Ezker abertzaleko antolakundeek datozen urteetan jarraituko dituzten bide-orriak erabaki dituzte azken hilabeteotan. Sortuk urtarrilean kongresu prozesua amaitu ostean, orain Ernai gazte antolakundearen txanda izan da. Azken horien IV. Kongresu prozesuak eman dituen nondik norakoak ezagutzeko Amaiur Egurrola (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 2001) bozeramailearekin hitz egin dugu.
Nolakoa izan da prozesua?
Urtebete iraun du, eta edozein kongresu prozesu moduan, uste dugu ariketak balio behar zuela Ernaik testuinguruaz egiten zuen irakurketa gaurkotzeko. Alde batetik, Euskal Herriaren egoeraz egiten dugun irakurketa eguneratzeko; eta bestetik, garaiak eskatzen duen tamainako estrategia berri bat osatzeko. Ariketa emankorra izan da. Balio izan du militantzia trebatzeko, indartzeko eta orokorrean antolakundearen gaitasunak askatzeko. Gainera, kurtso beteko prozesua izan den arren, uztartu dugu kanpora begirako jardun eta dinamikekin, hausnarketa prozesuarekin batera lanean jarraitu baitugu mobilizazioetan, topaguneetan eta abar. Nahiko pozik gaude prozesuarekin eta egindako lanarekin.
Zer aldatu duzue azken kongresutik?
Euskal Herrian irekitzen ari den ziklo politiko berrira egokitzeko ariketa egin dugu, eta beraz, ariketaren funtsean dauden galderak berdinak izan dira. Ez soilik aurreko kongresutik, baizik eta gazte antolakundearen historian izan dugun egiteko nagusitik. Gazte antolakundearen misio historikoa da, alde batetik, askapen prozesura gazteria batzea, eta bestetik, gazteria independentista sortzea. Misio hori 2026ra gaurkotzeko ariketa egin dugu. Horretarako erreparatu diogu mundu mailan gertatzen ari diren hainbat aldaketa eta testuingururi, bai Euskal Herrian dituzten eraginei, baita askapen prozesuak bizi duen egoerari ere. Beraz, balioa eman nahi diogu gazte antolakundeak eta gazte askapen mugimenduak garaiari egokitzeko duen gaitasunari.
“Ziklo politiko berrian” gaudela diozu.
Nazio askapen prozesuaz ari gara. 2011n estrategia aldaketa izan zen Euskal Herriko askapen mugimenduan eta askapen prozesuan, azken hori ataka batean zegoelako eta aurrera egiteko zailtasunak zituelako. Estrategia aldaketa horrek erantzun nahi zion Euskal Herrian askapen prozesuak aurrera egiteko baldintza egokiagoak sortzeari. Gaur, 2026an, esaten dugunean ziklo politiko berrian gaudela, oinarritzen gara nagusiki hiru ideiatan.
"Gazte antolakundearen misio historikoaren gaurkotze ariketa egin dugu"
Lehendabizi, aurkitu gaitezke egoera batean zeinetan denbora gutxian gatazkaren ondorioen konponbideari itxiera eman ahal diogun. Azken hamabost urteei erreparatuta, ikusten ditugu euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen eremuan eman diren urratsak, izan dispertsioaren amaierarekin edo etxeratze prozesuarekin. Datozen urteetan aurkitu gaitezke urrats horiek definitiboak izan daitezkeen abagunean. Aukera hori baliatu behar dugu aurreko fasera oraindik lotzen gaituen elementu ankerrena eta sufrimendu gehiena eragiten duena ixteko.
Bigarrenik, ezker independentismoa indartzen ari da. Termino instituzional eta elektoralean Euskal Herriko jendartearen ikuspegi orokorrean aldaketak gertatzen ari dira. Erakundeetan EH Bilduren indartzea nabarmena da, eta hori ezin da ulertu herritarren gehiengoak ezker independentismoak ordezkatzen dituen balio horiekin bat egingo ez balu. Euskal Herrian bizi izan dugun mobilizazio zikloa (feminista, euskararen aldekoa...) ulertu behar da balio aldaketa bat gertatzen ari delako, eta egun, ezker independentismoak ordezkatzen ditu balio horiek.
Eta hirugarrenik, badugu Euskal Herriarentzat jauzi juridikoa emateko aukera. Euskal Herriari historikoki ukatuak izan zaizkio erabakitzeko eskubidea eta nazio izaera. Askapen mugimenduaren bide-orrian izan ditugu bi eremu horien aitortzak, eta beraz, aurkitzen gara bertan urratsak emateko agertokian. Modu nabarmenean askapen prozesua egoera hobean kokatuko luke, bere helburutik gertuago. Horretaz ari gara, beraz, ziklo politiko berriaz ari garenean: askapen prozesuak aurrera eramateko gaitasun gehiago izateaz.
Bizi dugun testuinguruaren diagnostikoan diozue “egoera nahasian” bizi garela, eta horren kontra borrokatzeko markoa ere finkatu duzue: Euskal Herria.
Erabat. Munduaren egoera nahasia edo gatazkatsua ukaezina da. Kapitalismoaren egungo fasea krisi betean aurkitzen da eta AEBen nagusitasun politiko, ekonomiko, kultural eta militarra kolokan jarri dute beste potentzia batzuek. Marko horretan ulertu behar ditugu egun bizi ditugun eraso inperialista eta gatazka militarrak. Gainera, gatazka belikoak balio kulturalen aldaketaren eskutik datoz: ideia eta balio erreakzionarioen gorakada nabarmena da. Horren adibide dira diskurtso antifeministen eta arrazisten gorakadak.
"Ez da egia gazteria ez dela politikoki konprometitzen, parte-hartze moduak aldatu dira"
Horrek guztiak Euskal Herrian badu itzulpena, baina hala ere, ikusten ari gara gurean bestelako balio batzuk nagusitzen direla. Adibidez, Korrikaren alde izugarrizko mobilizazio jendetsu eta herrikoia, zaintzaren alde lanketa egiten eta mobilizatzen ari den herria, ikasturte honetan bertan greba orokor bat egin duena... ikusten dugu Euskal Herrian badaudela aldaketarako aukerak. Horregatik diogu testuinguru gatazkatsu eta nahasi horri aurre egiteko eta erantzuteko biderik egokiena Euskal Herrian bertan aurkitzen dela. Gainera, bestelako balioetan oinarritutako askapen prozesua bera aurrera eramanda, zapalkuntzarik gabeko eta klaserik gabeko jendartea eraiki ahal izango dugu. Euskal Herriaren askapen prozesua bera muturrera eramatea da bizi dugun testuinguruari erantzuteko formula egokiena.
Bide-orri berrian diozue “Ernai zabalago, irekiago eta eraginkorrago bat” bilatuko duzuela. Zein dira estrategia horren aukerak eta kostuak?
Gure helburua ezker abertzalea indartzetik haratago doa. Gure misioan bi elementu nagusi ditugu: nazio askapen mugimendua indartzea eta gaztetzea. Ernaik gazteriarekiko bokazioa izanik, Euskal Herrian bestelako jendartea eraikitzea igarotzen da gazteriari egiten diogun proposamenetik. Hori da Ernairen egitekoa eta gazte antolakundearen misio historikoa, eta bi konpromiso horietan berresten gara.
Gero, Ernai zabalago eta irekiago bat eraikiko dugu, eraginkorrak izan nahi dugulako. Askapen prozesua une honetan azelerazio momentuan aurkitu daiteke, eta hor gazte antolakundea eraginkorra izan behar da. Era berean, zabalera ariketa egiten dugu, azken urteetan asko esan izan delako gazteok jada ez dugula politikan parte hartzen, eta ez garela konprometitzen. Neoliberalismoak eraginda indibidualizazio prozesuak izan dira, eta ziurrenik prozesu kolektiboetan konprometitzeko zailtasunak handiagoak dira gaur egun. Baina ez da egia gazteria ez dela konprometitzen, baizik eta parte-hartze moduak aldatu direla. Antolakunde politiko batek horri erreparatu behar dio, eta erresignazioan geratu ordez, 2026an Euskal Herrian gazteriari politikan parte hartzeko moduak ireki behar dizkio. Beraz, Euskal Herrian gazte zapaldurik biziko ez den testuinguruari ekarpena egiteko modu desberdinak irekitzeaz ari gara. Gazteria aktibatzen, alegia. Garaiari egokitzeko ariketa egingo ez bagenu, aurkitu gintezke testuinguru batean non jendea modu batean edo bestean konprometitzeko prest dagoen, baina pauso hori emateko aukerarik ez duen.
Zertaz ari zarete “gazte borrokarako ekosistema elikatzeaz” ari zaretenean?
Euskal Herrian gazteriak parte hartzen duen askotariko espazioak daude. Izan mugimendu feministan, euskararen aldeko borrokan, herriz herri jaiak antolatzen, asanbladetan, edo modu desberdinetan parte hartzen. Gazteria aktibatzen den espazio horiek elikatuko ditu Ernaik. Beste era batera esanda, Ernai gazteak antolatzen diren espazio horietan egongo da, eta dagoeneko antolatuta daudenekin lan egingo dugu.
Ernairen dinamikan markatu dituzue, alde batetik, nazio auziaren lanketa, eta bestetik, “gazteon bestelako nahi, behar eta kezken lanketa”. Zein dira gazteon bestelako nahi, behar eta kezkak?
Bi egiteko horiek modu dialektikoan ulertzen ditugu. Euskal Herrian edozein problematikaren erantzun edo edozein emantzipazio prozesu nazio gatazkatik igarotzen da. Bestalde, gaur egun gazteriak nahi, behar eta kezka desberdinak ditu: emantzipatu ezin garenean, lan prekaritatera kondenatzen gaituztenean, beste modu batean parte hartzeko moduak irekitzen ez zaizkigunean... Horregatik egiten du Ernaik parte-hartze modu horietara irekiera, eta problematika horri erantzuteko herriz herriko dinamikak bultzatuko ditu Ernaik.
Ezker abertzaleko gazteria “autonomo” gisa, nola artikulatuko duzue jarduna ildo politiko berean jarduten duten antolakundeekin? Sortu/EH Bildu, LAB, Ikama...?
"Gure askapen prozesua aurrera eramatea da munduko herri zapalduekin izan dezakegun elkartasunik hoberena"
Ezker abertzalea nazio askapenerako mugimendua da, eta bere baitan daude hainbat antolaketa modu. Esaterako, alderdi komunista klasikoetan alderdia bera da, mugimenduaren abangoardia gisa, estrategia garatzen duena, eta ostera bestelako agente batzuek horri jarraitzen diote. Nazio askapen mugimenduan, ordea, ulertzen dugu bakoitzak dagokion espaziotik jarduten dugula, eta gure arteko lotura dela Euskal Herriaren eta askapen prozesuaren inguruan egiten dugun irakurketa. Horren baitan eraikitzen ditugu proposamena eta estrategia. Momentu honetan partekatzen dugu Euskal Herrian askapen prozesua aurrera eramateko estrategia independentista dela prozesu hori eraginkorrena izateko bidea. Hala, Ernairen egitekoa da gazte estrategia garatzea.
Militanteen %92k kongresuaren ondorioen alde bozkatu dute, %4k aurka eta gainerako %4a abstenitu egin dira edo zurian bozkatu dute. Zein izan dira desadostasunak?
Datuek diotenez, adostasunak izan dira nabarmen. Eztabaida ezberdinak egin dira herriz herri, eta ez dakit zein izan daitezkeen desadostasun guztiak. Uste dugu edozein eztabaida prozesutan normala dela posizio ezberdinak, zalantzak eta bestelako ikuspegi batzuk izatea. Kongresu prozesu hasieran bagenuen oinarrizko ponentzia bat, eta hori elikatu da prozesuan zehar. Gu konpromiso eta erabaki kolektiboetara lotzen gara, eta kasu honetan argia zen zein den erabakia. Orain, zehaztutako hori garatzea da dugun egitekoa.
Nola baloratzen duzue orain arte lortutakoa?
Positiboki baloratzen dugu: hamarkadetako blokeoa amaitzea, preso politikorik gabeko testuinguruaren atarian bizitzea, ezker independentismoaren hazkundea... Oraindik ere badugu bidea egiteke, noski, baina askapen mugimendua aurrera egiteko gaitasun handiagoarekin kokatzen da gaur egun. Azpimarratzekoa da mugimenduak egindako egokitzapen ariketa. Hori posible izango ez balitz, ez ginateke egungo egoeran aurkituko.
Nolakoak dira beste lurraldeetako antolakunde independentistekin dituzuen aliantzak?
Kongresu amaiera ekitaldian, Bergaran, izan genituen Galizako eta Herrialde Katalanetako kideak. Eta noski, bestelako herri zapaldu batzuekin eta ikuspegia partekatzen dugun horiekin harremanak ditugu. Bergaran ezin izan ziren egon, baina baditugu lagunak Irlandan, Kurdistanen, edota bestelako herrialde batzuetan, eta uste dugu ezinbestekoa dela. Elkar elikatzen gara. Gure askapen prozesua aurrera eramatea da munduko herri zapalduekin izan dezakegun elkartasunik hoberena; eta era berean, beste herrietako prozesu horiek gurea elikatzen dute ere. Beraz, elkar elikatze eta elkar ikaste horretatik ulertzen ditugu gure arteko aliantza eta estrategiak.