Errekaleor: “Gure integritate fisikoa arriskuan ikusten dugu, gaur eta hurrengo egunetan etor daitekeenak kezkatzen gaitu”

  • Ostegun gauean urgentziazko oharra argitaratu du Gasteizko auzo okupatuak. Asteazkenean Poliziak auzoa hartu zuen, eta kale egoeran dauden hainbat pertsona etxebizitza batzuetan sartzen saiatu ziren auzokideak bortizki kolpatu eta bi kide larri zaurituta. Ertzaintza egin dute gertatuaren erantzule: “Poliziak erasoa sustatu, artikulatu eta babestu zuen”. Eta arriskuaz ohartarazi dute: “Jakin dugu gaurkoan erasoa errepikatzeko asmoa dutela atzo etorritako pertsonek, eta ‘hobeto prestatuta’ etorriko direla esan dute”.

Asteazken goizaldeko erasoan Errekaleorreko bi auzokide larri zauritu dituzte. Batek ingresatuta jarraitzen du ostegun gauean, eta burezurreko hainbat hezur hautsita ditu. Errekaleor

2026ko maiatzaren 14an - 22:09
Azken eguneraketa: 2026-05-15 07:32
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ostegun goizean oharra bidali du Errekaleorrek, asteazkeneko “eraso larria” salatzeko. Bigarren komunikatu honetan gertatutakoaren inguruko informazio berria eman du, “egoeraren larritasunaz eta arriskuaz” ohartarazteko.

Hau da, hitzez hitz, asteazkenean gertatutakoaz auzo okupatuak eman duen informazioa:

"Atzo [asteazkena] gure auzotik gertu dagoen URSSA fabrikan [abandonatutako lantegi bat, bertan bizi dira aspalditik kale egoeran dauden hainbat pertsona] bizi diren hamabost pertsona inguru modu oldarkorrean etorri ziren auzora, gure etxeetako batean indarrez sartzeko asmoz. Euren esanetan, Poliziak bidali zituen, eta euren babespean sentitzen zirelarik jokatu zuten uneoro. Egunean tentsioz beteriko bi saiakeren ostean, eta Ertzaintzaren aldetik jarrera eta jokabide negargarriak jaso ostean, gauean zer gerta zitekeen zain geratu ginen, kezkaturik.

Gure kezkak bazuen oinarria: ordu biak aldera (ordura arte auzoko sarreran zaintzan egondako [Poliziaren] patruilak alde egin eta berehala) hamarnaka pertsona etorri ziren auzora, makil, burdin eta harriekin armaturik, eta zuzenean erasotu gintuzten. Erasoak hainbat zauritu utzi zituen, horietako bat larria, eta anbulantzia deitzerakoan ertzainak ere agertu ziren: zaurituaren ongizatea albo batera utzita, gertatutakoari probokazioz eta mespretxuz beteriko iruzkinak egin zituzten. Gaur [osteguna], arratsaldeko zazpietan, gure kideak ingresatuta jarraitzen du. Harrikada batek kolpatuta burezurreko hainbat hezur hautsita ditu".

Goizeko oharrean, gerora erasoa egingo zuten pertsonak auzora lehen aldiz agertu zirenean zer gertatu zen azaldu zuen Errekaleorrek: 

"Kale egoeran dauden hainbat pertsona etorri dira, proiektua osatzen duten etxeetako batean sartzeko asmoarekin. Ez da lehenengo aldia, eta aurreko guztietan bezala, proiektura sartzeko bideak zeintzuk diren azaldu diegu, eskura izan ditzaketen baliabideak eta aukerak aurkeztuta, eta horietara laguntzeko prestutasuna adierazita. Horren aurrean, euren erantzuna Poliziak hona bidali dituela izan da".

Auzoak “zaurgarritasun egoeran” dauden herritarren “instrumentalizazioa” salatu du: “Etxebizitza eskubidea bermatu beharko luketenen utzikeriari poliziaren estrategia zitala gehitzen zaio”.

Ertzaintza eta bere arduradunak "gertatu daitekeenaren erantzule"

Errekaleorrek lehen komunikatuan salatu du erasoaren “atzean” Ertzaintza dagoela. Gaueko komunikatuan urrunago joan da. Ziurtatu du erasoa Poliziak “sustatu, artikulatu eta babestu” zuela, eta azpimarratu dute baieztapena ez dutela “modu arinean” egin: “URSSA lantegia okupatzen dabilen jendearen aldetik hau baieztatzen duten zuzeneko testigantzak jaso ditugu”.

Hurrengo ordu eta egunetan gertatu daitekeenaren inguruan duten kezka sakonaren zergatia azaldu du proiektu komunitarioak: “Jakin dugu ere gaurkoan erasoa errepikatzeko asmoa dutela atzo etorritako pertsonek, eta ‘hobeto prestatuta’ etorriko direla esan dute”.

Ohartarazpen batekin amaitu dute oharra: “Atzoko ondorio lazgarrien zein gaur gertatu daitekeenaren erantzule zuzena Ertzaintza dela salatzen dugu, argi eta ozen. Ertzainena zein haiek zuzentzen eta babesten dituzten arduradun politikoena”.


Polizia gehiegikeriak kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 11
Ertzaintzak herritar bat pistolaz apuntatu du eta lekukoak mehatxatu ditu
LEKUKOTASUNA | “Poliziak auzoan darabilen biolentziarekin nazkatuta nago”

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.