Otsailaren 26an egin zen publiko ARGIAren Fototeka, 100.000 argazki baino gehiago jasotzen dituena. Lizentzia libreko munduko argazki-banku handienetako bat da eta albisteak eragindako oihartzunaren berri emango da jarraian.
Urtzi Urkizu kazetariak Herri ondarea herritar guztien eskura izeneko erreportajean jorratu du gaia Berria egunkarian. Fototeka digitalean 1960ko hamarkadatik aurrerako gai ezberdinen inguruko 100.000 argazki baino gehiago eskegi izana nabarmendu du eta ARGIA-ko Urko Apaolazarekin hitz egin du. “Herri ondare bat da, eta ez zuen zentzurik karpetetan edo disko gogor batean ahaztuta edukitzeak”, adierazi du Apaolazak. Horrekin batera, Fototekako hamabost argazki argitaratu dituzte Argia-k 101.700 argazki baino gehiago jarri ditu Fototeka digital publikoan izeneko bilduman. Horien artean, 1967an Lourdes Iriondo eta Xabier Letek emandako kontzertua, Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuza senar-emazteak eta 1976an torturatutako Anparo Arangoarena.
Sustatu interneteko albistegiak, Argiak 100.000 argazkiko fototeka egin du publiko sarean izenburuarekin eman du berria. Azpimarratu du argitalpenak lizentzia librean egin direla eta argazkiak kalitate handian deskargatzeko aukera dagoela. Gainera, Euskal Herriko eduki libreko irudi-banku handiena dela jaso du, baita munduko handienetako bat ere. ARGIA-ko kideen ondorengo hitzak jaso ditu: “1970eko eta 1980ko hamarkadako argazkiak: manifestazioak, atentatuak, protesta ekosozialak, euskalgintzako mugimenduaren ekimenak, bertso jaialdiak… Milaka argazki dira, asko sinadurarik gabeak, erredakzioko garai hartako kazetariek edo kolaboratzaileek eginak”. Baita M8ko manifestazioen, herri harresien, edo greba orokorren irudiak ere jasotzen direla ere.
Naiz-ek berriz, Argia Fototeka, Euskal Herriko 100.000 argazki lizentzia librean izenburuarekin jaso du albistea. Aipaturikoekin batera, nabarmendu du 700 argazkilarik baino gehiagok egindako ekarpenaren isla dela. Jakinarazi du argazkiak Creative Commons lizentzia librean argitaratu direla eta erabiltzaileek lizentzien baldintzak errespetatu beharko dituztela. “Fototekaren helburuetako bat, argazkilarien lana ahalik eta modu onenean antolatzeaz eta ikustarazteaz gain, argazkien erabilera egokia egiten dela bermatzea da” jaso dituzte ARGIAko kideen hitzak.
Euskadi Irratian Baipasa saioan elkarrizketa egin diote ARGIAko Fototekan prestatzen aritu den lantaldeko kide Axier Lopezi. 2:09:00tik aurrera entzun daiteke eta egindako lanaren berri ematen du. Gonbita egin du argazkiak bidaltzera eta argazkietan dagoen informazioa osatzera.
Sare sozialetan ere ugari izan dira Fototekaren albisteari erantzun dioten herritar eta eragileak. Jarraian zenbait:
Jon Mikel Intsaustik: “Itzela. Zorionak urrats hau emateagatik, eta lizentzia librean zabaltzeagatik” (Mastodonen).
Euskarazko Wikipediak: “Hau bai albiste handia: 100.000 argazki publiko lizentzia librean. Eskerrik asko @argia Euskal Herriaren memoria grafikoa guztiontzat irekitzeagatik! Zorionak egindakoagatik!” (Mastodonen).
Ana Galarraga Aiestaran: “Bejondeizuela!!” (Mastodonen).
Dabid Martinez: “Lan itzela eta ekarpen ederra jakintza askeari! Gainera, aurkikuntza moloia egin dut: ez nuen Anubis softwarea ezagutzen eta oso interesgarria iruditu zait. "Hau agertu zaizu, webgune honen administratzaileak Anubis konfiguratu duelako babes bezala, adimen artifizialeko enpresek edukiak agresiboki erauztea saihesteko." (Eta adimen artifiziala letra xehez idaztea... maite zaituztet, arraioa! ��)” (Mastodonen).
Luistxo Fernandez: “Super-super eskerrik asko eta zorionak benetan. "Denak lizentzia librean" diozue albistean baina asko, egilea identifikatzerik izan ez denean, ez daude (logikoki, bestalde) hala markatuta... adibidez Koldo Mitxelena adibideko estekan. Hauek ze egoera edo linbotan daude? https://fototeka.argia.eus/index.php/B“ (Mastodonen).