IKERKETA | ‘Errenteria auziko’ abokatuak euskara eskakizunen aurkako gutxienez beste lau helegite deigarri aurkeztu ditu 2022tik

  • Euskara: nor dago oldarraldiaren atzean? ikerketako lehen eta bigarren albisteetan ARGIAk frogatu duenez, Errenteriako Udaleko lan deialdia modu antolatuan sabotatu dute CCOO sindikatuko hainbat kidek, Euskara Denontzat elkarteak eta Unidas Por la Igualdad Lingüistica plataformak, euskara eskakizunen aurka egiteko helburu bakarrarekin. Baina gehiagotan gertatu al dira antzekoak? Enpleguan interesik ez duten edota aipaturiko eragileekin lotura duten pertsonek aurkeztutako helegiteek bota al dituzte atzera Lan Eskaintza Publiko (LEP) gehiago?

    ARGIAk lau helegite deigarri identifikatu ditu. Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren aurka jarri zituzten eta 345 enpleguri eragin zioten. Guztietan abokatua bera da, Euskara Denontzatek Errenterian helegitea aurkezteko doan eskaini zuen bera: Emilio José Aparicio Santamaria. Demandatzaileak ere esanguratsuak dira.


2026ko martxoaren 12an - 05:45
Azken eguneraketa: 10:01
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

2021az geroztik, dozenaka eta dozenaka helegite aurkeztu dira hainbat erakunde publikok haien lan deialdietan ezarritako euskara eskakizunen aurka. Helegite horiek sortutako epaiak aztertu ditu ARGIAk. Demandatzaileen edota beren abokatuen nortasuna ezabatuta dagoen arren, sententzia gutxi batzuen kasuan horiek ezagutzea lortu du komunikabide honek.

Helegitegile deigarriak

1/ 2022ko uztailean, Andoni Basterra Urrutia herritarrak helegitea aurkeztu zuen Bizkaiko Aldundiak 95 lanpostu egonkortzeko deialdian ezarri zituen euskara eskakizunen aurka. Basterra CCOOko militantea da, sindikatuko liberatu izana, eta Euskara Denontzat elkarteko idazkaria. Aurreko artikulu batean jaso dugun moduan, Errenteriako LEParen aurkako helegitearen auzian Sabin Zubiri izan zen antolakuntzako pertsona gakoetako bat. Zubiri CCOOko kide esanguratsua da, eta Euskara Denontzat elkarteko presidentea.

2/ 2023ko otsailean, Irkus Larrinaga San Felices herritarrak helegitea aurkeztu zuen Bizkaiko Foru Aldundiaren LEP baten aurka. 150 administrari lanposturako deialdia zen.

Sententzia zati honetan demandatzailearen izena ezkutatuta dago, baina ARGIAk jakin ahal izan duenez Irkus Larrinagak aurkeztu zuen helegitea

3/ Hamar hilabete geroago, 2023ko abenduaren 12an, Gipuzkoako Foru Aldundiak 100 lanpostu egonkortzeko deialdia iragarri zuen. Orduan ere, Larrinagak euskara eskakizunen aurkako helegitea aurkeztu zuen.

Epaitegiek atzera bota zituzten Larrinagak errekurritutako bi deialdiak.

Gipuzkoan eta Bizkaian helegiteak aurkeztu dituen Larrinaga nafar herritarra da, baita NEB Nafarroako Ezker Batuko kide esanguratsua ere. 2021ean NEBeko zuzendaritzako kide hautatu zuten alderdiaren XI. Asanbladan, eta 2023an Contigo-Zurekin koalizioaren zerrendan aurkeztu zen Nafarroako Legebiltzarrerako hauteskundeetara. Zubiri eta Basterra, biak izan dira Ezker Anitzako (IU Izquierda Unidako adarra EAEn) zuzendaritzako kideak, eta Basterra IUren Espainiako zuzendaritzan ere egona da.

4/ 2022an, Donostiako Udalak 40 teknikari lanposturako LEPa deitu zuen, eta herritar batek helegitea aurkeztu zuen deialdiko euskara eskakizunen aurka. ARGIAk ez du herritar horren izen-abizenik eskuratzerik izan, baina kasu horretan bada bestelako datu esanguratsurik.

2024ko irailean, Donostiako Administrazioarekiko Auzietako 3. epaitegiak helegitea ez onartzea erabaki zuen: epaitegiaren esanetan, herritarra ez zegoen helegitea aurkezteko “legitimatuta”, ez baitzen lan deialdira aurkeztu ere egin. Herritarrak aurre egin zion Donostiako Epaitegiaren sententziari, helegitea ipinita, eta 2025eko otsailean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, datu hori onartuta ere, udalaren deialdia atzera bota zuen. Errenterian helegitea aurkeztu zuen María Isabel Veiras Mabel herritarrak ere –Unidas por la Igualdad Língüistica (HBA) plataformako kidea eta Osakidetzan lanpostu finkoa duena– ez zuen izenik eman lan deialdian.

Antolatutako eta propio aukeratutako helegiteak?

Helegite horiek antolatuak eta propio aukeratuak izan direla iradokitzen dute bi datu hauek.

Batetik, Larrinagak, Basterrak eta herritar anonimoak aurkeztutako lau helegiteek 385 lanposturen euskara eskakizunak bota dituzte atzera. Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldia egin zuen 2025eko azaroan Eusko Legebiltzarrean, eta zera salatu: “38 sententziak eragin zuzena izan dute ia 800 lanpostutan”. 38 helegite eta 800 lanpostu; batez bestekoa eginda, helegite bakoitzak hogei lanposturi eragiten die. Hemen aipatutako lau helegiteek soilik, 345 lanposturi eragiten diete.

Bestetik, eta batez ere Donostiako Udalaren, Gipuzkoako Aldundiaren eta Bizkaiko Aldundiaren aurka aurkeztutako lau helegite horietan, demandatzaileen abokatua berbera izan da: Emilio José Aparicio Santamaría. Are gehiago, Aparicio bera da Euskara Denontzat elkarteak dohainik eskaini zuen abokatua Errenteriako Udalaren LEParen aurka egiteko.

Emilio José Aparicio

“Nik atzo eman nizkion Euskara Denontzateko abokatuari boterea eta nire datuak, nahi baduzu erakutsiko dizkizut bidalitako dokumentazioa eta emandako boterea, eta ja ahaztu egingo naiz honetaz guztiaz. Haiek arduratuko dira”. Hori idatzi zion HBA plataformako María Isabel Veirasek helegitea aurkezteko prestutasuna agertu zion Maiderri (lehen artikuluan kontatu genuen hori). Maiderrek boterea bidaltzeko eskatu zion, eta bertan irakurri daiteke Emilio José Aparicio Santamaríaren izena. 

Apariciok Bilbon egiten du lan. Aparicio & Durana Abogados bulegoko bazkidea da 2005etik, eta zuzenbide administratiboan espezializatuta dago. Guk Getxo udal hauteskundeetako hautagaitzaren aholkulari ere izan zen. Abokatuak In dubio pro administrado izeneko bloga du. Bertan topa daiteke Sabin Zubirik idatzitako testu bat, analisi juridikokoa dena: Mejor en manos de la Ley: notas al hilo de la sentencia sobre perfiles lingüísticos en Irun (Hobe Legearen eskuetan: oharrak Irungo hizkuntza profilen sententziaren inguruan). Ez da ohikoa Aparicio berarena ez den beste inoren testurik agertzea blogean; artikulua sinatzen duen kazetari honek, behintzat, ez du besterik aurkitu.

Kasu gehiago daude? Zenbat?

Albiste honetan aipatutako bost helegiteetan, lehenbizikoaren eta azkenekoaren artean lau urte joan dira.

Euskara eskakizunen aurkako helegite gehiagotan aritu al da, edo ari al da Aparicio abokatu gisa? Lanpostuetan interesik ez zuten herritarren izenean aritu al da euskara eskakizunak atzera botatzeko asmo bakarrez? Bezeroek beren kabuz jo dute beragana, ala Euskara Denontzatek, CCOOk edo Sabin Zubirik egin dute zubi lana? Aparicioz gain, beste abokatu baten edo batzuen bitartez ere aurkeztu al dituzte antzerako helegiteak?

Epaileek atzera bota dituzten dozenaka euskara eskakizunetatik zenbat dira antolatutako sabotajeen ondorio, eta ez, CCOO sindikatuak ziurtatzen duen moduan, “euren lanpostuak arriskuan ikusi dituzten” langileek “abokatu pribatuekin” jarritakoak? Zenbat, egun epaitegietan oraindik ere sententzia zain dauden helegiteetatik? Zenbat halakori egin beharko diete aurre aurrerantzean euskaltzaleek?

Zubiriren bertsioa

ARGIA Emilio José Aparicio abokatuarekin harremanetan jartzen saiatu da. Komunikabide honek astelehenean mezua bidali zion posta elektronikora, bere bertsioa jasotzeko aukera emateko, baina albiste hau publiko egiteko orduan ez du erantzunik jaso.

Egun berean, ikerketa publiko egiten hasi bezperan, Zubirirekin mintzatu zen ARGIA telefonoz, eta besteak beste, artikulu honetan bildutako informazioaren inguruan galdetu zion. Jarraian, solasaldiaren zati hori osorik (solasaldiaren beste pasarte batzuk ikerketa lanaren aurreko bi artikuluetara eramanda daude):

---

Esan didazu ez zuk ez Euskara Denontzatek ez duzuela Errenteriaren moduko helegiterik antolatu beste inon. Guk baditugu zenbait kasu zeinetan abokatua Errenteria auziko berdina den, eta demandatzaileek loturak dituzte CCOOrekin, Euskara Denontzatekin edo Ezker Anitzarekin. Horietan ez duzue parte hartzerik izan Euskara Denontzatek, CCOOk edo zuk?

Zein helegiteri edo pertsonari buruz ari zara?

Bizkaiko Foru Aldundian, Gipuzkoakoan eta Donostiako Udalean, hain zuzen, Irkus Larrinagak eta Andoni Basterrak aurkeztu dituzten helegiteez ari naiz.

Ez, elkarte bezala guk ez dugu horietan parte hartu.

Zuk ez duzu parte hartu helegite horietan? Deigarria da: pertsona horiek zurekin bat egiten dute sindikatuan edo alderdian, Andoni Basterra Euskara Denontzateko kidea da, eta kasu horietan denetan abokatua bera da... Zure esanetan, hori ez dago antolatuta?

Berresten dizut. Soilik Errenteriako kasuan hartu dugu parte. Interesatuta zegoen pertsona baten deia jaso genuen, baina ez zen ausartzen helegitea aurkeztera.

Orduan, diozunez, zuk, Euskara Denontzatek edo CCOOk ez dute zerikusirik Irkus Larrinaga eta Andoni Basterraren helegiteen kasuetan.

Euskara Denontzatek eta CCOOk ez dute inongo erlaziorik errekurtso horiekin.

Eta zuk ere ez?

Nik ere ez. Hori da esan ahal dizudana, bai.

---

Adierazi moduan, solasaldia astelehen eguerdikoa da. Asteazken eguerdian, ARGIAk argitaratutako informazioei erantzuteko, Zubirik artikulu bat igorri dio komunikabide honi: Hizkuntza eskakizunen aplikazioan gehiegikerien aurrean antolatzeko eskubidearen alde

Artikuluan, sinatzaileek onartu dute “pertsona batzuei lagundu” dietela “azken urteotan”. Alegia, ez soilik pertsona bakarrari eta Errenterian, ARGIAk ikerketa publiko egin zuenetik eta ordura arte ziurtatuta zuten moduan.

OHARRA

Ikerketarako baliagarria izan daitekeen informaziorik jakinarazi nahi izanez gero, idatzi salaketak@argia.eus helbidera


2026ko martxoaren 18
Betikoak

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.