Erresuma Batuak kolono israeldarren aurkako merkataritza zigorrak iragarri ditu

  • Ed Miliband Erresuma Batuko Atzerri ministroak iragarri du merkataritza jarduera debekatuko dutela Zisjordaniako legez kanpoko kokaguneekin; ez, ordea, Israelekin oro har. Gainera, "bi estatuen konponbidea" defendatu dute. Horren ostean, Israelek jakinarazi du Erresuma Batuak Jerusalemen duen kontsuletxea itxiko dutela. 


2026ko irailaren 9an - 10:59
Azken eguneraketa: 14:21
Erresuma Batuak Jerusalemen duen kontsuletxea. Jamal Awad / Reuters
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Erresuma Batuko Komunen Ganberan asteartean eginiko agerraldian, Milibandek Israeli leporatu dio "ez ikusiarena" egitea kolonoak palestinarren aurka egiten ari diren "garbiketa etnikoaren" aurrean, eta Zisjordanian kolonoen hedapena bultzatzen dutenei zigor gehiago ezarriko dizkietela iragarri du. Honako herrialde hauek ere bat egin dute Andy Burnham lehen ministro laboristaren gobernuak hartutako neurriekin: Espainia, Frantzia, Portugal, Suedia, Islandia, Irlanda, Danimarka Finlandia, Kanada, Norvegia eta Polonia.

Dena den, oroitu behar da Erresuma Batuak ez duela Israel gaitzesten, baizik eta "bi estatuen konponbidea" babesten duela. Erresuma Batuan Palestinarekiko elkartasuna kriminalizatuta dago, Palestine Action mugimendua "terroristatzat" hartu izana da horren adibiderik argiena. Israelgo kolonoen aurkako neurriak hartu dituen gobernu laborista berak espetxeratu ditu ehunka herritar, Palestine Action bidez genozidioa salatzeagatik, "terroristak" direla argudiatuta.

Zisjordaniako merkataritza jarduerekiko ezarritako neurriei dagokienez, Erresuma Batuko Atzerri ministroak jakinarazi du ez dutela Israelek okupaziora bideratutako armarik esportatuko. Ordea, Erresuma Batuak Israelen mugen barruan –"Lerro Berdea" deiturikoa, 1949ko armistizioko mugak– armen salerosketarekin jarraituko du. Izan ere, Erresuma Batuak orain arte argudiatzen zuen ezin zuela debekatu merkataritza jarduera legez kanpoko kokaguneekin ez zekitelako produktuen jatorria zehatza zein zen –eta horrek Israelekin oro har komertzioa debekatzea ekar zezakeelako–.

Hain zuzen, hamabi herrialde horiek "bi estaturen konponbidea babestu" egin behar dela azpimarratu dute, "bake segurua eta iraunkorra" lortzeko. Halaxe egin du Milibandek ere Komunen Ganberan eginiko agerraldian, argudiatuta kolonoen hedapenak eta indarkeriak konponbide hori oztopatzen dutela. Bestalde, erabakiaren harira Burnhamek, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Mark Carney Kanadako lehen ministroak ohar bateratu bat argitaratu dute, eta bertan adierazi zigorrak "beharrezkoak" direla Ekialde Hurbilean "bakea" bermatzeko.

Israelek Jerusalemgo kontsuletxea itxi dio

Milibandek neurriak iragarri eta berehala heldu da Israelen erantzuna: herrialde horretako Atzerri Ministro Gideon Saarek, ohar batean, iragarri du Londresek Jerusalemen duen kontsuletxea itxiko dutela. Gainera, salatu du Erresuma Batua "sistematikoki" ari dela Israelen kontra: "Eskandalua dira neurriak". Kontsuletxea ixteaz gain, beste neurri batzuk ere hartu ditu Tel Avivek: esate baterako, Komunen Ganberako dozena bat parlamentariri Israelera bidaiatzea debekatzea, tartean Jeremy Corbin Alderdi Laboristako buru ohia.

 

 

 


Nazioartea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.