argia.eus
INPRIMATU
2026ko azaroaren 4a
Erein argitaletxea: 50 urte, kapituluz kapitulu
  • Bost hamarkada bete ditu Erein argitaletxeak, eta urteurrenaren ospakizun galan sorkuntzako prozesu osoari aitortza egin nahi izan diote: liburuen sorkuntzan parte hartzen duen esku bakoitzari eman dizkiote eskerrak. Liburuen gisaran banatu dute ekitaldia, kapituluka, eta hasierari bezala, etorkizunari ere begiratu diote: "Euskal kulturako erreferente izaten jarraitzeko asmoa" berretsi du argitaletxeak.

Ereingo, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Donostiako Udaleko ordezkariak asteartean, 50. urteurren ekitaldian. Erein

Eugenio Ibarzabalen Diálogos en torno a las elecciones (Hauteskundeei buruzko eztabaidak, Erein, 1976) urrun hartatik mende erdi eta ehunka liburu editatu ditu argitaletxeak, eta ibilbide hori erakusten duen liburua editatuko du datorren udaberrian: 30 egileren kontakizunek azalduko dute, astearte arratsaldean argitaletxeko arduradunek egin bezala, bost hamarkadetako ibilbidea. Donostiako Tabakaleran batu ditu argitaletxeak, urteurren biribilaren ospakizuneko gala handian, ehun pertsona inguru: euskal kulturako erreferentzia ugari eta erakundetako ordezkariak. "Euskal sorkuntzaren puska handi bat" batu da Donostian, Jon Insausti alkateak bere diskurtsoan nabarmendu duenez. 

Sormena prozesu bakartia edo kolektiboa da, nori galdetzen zaion; liburuaren azalak egile bakarra eraman balezake ere, barruan ezkutatzen ditu hamarna gehiago. Eta horixe aipatu eta aitortu nahi izan du Ereinek bere urteurren biribilean. Berrogeita hamar urte etengabe ereiten. Elkarrekin eta elkarlanean leloa jarri diote ospakizunari, eta izenak berak aditzera ematen duenez, liburuen eta argitaletxearen prozesuan parte hartu duten guztien lanari egin nahi izan diote aitortza, Ainhoa Vitoria kazetaria gidari.

Eta 1970eko urte nahasi eta ilusionagarrietan jaiotako proiektuak urteurren biribilak bizitzen hasi direnean, saihetsezina da begirada atzera botatzea eta egindakoari erreparatzea. Horrela, bada, ezinbestean, lehen kapituluak sorreran behar zuen soa. Bertan izan dira argitaletxearen jaiotzan parte hartu zuten kideak: Jexuxmari Mujika Administrazio Kontseiluko lehendakariak eta Julen Lizundia sortzaile eta kudeatzaile ohiak hartu dute hitza. Mujikak nabarmendu du duela bost hamarkada literaturaren etxe izatea zuela helburu Ereinek, Euskal Herriko idazleak "etxeko" egingo zituen "gune goxoa, euskaraz, baina gaztelaniari lekurik ukatu gabe"; helburu horixe beraxe du gaur egun ere, azpimarratu du. 2026 honetara arte heltzeko bidean izan diren kide guztiei eskerrak eman dizkie, eta gogoan izan ditu dagoeneko bizirik ez daudenak; bereziki aipatu du Patxi Goenaga filologoa, pasa den astean hil zena. 

Bigarren eta hirugarren kapituluek liburuetatik pasatzen diren esku ugariak aipatu dituzte. Editorearen eta idazlearen arteko harremana aztertu dute bigarren kapituluan, Uxue Razquin editoreak eta Itxaso Martin idazleak. "Idazleak nahi duenean sartzen da editorea, bere beharretara egokitzen da", azaldu du Razquinek. Tonu lagunkoian aritu dira biak, ezagun baitute elkarlana. Martinek aitortu du idazten hastean "obsesio" batetik abiatzen dela, eta behin dena idatzitakoan bidaltzen diola Razquini. Baina beste idazleengandik testu laburxeagoak ere jasotzen ditu editoreak, eta gero bien artean osatzen dute; aitortu du WhatsApp mezuak ere jaso izan dituela ideia bat edo besterekin.

Hirugarren kapituluan, aldiz, argitaletxetik haragoko lankidetza erakutsi dute, bideo bidez. Kate luzea du liburugintzak, eta idazlea eta editorea horren lehen katebegiak baino ez dira. Bideoan agertu dira zuzentzailea, itzultzailea –beste hizkuntzetan diren testuen kasuan–, produkzioa –ilustratzaileak bilatzeko–, ilustratzailea, maketatzailea. Behin horraino helduta, azaldu dute orduan duela idazleak azken aukera testua berriz zuzentzeko, gero inprentara joango baita. Administrazio lanak ere egin beharko dituzte inprentara doanean; gero helduko dira banaketa eta komunikazio lanak. Eta azken katebegira iristen dira horrela liburuak: hezkuntza-sistemara eta liburu dendetara; handik, irakurleen eskura, salto bakarra. 

Hain zuzen ere, argitaletxearen aukera zabalak aipatu ditu Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari orde eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak, azpimarratu baitu Ereinek euskal gizartea "ehuntzen" duela, literatura, hezkuntza eta saiakera batuta. 

Geroratzeko helburua

Diskurtso eta diskurtso artean, Esti Markez musikariaren doinuez eta Lore Iturralde irakurlearen berbez gozatu ahal izan dute parte hartzaileek. Azken horrek datorren udaberrian plazaratuko den liburuaren pasarte bat irakurri du, Gari Arzallus kudeatzaileak gero azaldu duenez. Geroari begirako kapituluan hartu du parte Arzallusek, ekitaldia biribildu duena. Azaldu du argitaletxeak "euskal kulturako erreferente" izaten jarraitzeko helburua duela, eta erronka ere jarri dio euren jardunari: "behar bezala" lantzen ez dituztela uste duten generoak indartzea; ez du zehaztu zeintzuk. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak argitaletxeak duen "herriarekiko konpromisoa" azpimarratu du, eta etorkizunerako erronka jarri du mahai gainean: irakurzaletasuna, bistan denez arriskuan, indartzea.

Mokadutxo batekin bukatu dute iluntzea, udaberrian aterako duten liburuaren promesa mahai gainean.