argia.eus
INPRIMATU
Errektore berria aukeratzeko hauteskundeak Nafarroako Unibertsitate Publikoan
  • Foru eta udal hauteskundeetarako astebete falta den arren, ez dira hilabete honetan egonen diren hauteskunde bakarrak. Asteazkenean, maiatzak 13, errektore berria aukeratuko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Alfonso Carlos García eta Jorge Nieto Vazquezen artean aukeratu beharko dute unibertsitateko kideek.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko maiatzaren 13a

Arrosadiko campusean 10:00etatik 18:00ra bitarte izanen dute bozkatzeko aukera ikasle, irakasle eta langileek. Iruñeko Osasun Zientzien Fakultatean eta Tuterako campusean aldiz, 12:00etatik 17:00etara izanen dute botoa emateko aukera. 20:00ak aldera ezagutuko dira emaitzak.

NUPeko sektore zabalena ikasleek osatzen badute ere -8.200 ikasle baino gehiago-, haien botoa ez da pisu gehien izanen duena.  %59 unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasle doktoreei dagokien bitartean, %11 gainerako irakasle eta ikertzaileei dagokie. Ikasleei %20 dagokie eta azkenik, %10 administrazio eta zerbitzuetako langileei dagokie.

Alfonso Carlos García Seinalearen Teoria eta Komunikazioetako katedraduna da eta orain arteko errektore Julio Lafuenteren bi agintaldietan errektoretzako kidea izan da, Ikerketarako errektoreorde modura.

Jorge Nieto Vázquez Analisi Ekonomikoaren Oinarrietako katedraduna da eta Antonio Perez Prados errektore ohiaren taldean Irakaskuntza Kudeaketarako errektoreordearen funtzioak bete ditu.