 gasbideetan izandako leherketen atzean daudela adierazten duen salaketa. "AEBak ez ziren sartu Nord Streamen leherketan", esan du Garron Garn Pentagonoaren bozeramaileak jakinarazpen labur batean.