Iazko azaroan epaitu zuten entrenatzaile eta ikuskatzaile ohia 25 urtetan adin txikikoen aurkako sexu indarkeriagatik: sei urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Orain, ordea, liburu batean kaleratu dute Poliziak sumisio kimikorako botikak aurkitu zituztela Olhatsen etxean, eta biktimek ere horiek aipatu zituztela.
Eric Olhats, Aviron Bayonnais futbol klubeko entrenatzaile ohia eta Antoinne Griezman futbolariaren mentore izateagatik ezaguna, berriz dago sexu erasoengatik jomugan: Thomas Rabino eta Fabien Touati kazetarien Dans la gueule du loup (Otsoaren ahoan) liburuan azaldu dute Poliziak Temesta kimikoaren 443 pilula aurkitu zizkiola etxean, biktimak ezgaitzeko erabiltzen den botika da hori. Hain zuzen ere, zenbait adin txikikok botiken eta oroimen galeren zantzuak aipatu zituztela ere azaldu dute kazetariek. Iaz epaitu zuten Olhats, adin txikikoen aurkako erasoengatik: sei urteko kartzela zigorra ezarri zion epaileak.
2019an hasi ziren kasuaren lehen zantzuak, Hazparneko (Lapurdi) emakume batek Herriko Etxera gutun anonimoa bidali zuenean, semeak Olhatsen esku jasan zuena kontatu zuen gutunean. 2022an atxilotu zuten entrenatzaile ohia, behin-behinean, eta hamar hilabetez izan zuten atxilo. Berez, kontrol judizialpean behar zuen, baina neurriak hautsi zituen, futbol zelai batera joan baitzen; hori horrela, iazko azarora arte atxilotu zuten, epaiketa egunera arte, hain zuzen.
1997tik 2022ra arteko erasoak epaitu zituzten orduan. Sexu ukituak, musuak, behartutako masturbazioak eta film pornografikoak ikusteko gonbidapenak deskribatu zituzten salatzaileek: gehien-gehienak txapelketarako bidaietan egin zituela adierazi zuten, kotxean edo bere etxean. Adin txikikoei lotutako material pornografikoa ere aurkitu zioten. Zortzi urteko kartzela zigorra eskatu zuen Fiskaltzak; Olhatsen abokatuak, aldiz, absoluzioa. Sei urteko zigorra ezarri zioten, eta kirol eremuetara hurbiltzeko debekua, biktimei kalteak ordaintzea, eta inoiz gehiago adin txikikoekin lan egiteko debekua.
Sumisio kimikoaren berriak harrabotsa sortu du Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan; hainbeste, ezen Colette Capdevielle Pirinio Atlantikoetako diputatu sozialistak gaia kongresura eraman baitu. Proposatu du emakumeen eta adin txikikoen aurkako sexu eta genero indarkeria zigortzen duen legean aldaketa bat egitea: “kalteberatasun kimikoa” aldagaia sartzea, bere hitzetan, Olhatsen biktimek zaurgarritasun hori baitzuten. Kongresuaren onarpena jaso du Capdevielleren zuzenketak.