Erregearen bila, erregina aurkitu genuen

  • Erlauntzaren aurrean gelditzen naizen bakoitzean gauza bera gertatzen zait. Milaka erle ditut begien aurrean, baina badakit haietako bat bakarra dela denek bilatzen dutena. Ni ere haren bila hasten naiz. Ez da beti erraza izaten. Erlauntza osoa zeharkatu dezaket ikusi gabe. Baina azaltzen denean, dena aldatzen da. Erlauntza osoaren bihotza aurkitu izanaren sentsazioa izaten dut.

Balerdipeko Erleak

2026ko urriaren 26a - 05:00
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Bitxia da, ordea, gizakiok mendeetan bihotz hori gaizki ulertu izana.

Erleak behatzen lehenetariko bat Aristoteles izan zen. Natura ulertzeko ahalegin handia egin zuen, baina erlauntzaren erdigunean zegoen erlea erregea zela idatzi zuen. Ez zen bera bakarrik izan. Mende luzez Europa osoan gauza bera sinetsi zen. Erlauntza baten buru izateko, ezinbestean arra izan behar zuela pentsatu genuen.

Gizakiak ikusi nahi zuena ikusi zuen.

Mende asko igaro ziren arrautzak jartzen zituena eme bakarra zela ulertu genuen arte. Orduan hasi ginen erregina deitzen. Baina gaur egun zalantza egiten dut ea izen hori bera ere egokia den.

Erreginak ez baitu agintzen guk ulertzen dugun moduan. Ez dio inori agindurik ematen, ez du zigorrik ezartzen, ez du inor gobernatzen. Bere presentziak lotzen du familia osoa, eta egunero ehunka edo milaka arrautza jarriz bermatzen du erlauntzaren etorkizuna.

Erlauntzaren bizitza ez dago boterean oinarrituta; jarraipenean dago, bizia etengabe berritzean. Horregatik gustatzen zaizkit euskaraz erabiltzen diren izen zaharrak. Herri batzuetan erlama esaten zaio; beste batzuetan, erlanderea. Bi hitzek badute gertutasuna, etxeko usaina. Ez dira jauregi bateko erreginaren izenak. Bertako izenak dira.

Erlauntzaren erdian ez dago tronurik. Bizia ematen duen erle bat dago.

Zenbat eta denbora gehiago eman erleen artean, orduan eta gehiago pentsatzen dut gizakiok askotan ez diogula naturari begiratzen; geure burua ikusten dugula naturan. Horregatik ikusi zuten errege bat erreginaren tokian. Gure gizartearen ispiluari begiratu genion, ez erleei.

Erleek, ordea, ez zuten Aristoteles zuzendu. Ez zuten libururik idatzi. Ez zuten ezer azaldu. Isilean jarraitu zuten, azken milaka urteotan egin dutena.

Guk izena aldatu genion. Haiek ez.

Eta gaur ere, erlauntza irekitzen dudan bakoitzean, erreginaren bila hasten naiz. Baina badakit aurkitzen dudanean ez dudala agintari bat aurkituko. Ez duela kororik. Erleek ez baitute sekula erregerik izan.

Gu izan ginen hura asmatu genuenak. 


Ingurumena kanalean gehiago
2026ko azaroaren 9
Itsas luzokerra
Itsas hondoko lorezainak

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.