Errehabilitazioa online egiteko zerbitzu pilotu bat martxan jarri du Osakidetzak

  • Apirilaren 20an hasi da zerbitzua, eta momentuz, Arabako ESIko Salburuako, Zabalganako eta Aranbizkarra II-ko osasun zentroetan probatzen ari dira. Asmoa online zein aurrez aurreko saioak eskaintzea da.


2026ko apirilaren 24an - 06:28
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Lehen mailako arretan errehabilitazioa online eta aurrez aurre egiteko zerbitzu bat abiatu du Osakidetzak. Momentuz, sorbaldako, lunbarretako eta lepoko patologia duten pazienteak izanen dira zerbitzu hibridoa probatzen duten lehenak. Proiektu pilotu bat da, eta asmoa Osakidetza osora zabaltzea da. Horretarako, datozen hilabeteetan, besteak beste, erabiltzaileen gogobetetzea, eraginkortasuna eta kalitatea aztertuko dituzte.

Zerbitzu berria probatzen ari diren pazienteek orain arte aurrez aurreko hamabi talde saio zituzten. Sei eta zortzi aste arteko epean jasotzen zuten errehabilitazioa. Bertan, berreskuratzeko, indartzeko eta mina kontrolatzeko ariketa terapeutikoak egiten zituzten. Osakidetzak jakinarazi duenez, kasu askotan terapiak “laburragoak” izaten dira, “oso zaila” delako erabiltzaileen eguneko ardurekin uztartzea. Programa berriaren bidez, aurrez aurreko zortzi saio eta sei asteko online jarduerak izanen dituzte. “Proiektuari esker plan terapeutikoak egokiagoak, erosoagoak eta malguagoak izango dira. Horrez gain, Osakidetzako fisioterapeuten jarraipen profesionala izanen dute errekuperazio-prozesua eraginkorra izan dadin”, esan du Osakidetzak.

Neurria Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Euskadiko Osasun Itunean hartutako konpromisoen barruan kokatzen da. Itunak Osakidetzaren “eraldaketa digitala” eta osasun arreta “berritzeko” ardura nabarmentzen du. Xedea da arreta “hurbilagoa”, “ekitatiboagoa” eta “efizienteagoa” izatea. Osakidetzaren arabera, proiektuak tratamenduarekiko atxikimendua “hobetu”, eta jarraikortasun asistentziala “bermatzen” du. Horrekin batera, “alferrikako” joan-etorriak saihesten ditu. 


Irakurri gehiago: Osakidetza Gizartea Osasuna
Osakidetza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.