Errealismo magikoa


2026ko irailaren 19an - 07:00
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

74. zinemaldiari hasiera emateko, Werner Herzog zinegile entzutetsuaren Bucking Fastard (Mabroi Kadarikatua) pelikula bitxia izan da nire aukera. Filmografia zabala duen zuzendaria da Herzog, aspaldi hasi baitzen egiten zinema eta dokumentalak (nahiz eta berak ez hala deitu). Bucking Fastard lan berezia da, mundu errealeko bi ahizparen bizitzan oinarrituta, istorio original eta desberdina kontatzen duena.

Jean Holbrooke (Kate Mara) eta Joan Holbrooke (Rooney Mara) bi ahizpa berdin-berdin dira. Beraiek ez direla bikiak esaten badute ere, aldi berean hitz egiten dute hitz berberak erabilita, berdin janzten dira, amets berberak dituzte eta gizon bera maite dute. Filma epaiketa batean hasi da: Holbrooke ahizpek Gareth Mulroney (Orlando Bloom) jazartzen omen dute, berarekin maiteminduta daudelako. Epaiketa izugarri bitxia da, bi ahizpak batera igo dira deklaratzera, eta aldi berean hasi dira hizketan. Esan dute Mulroney maite dutela eta hark beraiek maite dituela. Egin dituzten erokeria guztiak zuritzen hasiko dira, horrenbesterako ez balira bezala.

Kontua da erokeria horiek benetan ez dutela ez buru, ez hanka, eta ateraldi barregarri eta arraroen ondorioz, ikusleak ez du jakingo zer gertatzen ari den. Hortxe, nire buruak erabaki du, ebatzi beharreko misterio baten aurrean balego legez, guztiaren jatorria bilatzen hasi nahi zuela. Hamar minuturen buruan, ordea, ohartu naiz alferreko ariketa jarri diodala neure buruari; Bucking Fastard datorren bezala ikusi beharreko pelikula da.

Arrarotasunak aise gogorarazi dit 2023an estreinaturiko Poor Things (Izaki gaixoak) filma. Estilistikoki desberdina bada ere, badu nolabaiteko tankera. Baina, are gehiago, errealismo magikoaren eta, bereziki, Gabriel García Marquezen Cien años de soledad (Ehun urteko bakardadea) liburuaren antza handia hartu diot. Areago, konexioa egin dudanean, nolabait neure buruan filma narratzen ariko banintz bezala hasi naiz, ikusten ari nintzenari hitzak jarrita. Eta, liburua irakurri nuenean bezala, guztia ulertzen saiatu beharrean, istorioa jarraitu eta datorren bezala hartzeko jarrerari esker askoz gehiago gozatu dut. Gidoi sinesgaitza, errealismo magikoko elementuak, protagonisten berezitasun hori, elkarrizketa interesgarriak: filma David Lynchi eskaini badio, zerbaitegatik izango da.


Zinemaldia 2026 kanalean gehiago
2026ko irailaren 27
Azken agurra
Umore bisuala

2026ko irailaren 27
Josephine
Egoera latzari aurre

2026ko irailaren 25
The debut
Magikoa eta zoroa

2026ko irailaren 25
Bloques erráticos
Ez du nondik heldu

2026ko irailaren 24
Tender loving care
Zaintzaren ikuspegi desberdinak

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.