Errolda eskubidea aldarrikatuko du Ongi Etorri Errefuxiatuak-ek domekan Bilbon

  • Erakunde publikoak errolda eskubidea errespetatu dezaten eta neurriak har ditzaten eskatuko dute Albiako Lorategietan hasiko den giza katean. EAJ, EH Bildu eta PSE alderdien egoitzak elkarlotuko dituzte ekimenean.

Plataformaren kontzentrazioa, errolda eskubideraren alde. Ongi Etorri Errefuxiatuak

2026ko maiatzaren 8an - 10:51
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Guztiontzako errolda, orain! lelopean, giza katea abiatuko da domekan, maiatzaren 10ean, Bilboko Albiako Lorategietan. Ekintzak erakunde publikoei mezua bidali asmoa du: ardura hartu eta errolda eskubidea betearazi dezaten eskatuko diete. Ibilbide argia izango du kateak, hiru alderdi nagusien egoitzak batuko baititu, EAJ, EH Bildu eta PSErenak, alegia, hiru alderdi horiek baitaude boterean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udaletako gehiengo zabal batean. Eta horrek arrazoi argia du, Iñaki Guridi plataformako bozeramailearen hitzetan: “Eudelek iazko ekainean testu bat onartu zuen egoera berezietan daudenak erroldatzeko irizpide komunekin, baina oraindik ez da indarrean jarri. Giza katea da, beraz, alderdiei esateko dokumentua indarrean jarri behar dutela”.

Egungo errealitatea da errolda eskubidetik kanpo badagoela jendea: dokumenturik ez daukatenak, etxe barik daudenak, edota etxeko langile egoiliarrak direnak eta etxe jabeek erroldatzen ez dituztenak. Horiek ez dira “hiritar”, Guridik dioenez, erroldak zabaltzen baitu horretarako atea: “Eskubide denak handik datoz, hori ez badaukazu ateak itxita daude: haurra eskolan matrikulatzeko, Osakidetzara sarbidea izateko, gizarte laguntzak jasotzeko... edozertarako da ezinbestekoa erroldatuta egotea; ez bazaude, ez zara hiritar, desagertuta zaude”.

Horregatik, bizpahiru urteko prozesua egin dute plataformatik alderdiekin eta Eudelekin, eta sortu dute dokumentua. Bertan azpimarratzen du legeak dioela udalerriko biztanle orok egon behar duela erroldatuta, besterik ez bada “fikziozko” helbide batean, errolda soziala delakoan; alegia, lana egiten duten edo bizi diren tokian beharrean, udalaren jabetzako eraikin batean.

Horrela, bada, goizeko 11:00etan emango diote hasiera ekitaldiari, eta bertan jasoko dute Denon bizitzak erdigunean jardunaldietako kideen babesa; egun horretan baitute kongresua, eta etenaldia egingo dute giza katera batzeko. Giza katearen ostean, performancea egingo dute, Justicia ciega (Justizia itsua), eta testigantzek, poesiak eta kontzertuak emango diote amaiera egunari, Kafe Antzokian.

 

 


Ongi Etorri Errefuxiatuak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.