argia.eus
INPRIMATU
Ernaik 10 urte bete ditu "bizi eredu bizigarrien eta proiektu askatzaileen aldeko borrokan"
  • Ostegunean Ernai Gazte Antolakundearen urteurren borobila da. Duela hamar urte, 2013an, Lizarran aurkeztu zen. Egunean zehar ekimenak eginen dira hainbat herrietan. Iruñean, egitarau berezia antolatu dute.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2023ko martxoaren 03a
Ernairen sorrera ekitaldia Lizarran 2013an. Argazkia: Ernai

“Milaka gazterentzat askapen mugimenduan lehen pausoak emateko eskola izan da; eta da”, adierazi du Ernaik, antolakundearen hamargarren urteurrenean. “Independentzia eta sozialismoa borroka askatzaile berriekin txirikordatzeko jaio zen Ernai, eta jaio zen helburu berekin dihardugu gaur egun ere”. 2013ko martxoaren 2an aurkeztu zuten Ernai Lizarran. Gaur, 10 urte geroago, ospakizuna eta aldarrikapena uztartu dituzte.

Hamarkada bat ospatzeko, hainbat ekitaldi egin dituzte Hego Euskal Herriko unibertsitate eta hiriburuetan, horietako taldeen eskutik. Hitzaldiekin ekin diote egunari, eta hizlarien artean izan dira, besteak beste, Idurre Eskisabel, Floren Aoiz, Xabi Iraola, Ainhoa Bueno eta Andoni Olariaga. Jarraian, erakusketak, bazkariak, bertso saioak eta abar ere egin dituzte. Arratsaldean, kontzertu eskaintza zabalarekin emango diote amaiera egunari.

Krisi garaiak aukera garaiak ere badirela uste dute gazteek: “Gazteok boterea eskuratu, burujabe izan eta zapalkuntza oro gaindituko dituen borrokak sortu eta alternatibak eskuratzeko” lan egiten jarraituko dutela azpimarratu dute. Hain zuzen ere, ulerkera horren baitan abiatu zuten ikasturte hasieran Orain dugu aukera dena aldatzeko dinamika. Orain, hamargarren urteurrenaren baitan, antolakundea ezaugarritu duen herri eta auzokako lanean jarri nahi izan dute begirada, eta datozen asteetan Ari gara izeneko egunak antolatu dituzte Euskal Herri luze zabalean. “Gazteen bizi baldintza eta bizi eredu bizigarriak eskuratzea ipar, independentzia, sozialismoa eta feminismoaren proiektu politikoaren gaurkotasuna” aldarrikatuko dituzte, besteak beste.

Elorrioko gazte topagunea, hamarkada baten elkargune

Udaberriro legez, gazte antolakundeak milaka gazte batuko ditu aurten ere, apirilaren 6tik 9ra, Elorrion. Berezia izango da gainera 2023koa, hamargarren urteurrenaren testuinguruan baitator. Gaurkoan nola, apirileko hitzorduan ere izango dira hitzaldiak, kontzertuak, aisialdi eskaintza, solasaldi politikoak... “Bizitzeko modu bat da hamar urte hauetako bideak erakutsi diguna. Eta bizitzeko modu hori gorpuztuko dugu Elorrion. Amesten dugun Euskal Herri hori posible dela erakutsiko dugu”, nabarmendu dute Ernaiko kideek. Euskal gazteria bertan parte hartzera deitu dute.

Ziklo politiko berrian, Ernaik jokatu duen eta jokatzen duen paperaz ere hitz egin dute: “Askapen mugimendua eraberritzen jarraitu eta duen gaitasun askatzaile osoa eskuratzeko konpromiso irmoa dugu”. Testuinguru ezegonkorra ere izan dute hizpide: “Egungo krisiek gazteongan prekarietatea betikotu du, eta bizi espektatiben erortze kolektibo bat eragin du. Ernaik errealitate horri erantzuteaz gain, ortzi-muga bat eskaini nahi dio krisi garaiotan hezi den belaunaldiari”, adierazi dute. Antolakuntza eta borroka aldarrikatu dute, “ahots propioz zein bestelako borroka askatzaileetan”.