Errausketaren aurkako giza kate luzeak Kontxa inguratu du

  • Errausketaren aurkako eta osasunaren aldeko mezua, Kontxako hondartzaraino eraman du ehunka lagunek osatu duten giza kateak.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2019ko irailaren 09an - 08:26
Erraustegiaren aurkako mobilizazioa Donostiako Kontxa hondartzan egin zen irailaren 8an. Argazkia: Noaua.

Parte hartzaile beterano batek aipatu digunez hamaseigarren giza katea zen gaurkoa Donostiako Kontxa hondartzan. Oraingoa berezia, erraustegia ofizialki martxan jartzear den honetan egin baita. Errausketaren aurkako eta osasunaren aldeko borrokak urte luzez bizirik iraun du. Baina argi diote deitzaileek, etsi ez, eta borrokan jarraitzeko asmo irmoa dute. 

Donostiako igande honetako (irailak 8) mobilizazioa izan da horren adibide argia. Errausketaren aurkako giza kate luzea osatu eta hondartza bera inguratu dute herritarrek. "Osasuna bai, errausketarik ez" aldarri handiak abiarazi du giza katea Alderdi Ederretik hondartzara. Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia ospatu den artean errausketaren aurkako aldarriez bete dute hiriburuko itsasertza. Txoko ezberdinetako gipuzkoarrak batu dituen mobilizazioan, Zubieta edota Usurbilgo ordezkaritzarik ez da falta izan noski. Eta giza katean zehar, errausketaren aurka eta osasunaren alde etenik izan ez duten oihuak.

Giza katera begirako deitzaileen oharra

Aurreko urte askotan bezala Errausketaren Aurkako Mugimenduak, talde politiko, ekologista, sindikatu eta abarren laguntzaz, giza katea antolatu du irailaren 8an goizeko 11:30ean Kontxako hondartzan.

 

Aurtengoan egoera berri baten aurrean aurkitzen gara: Donostiako erraustegia eraikita dago eta edozein egunetan hasiko da zaborra erretzen. Honek ez du aldatuko gure borroka eta aldarrikapena berbera izango da: erraustegia gelditu. 2018an Gipuzkoan sortutako errefusa erraustegiak erre dezakeenaren erdia izan da gutxi gorabehera eta gutxitzeko joerarekin jarraitzen du urtez urte. Galdera zuzena doakie gure agintariei eta erraustegia kudeatuko duen Urbaser enpresa txinatarrari: nola osatuko duzue eraikitako monstruoa elikatzeko beharrezkoa den zaborra? Zaborra inportatzen hasiko al zarete Europako hainbat erraustegiek egiten duten moduan?

Erraustegiak zabor gehiago behar du erre ahal izateko, nahiz eta Donostiak egiten duen ekarpena ikaragarria izan: 2018an Donostia izan zen biztanleko errefus gehien sortu zuen Gipuzkoako herria (288 kg), beste herri gehienek 100 kg biztanleko sortu zuten bitartean eta bataz bestekoa 160 kg izan zenean. Donostiako Udalak duen jarrera salatu behar dugu, azken lau urteetan ez baitu ezer egin egoera nazkagarri hau aldatzeko; baina ulergarria da haien ikuspegitik: Donostiak bakarrik erraustegiak behar duen erregaiaren zati handiena sortzen du eta Gipuzkoa beste herri gehienen bidea jarraituz gero, are eta larriagoa litzateke erretzeko zabor eskasia. Donostiak erraustegia behar du eta erraustegiak Donostia behar du!

Askotan hitz egin dugu erraustegiak airea eta lurra kutsatuko dizkigula, gaixotasunak sortuko dituela... Gaurkoan erraustegiak isuritako gasek klima aldaketan izango duten eragina azpimarratu nahi dugu. Erraustegian erretako zabor kilo bakoitzeko gutxi gorabehera kilo bat CO2 sortuko da eta erraustegiak urtean isuriko dituen nitrogeno oxido kopurua 150.000 turismo dieselek, bakoitzak 10.000 km eginez aireraturikoaren parekoa izango da. Gogoratu hauek direla, metanoarekin batera, gure planeta galbidera daramaten gas kaltegarrienak. Ikuspegi honetatik ere erraustegia izango da Gipuzkoako enpresa kutsagarrienetakoa, klima aldaketa areagotzen gehien lagunduko duena.

Gure agintariei klimari buruzko hitz potoloez gain, benetako neurriak ezartzea eskatzen diegu, eta neurri hauek ekonomia zirkularraren bidetik pasa behar dute nahita ez: murriztu (batez ere plastikoen erabilpena), berrerabili, birziklatu, konpostatu eta geratzen den errefusa egonkortu ondoren zabortegira bidali.

Gure seme-alabentzat, gure bilobentzat planeta bizigarria nahi baldin badugu, ezin dugu biharko utzi. Berehala hasi behar dugu gure ohiturak aldatzen eta politikari eta agintariei eskatzen utz dezatela alde batera negozioen bidea eta etorkizun jasangarri baten alde jar ditzatela bitartekoak.

Ez dugu etsiko: planeta bizigarri baten alde gaude eta horregatik ezin dugu onartu erraustegia.

Alternatiba, EHBildu, Equo, Sortu, Eguzki, Ekologistak Martxan, Greenpeace, CCOO, EHNE, LAB...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako erraustegia
Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-11-17 | Irutxuloko Hitza
GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiaren ikuskaritza bat eskatu du batzar nagusietan

GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiarekiko duten jarrera ukatzailea aurpegiratu zieten foru agintariei asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. GuraSOSen bozeramaile eta abokatu Joseba Belaustegik azaldu zuenez, egungo arazoen aurrean beste alde... [+]


Jose Ignacio Asensio ikerketapean dago, ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik

Ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat egin ote duen eta dokumentuak faltsutu dituen ala ez ikertzeko eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak, GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez.


Sutea piztu da berriz Zubietako erraustegian

Donostiako suhiltzaileek jakinarazi dutenez, erraustegiko biolehortze-plantan gertatu da ezbeharra.


Eguneraketa berriak daude