Ehunka pertsonako agerraldi jendetsua egin dute Gasteizko erdigunean astelehen arratsaldean, askotariko 47 eragilek deituta, orain bi aste auzo okupatuak sufritu zuen eraso larriaren aurrean. “Helburua ez da elkartasuna eta babesa adieraztea soilik Errekaleor Bizirik proiektuari, baizik eta arbuiatzea gertaeren oinarrian kokatzen dugun diskurtso faxista”.
Auzogintza bultzatzen duten kolektiboak, eragile antirrazistak, bazterketaren eta pobreziaren aurka lan egiten dutenak, sindikatuak, elkartasun sareak, Euskal Herri osoan zein Gasteizen ari direnak... Aniztasun handia batu du Errekaleorren aldeko eta diskurtso faxisten zein bazterkeriaren aurkako agerraldiak Foru plazan (eragileen zerrenda osoa, albistearen amaieran).
Errekaleorren aurkako erasoari erantzuna emateko bildu ziren, baina haratago joan izan nahi dute, uste baitute Vox alderdiak aste batzuk lehenago Errekaleorren zabaldutako diskurtsoa dagoela oinarrian, eta diskurtso hori bere egin dutelako Ertzaintzak eta zenbait arduradun politikok. Edozein “keinu faxista” borrokatzera deitu dute: “Ideologia supremazista hau geratuko duen herri boterea indartzea besterik ez dugu”.
Maiatza erdialdeko erasoa
Agerraldian, hasteko, maiatzaren 13an Errekaleorrek pairatu zuen erasoa gogoratu dute. Gertaerak laburtu dituzte: nola hurbildu ziren kalean eta URSSAko lantegi abandonatuan bizitzen ari diren pertsonak auzoko zenbait etxetan sartzeko asmoz, gero eta modu oldarkorragoan, azkenerako zenbait pertsona larri zauritu arte; nola izan zuten Ertzaintzaren babes zuzena; nola jakin zuten Ertzaintzak berak bidali zituela Errekaleorrera. Azken hori baieztatzen duen lekukotasun bat argitaratu dute astelehen goizean Hala Bedik eta Arabako Alea-k. ARGIAren Polizia gehiegikeriak kanalean daude irakurgai gertakari horiek guztiak jaso zituzten albisteak.
Datu berririk ere eman dute. Esaterako, maiatzaren 14ko goizaldeko eraso bortitzean larri zauritutako Errekaleorreko kidea ospitalean ingresatuta egon zela asteartera arte, buru-hezurra eta beso bat apurtu zizkiotela, eta oraindik begi bateko ikusmena galduta duela. Salatu dute maiatzaren 13ko arratsaldean Ertzaintza zuzenean saiatu zela kalean bizitzen dauden pertsonak sartu zitezen jadanik okupatuta dagoen etxe batera, baimenik gabe etxean bertan sartuta eta URSSAko gazteak sartzera gonbidatuta.
Horren guztiaren aurrean “Gasteiztik, Euskal Herritik eta mundutik” jasotako elkartasun handia eskertu du Errekaleorrek, 2017an auzoari argia moztu ziotenean jaso zutena gogoratuta. “Ertzaintzaren jokaldi honek berriz erakutsi du Errekaleor Bizirik ez dagoela bakarrik”.

Ideologia faxista oinarrian
Gertatutako guztiaren oinarrian “ideologia faxista” dagoela salatu dute Gasteizko eragileek. Gogoratu dute Vox alderdia aste batzuk lehenago auzoan agertu zela, “‘okupa nazional’ eta ‘okupa
migratuen’ arteko dikotomia eta talka faltsua sustatzeko”, eta arrazoibide bera elikatu dutela Ertzaintzak, bere arduradun politikoek zein hiriko zenbait alderdik.
Leporatu diete arrazakeria eta zapalduen arteko banaketa sustatzea, “zapaltzen gaituztenen aurkako borroka” bateratua ekiditeko. “Nazkagarria da kalean dauden pertsonen egoeraren instrumentalizazioa”, gehitu dute: “Instituzioetatik irtenbiderik eskaintzen ez dieten bitartean, jazarriak eta haien bizilekuetatik kaleratuak dira egunero. Errepresioa besterik ez dute jasotzen,
eta oraingo honetan, haien egoera baliatu dute egun hauetako egoera ahalbidetzeko”.
Maider Etxebarria alkatearen eta Bingen Zupiria Segurtasun sailburuaren adierazpenak kritikatu dituzte beren beregi, logika faxista horiek “elikatu” dituztelakoan. Alkateari leporatu diote “bere hirian” kalean bizi diren pertsonen “erantzukizun politikoa” ez onartzea, eta etxebizitzaren arazoa “arindu” lezaketen neurririk ere ez hartzea. “Zupiriak, aldiz, Ertzaintzaren arduradun gisa, agenteen jokaldia ikertu beharrean, Ertzaintzaren jarduna defenditu du, kontutan hartu gabe Errekaleorren gertatutakoak duen larritasuna”.
Eskaerak erakundeei eta Ertzaintzari
Agerraldia deitu duten eragileek azpimarratu dute Errekaleor “babesten jarraituko” dutela, eta hainbat eskaera egin dituzte.
Udalari eskatu diote URSSAko lantegi abandonatuan bizi diren 100 pertsonarentzako zein beste lantegi batzuetan eta hiri osoan kalean dauden guztientzako “irtenbide duin bat” bermatzeko, besteak beste, “hirian dauden etxebizitza hutsak” erabilita. Eta gelditu ditzala pertsona horien aurkako kaleratzeak eta polizia jazarpena. Segurtasun Sailari eskatu diote barne ikerketa abiatzea, ardurak argitzea eta neurriak hartzea.
Gogoratu dute Espainiako Poliziaren arkupetan hilabeteak daramatzatela bizitzen Malitik heldutako 50 pertsona inguruk, asilo eskaera egin dutenek. Arabako erakundeei eskatu diete beraien eskaerak bideratu bitartean “itxaronaldi duin bat bermatzea”; Eusko Jaurlaritzari “harrera prozesuak bizkortzea”; eta Espainiako Gobernuari hitzorduen sistema “desblokeatzeko neurriak” hartzea.
URSSAko pertsonekin bilera
Azaldu dute iragan ostiralean URSSA lantegian bizi diren pertsonekin bilera egin zutela, eta salatu dute argindarrik eta urik gabe bizi direla, zikinkeriaz eta arratoiez inguratuta.
Haiek helarazitako beste bi eskaera ere gehitu dizkiete aurretik aipatutakoei, bere eginda: batetik, “CMAS edo aterpe bezalako harrera sozialeko zentroak prestatzea, irekitzea eta baliabide publikoak areagotzea, eta, bestetik, “etxebizitza duinetarako sarbidea eta errolda eskuratzeko eskubidea bermatzea”.
Kalean bizi diren pertsonak irteerarik gabeko egoera batera kondenatzen dituztela salatu dute: “Administrazio egoera irregularrean daudenez, lana lortzeko ezintasunak dituzte, horrek etxebizitza lortzeko ezintasuna sortzen du, eta horrekin batera errolda lortzeko oztopoak, errolda eskubide bat den arren, jakinaren gainean gaudenez hori ere negozioa bilakatu da. Horrek guztiak egoera irregularrean egotera behartzen ditu, eta egoera iraunarazi egiten da”.

Faxismoaren aurka, elkarlana
Erakundeei eskaerak egiteaz gain, nork bere eremuan zein faxismoaren aurka elkarlanean aritzeko konpromisoa agertu dute 47 eragileek: “Bakoitzak bere eremuan borrokan jarraitzen duen bitartean, gure arteko harremanak trinkotuko ditugu Euskal Herrian ere gailentzen ari den diskurtso, ideologia eta praktika faxista geratzeko, eta pertsona guztion bizitza mehatxatzen duen faxismoa geratuko duen harresia eraikitzeko herri boterea indartuko dugu”.
Hain zuzen ere, elkartasuna adierazi diete Ertzaintzak larunbatean kolpatu eta atxilotu zituen Global Sumud Flotillako kideei, igandean polizia berberaren erasoa jasan zuten Alaves futbol taldeko zaleei, eta bi asteburu direla Alde Zaharreko Aiztogile kalean beren esku hartze biolentoa sufritu zuten auzokideei.
Hauek dira agerraldia deitu duten eragileak:
Adurtzako Aniztasun Taldea
Adurtzako Gazteak
Adurzaha Ehuntzen
Araba Bizirik
Arabako Pentsionistak
Argilan – ESK
Ariznabarrako Jai Batzordea
Askapena
Auzoan Bizi
Auzolana Pilotalekua
Bachué Elkartea
Batuta
BDZ Araba
Derecho a techo – Inor ez etxerik gabe
Emakumeok gerraren aurka
Ernai
Errekaleor Bizirik
Errota Zaharra Auzo Elkartea
ESK
Gasteiz Anitza
Gasteiz Antirrazista
Gasteizko Arrazakeriaren Aurkako Asanblada
Gasteizko Gaztetxea
Gasteizko GKS
Gasteizko IAS
Gasteizko Itaia
Gasteizko Mugimendu Feminista
Gasteizkoak Talde Antimilitarista
Herrizoma
Iraultza 1921
Jardun
Judimendiko Auzo Elkartea
Judimendiko Gazte Asanblada
Kontseilu Sozialista Gasteiz
LAB
Oinharri
Ongi Etorri Errefuxiatuak
Osasun Publikoa Aurrera Gasteiz
Salburuko Harrera Sarea
Sanitarioak Palestinarekin Euskal Herria
Sare Antifaxista
Setem Hego Haizea
SOS Arrazakeria
Steilas
Sumendi Espazioa
Zaharraz Harro
ZAPateneo