Nafarroako Gobernuak murrizketak iragarri ditu hezkuntzan, eta Lodosako Ibaialde ikastolaren kasuan, urtebete luzatu diete hitzarmena, berriz ez berritzearen baldintzarekin. Ibaialde Ikastolako zuzendari Karmen Munarrizek xehetasunak eman dizkio ARGIAri.
Datorren ikasturtean, irailetik aurrera, hezkuntzan murrizketak egingo dituela iragarri du Nafarroako Gobernuak. Pasa den astean iragarri zuen eskola publikoek hemeretzi ikasgela gutxiago izanen dituztela, eta itunpekoek, hamalau gutxiago. Demografiaren beherakadagatik hartu dute neurria. Apirilaren 21ean, Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok iragarri zuen erabakiak azkenean ez diela eskola publikoei eragingo. Alabaina, itunpekoen kasuan murrizketak aurrera doaz, eta horien artean dago Lodosako Ibaialde ikastola. Bertako zuzendaria den Karmen Munarriz (Iruñea, 1997) kritiko mintzatu da egoeraz. Nafarroako Ikastolen Elkarteak protesta egin zuen apirilaren 22an, Hezkuntza Departamentuaren egoitzaren parean.
Kalera atera zarete Nafarroako Gobernuaren hezkuntza murrizketak salatzeko. Zer moduz zaudete?
Nahiz eta egoera latza den, polita izan zen horrelako agerraldi bat egitea eta komunitatearen indarra, babesa eta sarea sentitzea. Iluntasun horren artean, horrelako momentuek pittin bat pozten gaituzte. Ez dakigu eraginik izanen duen, baina horrelako agerraldi jendetsu bat egitea oso positiboa da.
Murrizketak jakinarazi zituztenetik azalpenik edo jarrera aldaketarik sumatu duzue?
Ikasturte hasieratik bagenekien ituna berritzea tokatzen zitzaigula. Gure kopuruak beti oso baxuak izan dira, baina orain arte ez dugu inongo arazorik izan. Eskaera egin genuen, eta ebazpena atera baino askoz lehenago, Educan aurrerapena jaso genuen. Orduan, lasai geratu ginen. Gero Aste Santua baino lehenago iritsi zitzaigun mezu bat ikastola eta ikastetxe itundu guztien Excel batekin, non agertzen zen eskatzen zena ea betetzen zuen edo ez zuen betetzen eta arrazoiak. Ikastola bakarra ginen ez zuena jartzen betetzen genuen edo ez. Soilik jartzen zuen hitzarmena bukatzen zela, baina ez zergatia. Harrituta eta lur jota geratu ginen. Mezu horren gorputzean paragrafo bat zegoen zera esaten zuena: “Ibaialde Ikastolaren kasuan, kasu berezia denez, formulak bilatuko ditugu”. Orduan, Hezkuntzara deitu, eta Begoña Unzueren [Hezkuntza Departamentuaren Langileen Ataleko buruaren] bulegora joan ginen apirilaren 1ean.
Nola joan zen?
Guk bagenekien entzutera gindoazela eta ez zela negoziazio bat. Eskaintzen ziguten formula zen urtebete luzatzea aurtengo ituna, baina hori onartzeak ekartzen zuen ituna azkentzen zela onartzen genuela. Hau da, etorkizunean ez genuela aukerarik izanen ituna berritzeko orain arte bezala. Haserre eta triste atera nintzen, eta komunitateari helarazi genionean kolpe gogorra izan zen. Ordutik, ez dugu askoz informazio gehiagorik jaso. Iristen zaigun gehiena prentsatik jasotzen dugu, ez Hezkuntzako Departamentutik.
Matrikulazioak hartzen ditu kontuan Nafarroako Gobernuak. Landa eremuko ikastetxe bat izanik, bestelako irizpideak hartu beharko lituzke kontuan?
Gure kasua oso berezia da landa eremuko ikastola bat delako eta taldekatzeak hiru mailaka ditugulako. Kasu bakarra da zeinetan itunaren galerak etaparen itxiera suposatuko lukeen. Ratioen jaitsiera martxan jarri zutenean, soilik publikora mugatu ziren, gurean jaiotza-tasen jaitsierak eragingo ez balu bezala. Esan ziguten guri ez zaigula landa eremuko ikastetxeen araudia aplikatzen. Noiztik? Duela bi ikasturte taldekatzeak aldatzera behartu gintuzten landa eremuko ratioak gainditzen genituelako. Ezezkoa jaso zuten gure metodologiak talka egiten zuelako taldekatze berriekin. Hirugarren mailakoak Kimua programarekin ari dira, eta laugarren, bosgarren eta seigarren mailakoak Ekirekin. Hala ere, denak elkarrekin taldekatu behar izan genituen. Orduan, noiztik ez zaigu landa eremuko eskolen legea aplikatzen? Justu hain kritikoa den momentu batean erabakitzen dute beste irizpide bat jartzea. Haiek martxan jarri duten legeak, hamabost ikasle klase bakoitzeko, ez du kontuan hartzen landa eremuko ikastola bat. Ratio horietara iristea ametsa da, oso zaila da.
Zenbat ikasle dituzue?
0-12 urteko hogeita hamalau ikasle ditugu. Egia da Jimenok esaten duenean Ibaialde Ikastolan ikasle bakarra matrikulatu dela Haur Hezkuntzan. Haur Hezkuntzako bigarren zikloan ikusi dugu matrikulazioak hiru urtetan ia anekdotikoak direla, eta matrikulak haurreskolatik etortzen zaizkigula. Aurten bost ikasle berri matrikulatu dira haurreskolan, guretzako hori oso kopuru potentea da. Kopuruak eta ehunekoak ematen dituztenean minduta sentitzen gara, gure errealitatea ikusita aurten matrikulazioa oso ona delako. Agian beste kopuru batzuk maneiatzen dituztenentzat ez da aipagarria, baina guretzat oso polita da. Hor dago familien hautua, eta ezin diegu huts egin.
Landa eremuaz gain, zonifikazioak eragina dauka?
Erabat. Erriberan euskaraz aritzea, euskaraz ikasteko eta bizitzeko aukera bermatzea, erronka bat da ikasleentzat eta familientzat. Oso polita, baina erronka bat. Erabaki arbitrario honek argi eta garbi kaltetzen du euskara.
Gaur egun, zein funtzio betetzen du Ibaialde Ikastolak?
Gure helburua eta proiektua bizitzeko ikuspuntuak badauka iparra euskaran eta euskal kulturan, eta hezkuntza proiektua ez da eta ez da inoiz izanen hezkuntza hutsera mugatzen den proiektu bat. Gure helburua da ikasleei euskaraz bizitzeko aukerak bermatzea. Patiora ateratzen garenean eta ikusten ditugunean gure ikasleak euskaraz bata bestearekin liskarrean, izugarrizko poztasuna ematen digu. Herrira ateratzen garenean, eta inguruko udalerriekin akordioak egiten ditugunean, gauza horiek guztiak eragina daukate ikasle eta familiengan. Etengabeko borrokak ikasleak hezten ditu, ez soilik alderdi akademikoak.
Zer suposatuko du ikastolarentzat ituna amaitzeak?
Aurten Haur Hezkuntzako bigarren zikloko ituna berritzea tokatzen zitzaigun, eta erabaki horrek kolokan jartzen du gure proiektua. Gure kasuan Erriberan euskaraz ikasteko aukera erreal bat kolokan jartzen du ituna galtzeak, ekarpen handi baten galera dakar. Herri proiektu batentzat eta familia askorentzat kolpe handia da. Dena den, ez dugu inondik inora hau galdutzat ematen, eta ez dugu horren erraz etsituko. Zorionez, badakigu ikastolak ez garela eragile isolatuak: Nafarroan hamabost gara eta Euskal Herria osoan ehun eta hamabost ikastolen laguntza eta sarea daukagu. Badakigu ez gaituztela eskutik askatuko.
Zein urrats emanen dituzue egoera salatzen jarraitzeko?
Herri mobilizazioekin jarraituko dugu eta helegitea jarriko dugu. Aurrera egingo dugu.