Erosketa orgen iraultza Donostian, salatzeko ez dela delitua “ogitartekoak banatzea”

  • Kaleko Afari Solidarioak egitasmoak deituta, ehunka lagun elkartu dira Donostiako Alde Zaharrean. Erosketako orgak eskuan, eta “afaltzea ez da delitua” oihuen artean, salatu dute Donostiako Udaltzaingoa herritarrei jazartzen ari zaiela, KASi afariak ematea debekatu ostean, ogitartekoak banatzen aritzeagatik.

"Ogitartekoak banatzea" ez dela delitua aldarrikatzeko egindako protesta Donostian, ortzegunean. Gari Garaialde

2026ko abuztuaren 28an - 10:34
Azken eguneraketa: 14:30
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Iraultza bakoitzak badu bere ikurra: xingola horia Katalunian, 2017ko erreferendumaren ostean independentisten aurkako jazarpena salatzeko; pertxa berdea Argentinan, abortu klandestinoen arrisku hilgarriak salatu, eta abortatzeko eskubidea aldarrikatzeko; igitaia eta mailua Errusiako Iraultzan, landako eta industriako langileen batasuna irudikatzeko; eta krabelinak Portugalen, 1974ko diktadura era baketsuan eraitsi zuen altxamendua burutzeko. Bada, Donostiak egun hauetan bizi duen iraultza partikularrak ere badu bere sinboloa: erosketa orgak.

Izan ere, ehunka lagunek egin dute protesta Gipuzkoako hiriburuan ortzegunean, erosketa orgak eskuan, “afaltzea eta ogitartekoak banatzea" ez dela delitua aldarrikatzeko. 19:30ean hasi du bakoitzak bere erosketa orga erakusteko desfile propioa Parte Zaharreko karriketan barrena. Zenbait pertsonak, gainera, mezuekin apaindu dituzte haien kapazuak: "Arriskua! Janari osasuntsua" edo "Kontuz! Maleta batean bokata asko ezkutatu daitezke. Adi turisten maletei!".

Ondoren, KAS Kaleko Afari Solidarioak egitasmoak deituta, Plaza Berrian elkartu dira denak. Hain zuzen, Donostiako Udalak egitasmo honi debekatu zion uztailaren 27an bere jarduna; hau da, kalean bizi diren eta baliabiderik ez duten herritarrei egunero otordu bero bat eskaintzea.

Elkartasuna, ordea, ez zen desagertu, eta herritarrak “erakundeak iristen ez diren tokietara iristen jarraitzeko” antolatu dira. Donostiako Udalak ez du hori begi onez ikusi, eta KASek adierazi du ordutik udaltzainek ogitartekoak borondatez banatzen dituztenak “identifikatu, zelatatu eta zigorrekin mehatxatu” dituztela. 

Argazkirik ere ez

Ogitartekoak banatzea soilik ez, argazkiak egitea ere "arriskutsua" omen da. Izan ere, KASek sare sozialetan zabaldu duen mezu baten arabera, asteazkenean hiru polizia patruila bertaratu ziren “ogitartekoekin janaria banatzera zihoazen pertsonei bidea mozteko”, eta horrez gain, operatiboaren arduradunak adierazi zien “ezin zela argazkirik atera”.

Ogitartekoak banatzea oztopatzeko hiru polizia patruila gerturatu ziren boluntarioengana, asteazkenean. KAS

Hori ikusita, KASek Donostiako Udalari galdegin dio ea "horrela erabiltzen diren udalaren baliabideak", eta zalantzan paratu du "zeren beldur diren": "Egiten dutena ikusiko ote den? Erregistratuta geratuko ote den?". Egitasmoko kideek adierazi dute egoera "zentzugabea dela", eta gero eta zailagoa dela udalaren jarrera entenditzea. "Erosketa orgatxo bat eramateak susmagarri egiten zaitu", gaitzetsi dute.

Hori dela eta, identifikatutako boluntarioei elkartasuna adierazteaz gain, mezu argia zabaldu dute Plaza Berriko eserialdian: ogitartekoak banatzea ez da delitua, ez eta inori jazartzeko arrazoia ere. Azkenik, ogitartekoak jan, eta sabela bete ondoren, ohartarazi dute ez dutela amore emanen, eta afariak banatzen jarraituko dutela aurrerantzean ere.  


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...