argia.eus
INPRIMATU
Erle Beltzaren Eguna igandean Bidarrain, hitzaldi eta erakusketaz hornitua
  • Igandean, urriak 7, Erle Beltzaren Egunaren laugarren edizioa ospatuko dute Bidarrain. Hainbat erlezainen erakusketa eta salmenta lekuez gain, aurtengoan hitzaldia ematera gonbidatu dute apiterapian ezaguna den Ballot-Flurin etxeko arduraduna.   

ARGIA @argia 2018ko urriaren 05a

Euskal Erle Beltza elkarteak Bidarraiko feriarekin lortu nahi du "erlezaintza ezagutaraztea, erlauntzako mozkinak dastaraztea, erlezainen bizia erakustea eta erle beltzaren babeste lanaren erakustea". Hegoaldeko erlezainek zekarten bideari jarraituz, Iparraldean ere duela urte batzuk hasiak dira bertako erle arraza berreskuratu eta zabaltzeko ahaleginean, atzerritik inportatutako erle berezituen (italiarra, Buckfast...) ordez milaka urteko eboluzioan gure inguruan egokitutakoa lehenetsita.

Antolatzaileek diotenez, "bada mendeak eta mendeak lekuko arraza hori bizi eta jarria dela gure eskualdean hemengo loreei eta aroari. Orain gizakiaren lan moldeek lanjerrean jartzen dute hemengo erle beltza, lehenik kanpotik ekarritako erle arrazekin nahasten hasia baita eta erabiliak diren pozoiekin intsektu guztiak desagertzeko irriskuan baitira. Gure elikaduraren geroa lanjerrean da".

Bidarrain igandean, inguruko erlezainen ekoizpenak ezagutu eta dastatzeko aukeraz gain, argazki erakusteketa bat egongo da ikusgai eta Afrikako Benin herrialdeko erlezaintza aurkezten duen film bat ere eskainiko da. Urtero antolatzen diren hitzaldietan, aurtengoan alde batetik gonbidatu dute Alain Canet Frantziako agroforesterian erreferente bat den Arbre et Paysage 32 elkartekoa, zeinak aurkeztuko baitu "Zein ingurumen natural erleentzat". Bestetik, Frantziako Apiterapia elkarteko kidea den Catherine Ballot-Flurin gonbidatu dute, Pirinioetako Cauterets herrian egoitza duen Ballot-Flurin erlezain familiako arduraduna.

Catherine Ballot-Flurin erlezain eta apiterapian aditua mintzatuko da Bidarrain.