Nafarroako Gobernuak egin du estimazioa: ikasturtero, eskoletan ematen ez diren 1.020 ordu Erlijio ari da ordaintzen, azken urteetan asko jaitsi delako Erlijioa hautatzen duten ikasleen kopurua, eta Erlijio irakasleak ez direlako proportzio horretan murriztu. Zertan igarotzen dituzte ordu horiek Erlijio irakasleek? Eta ikastetxe guztiek eskaintzen al dute Erlijioa?
Datu zehatzagoa ere eman du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak: 2,1 milioi euroko gastua dakarte, gutxi gorabehera, galdutako 1.020 ordu horiek. Irakasleak kaleratu ez, baina ematen dituzten eskolaren arabera soldatak egokitzea proposatu du, diru hori hezkuntzako beste arlo batzuetan inbertitzeko, Lanbide Heziketa sendotzen, esaterako.
Kontua da, LOMLOE Espainiako Gobernuaren azken hezkuntza legeaz geroztik, nabarmen jaitsi dela hautazkoa den ikasgai hori aukeratzen duten ikasleen kopurua. LOMLOEk behartu egiten ditu ikastetxeak Erlijioa hautazko gisa eskaintzera, baina orduak murriztu zizkion ikasgaiari. Emaitza: Lehen Hezkuntzan –Erlijioa gehien ematen den etapan– EAEko eskola publikoko ikasleen %12,6ak baino ez du hautatzen eta itunpeko ikasleen %33,4ak. Espainiako Estatu osoan, Erlijioak ikasle gutxien dituen erkidegoa da EAE. Nafarroan, eskola publikoko haurren %32,2ak eta itunpekoko %48,8ak hautatzen dute. Hala erakusten dute Espainiako Gobernuko Hezkuntza Ministerioaren datuek.
EAEko eskola publikoko ikasleen %12,6ak baino ez du hautatzen eta itunpeko ikasleen %33,4ak. Espainiako Estatu osoan, Erlijioak ikasle gutxien dituen erkidegoa da EAE
Erlijio irakasleak jangelan laguntzen
Erlijioko irakasleak oso ikasle gutxiko klaseak ditu ikastetxe batzuetan, eta soberako orduak ere izan ohi ditu, eskola gutxi eman behar baditu. Alegia, kontratu ordu gehiago dituela, eman beharreko Erlijio orduak baino. Irakasle hori bestelako zereginetarako baliatzen dute eskola ugarik: jolas-garaia zaintzeko, baratzean aritzeko, beste irakasle batzuei laguntzeko, eskolako liburutegia kudeatzeko… Hala jasotzen du El Paísek gaiari eskainitako artikuluak. EAEko eskola publikoko zuzendarien federazioari ere galdetu diote: Erlijioa emateaz gain, irakasle horiek jangelaren kudeaketan laguntzen eta halako zereginetan aritzen direla kontatu dute federaziotik.
Nolabait, maiz baliabide pertsonal bat gehiago moduan erabiltzen dute ikastetxeetan, baina Erlijio irakasleak ezin du beste ikasgairik eman, ezin du ikasgela bateko ardura hartu, eta Hezkuntza ikuskariek moztu izan dute halako kasuren bat edo beste.
Bestalde, ikastetxe guztiek ez dute Erlijioa eskaintzen, edo gutxienez, ez dituzte familiak animatzen ikasgai hori hautatzera, beren burua ikastetxe laikotzat duten heinean. Hori bai, familiaren bat egoskortuz gero, behartuta daude ikasgai hori ematera, ume bakar bat izango bada ere Erlijio ikasgaira joango dena. Hala agintzen du Espainiako legeak.
Ikastetxe guztiek ez dute Erlijioa eskaintzen, beren burua ikastetxe laikotzat duten heinean. Hori bai, familiaren bat egoskortuz gero, behartuta daude ikasgai hori ematera
Horrexegatik, eragile ugariren aspaldiko aldarrikapena da: erlijioak, guztiak, eskolatik kanpo landu behar dira, eta laikoa izan behar du hezkuntzak.
Kurioski, laikotasuna da EAEko Hezkuntza Legeak eskola guztientzat oinarri duen printzipioetako bat, baita Kristau Eskolako ikastetxeentzat ere. Ildo horretan, EAEko Hezkuntza Legeak muga jarri zion Erlijio ikasgaiari: Espainiako legeak Erlijio ikasgaia eskaintzera behartzen duela-eta, adostu zuten Espainiak ezartzen duen gutxiengo ordu kopurua izatea EAEn eskaini daitekeen gehieneko ordu kopurua.
ARGIAren Hezkuntza kanal berezian aurkituko duzu ikaskuntza eta irakaskuntza munduari lotutako bideo-erreportaje, podcast, artikulu eta albiste bilduma zabala.