Nikaraguarra da Navarrete, zortzi urte daramatza Iruñean bizitzen eta pozik agertu da Espainiako Gobernuak migratzaileak erregularizatzeko zabaldu duen prozesuarekin. Pozik bezain kritiko, iragarpena “berandu datorrelako”. Larunbat honetan, hilaren 28an, ospatuko dute lorpena Iruñean.
Zein balorazio egiten duzue Espainiako Gobernuak iragarritako migratzaileen erregularizazio prozesuaz?
Oso pozik gaude erregularizazio dekretuarekin, oso beharrezkoa da, baina aldi berean, harekiko begirada kritikoa ere badugu, sei urte berandu datorrelako. Kontuan hartu behar da hau guztia 2020. urtean hasi zela, pandemia garaian, Espainiako Gobernuak herritarrak etxean konfinatu zituenean. Orduan, guk eskatu genuen herritar guztien erregularizatzea, denek eskubide sozialak izan ahal izateko. Erantzun ziguten hori ezinezkoa zela, legearen aurkakoa zela. Hori lortzeko SOS Arrazakeriak eta beste talde askok ekin genion Erregularizazioa orain! Kanpainari, Espainiako Kongresuan EHL Herri Ekimen Legegilea abiarazi eta erregularizazio hori lortzeko.
Esaten da erregularizazio prozesuak 500.000 bat pertsonari eragingo diola. Zenbat gera daitezke kanpo? Ba al duzue kalkulurik?
Ez dago kalkulurik, gai honetan informazio hutsune handia dagoelako. EHLrako datuak biltzen aritu ginenean 500.000 aipatzen ziren, eta esaten zen horietatik 200.000 bat estatuan jaiotakoak zirela; horiek beren gurasoen egoera administratiboa bizkarreratzen zuten, hau da, legez erregulatu gabeko egoeran egotea.
Datuak erroldetakoak dira eta zaila da kopuruak aipatzea, baina gure ustez gaur egun 600.000-700.000 izan daitezke erregularizatu gabekoak. Migratzaileek lor ditzakete Atzerritarren Legeak eskatzen dituen baldintzetako batzuk, baina hurrengo urtean galdu ere bai, baimen denak lanari lotuta daudelako, produkzioan egoteari lotuta. Pertsona askok orain paperak badituzte ere, agian datorren urtean ez dituzte, lanik ez dutelako. Herrialde honetan dena neurtzen da errolden bidez, baina jende asko dago errolda horietatik kanpo, eta beraz, errolda horien inguruan antolatutako eskubiderik gabe.
Orduan, horren arabera, jende asko geldituko da erregularizazio prozesu honetatik kanpo.
Bai. Batetik, testuaren zirriborroan esaten denez, zigor aurrekariak dituztenak kanpo geldituko dira. Eskuinak aspaldian sortu zuen migratzaile on eta gaiztoen arteko narratiba, eta ezkerrak erosi egin dio. Bestetik, Afrikako jende asko ere kanpo geldituko da, izan euren kontsulatuetan behar dituztenak lortzeko arazoak dituztelako, izan prozedurak eskatzen dituen tramiteak egiteko dirurik ez dutelako. Horregatik, gu biziki kezkatzen gaitu erregularizazio epeak.
Zuek zer eskatuko zeniokete Espainiako Gobernuari erregularizazio prozesua azkarragoa eta gizatiarragoa izan dadin?
Lehenik, oraingo dekretuari begira bi hilabeteko epea zabaldu dadila. Ikusten dugu bulegoak gainezka daudela eta, hortaz, gutxienez sei hilabeteko epea eskatzen dugu, jendeak bere dokumentazio guztia txukun biltzeko aukera izan dezan. Bigarrenik, guk EHLrako prestatu genuen testua onartzea. Han eskatzen zen 500.000 pertsonentzako erregularizazioa, baina baldintzarik gabe, zigor aurrekariak zituzten pertsonak barne. Eta hirugarrenik, dekretuan arautzen da erregularizazio eskubidea izango dutela 2025eko abenduaren 31a baino lehenago estatuan bizi zirenak, eta guk eskatzen dugu epe horrekin oso malgu jokatzeko, estatuan bizi den jende askok zailtasunak dituelako errolda agiriak lortzeko, eta hori da orain arte hemen bizi zarela erakusteko onartzen den agiri bakarra.
Azaldu dezakezu zergatik gertatzen den hori?
Askorentzat irtenbiderik gabeko zirkulua da: ez nago erroldaturik, erroldatua egoteko nonbaiten bizi naizela frogatu behar dut, baina ez dut etxerik, inork ez dit etxebizitzarik alokatzen... Gero eta jende gehiago ikusten dugu kalean egoera horretan, hemen Iruñean eta estatu osoan. Jende horrek bereziki kezkatzen gaitu.
Eta hala ere, kritiko baina pozik zaudete, eta larunbatean egun osoko egitarauarekin espatuko duzue Iruñean.
Bai, otsailaren 28an Iruñeko mugimendu sozialaren hainbat eragile bilduko gara, eta oso pozik gaude erregularizazio prozesua ospatu behar dugulako. Gauza hauek ospatu egin behar dira, eta gure zeregina da ospatzeko denbora bilatzea, ospatzea aldarrikatzeko beste modu bat da eta.
Besterik aipatu nahi duzu?
Diru-bilketa kanpaina bat ere abiarazi behar dugu, oraintsu aipatu dugun kalean bizi den jende horri lagundu ahal izateko. Horietako askok ez dute erregularizazio prozesuak eskatzen duen diruari aurre egiteko baldintzarik, eta guk horretan lagundu nahi dugu. Hemendik eta otsailaren amaiera arte, erregularizazio epea bukatu arte, ekitaldi ugari egingo dugu prozesua politizatzeko. Gainera, erregularizazio prozesu hau, batez ere, antolatuta dagoen migratzaileen mugimenduaren garaipena da.
Hemen hilaren 28rako prestatu duten egitaraua:
