argia.eus
INPRIMATU
Erdizko harrobia: “Magna berriz Erdizera itzultzeko ongi prestatzen ari da”
  • Magna enpresa Erdizen harrobia egiteko lanean ari dela kontatu dio Jon Elizetxe Erdiz Bizirik plataformako kideak TTIPI-TTAPAri. Baina plataforma ere ez dago geldirik, «lehenago bezala, proiektua orain ere geldiarazi daitekeela» sinetsita dagoelako. Mezu argia luzatu die Elizetxek baztandarrei: «lehenbiziko sektoretik haratago, Baztango tokiko ekonomia, ingurumena eta herritarren osasuna daude jokoan eta ezin dugu halako proiekturik garatzen utzi». Ostiralean prentsaurrekoa eginen du plataformak.

Erran .eus @erran_eus 2020ko irailaren 18a
Behiak Erdizen. (Argazkia: Erran)

2019ko ekainean Magnesitas de Navarra enpresak Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuan memoria bat aurkeztu zuen Baztango Erdiz parajean meategi bat eraikitzeko asmoarekin. Geroztik, ordea, ez da geldirik egon Elizetxek azaldu duenez. «Hasteko, plataformako kideokin bilera eskatu zuen eta beraien asmoen berri eman ziguten. Guk gure kontrako jarrera berretsi genuen. Ondotik jakin dugu, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuan ere zerbaitetan ari direla. Orain ustiapen proiektu bat aurkeztu behar dute eta horrekin ari dira. Nafarroako alderdi politikoekin ere bilerak egin dituzte».

Magnak Erdizen egin nahi duen harrobi proiektua «orain dela 15 urte aurkeztu zuten proiektuaren berdintsua» dela dio Elizetxek, «zabortegi bat desagertuko litzateke baina harrobia leku berean izanen litzateke, eta beraz, proiektuan nobedade handirik ez». Gaineratu digunez, «20 urterako proiektua da, baina bistan da, 20 urte horiek pasatu ondotik, hor berean zabaltzen segituko dutela. Horrek erran nahi du eremu eta bazkaleku hori desagertuko liratekeela».

Enpresak nekazariengana jo duela ere azaldu du Elizetxek: «badakigu Erdizerako proposamen alternatiboak prestatu nahi dituztela, baina ez dakigu zer izanen da. Gure aldetik, lehen erraten genuena azpimarratu nahi dugu orain ere: Erdiz ordezkaezina da. Nekazari batzuekin harremanetan jarri dira eta informaziorik ez emateko eskatzen diegu, gero kontra egiteko erabiliko dutelako».

Prentsaurrekoa

Enpresaren harat-honaten aitzinean, plataforma ere bilkurak egiten ari da. Joan den astean, erraterako, «Erdiz erabiltzen duten nekazariekin bildu ginen, informazioa eman eta hemendik aitzinerat zer egiten ahal dugun solastatzeko». Mugitzeko ordua da Elizetxeren irudiko, «orain arte jendea ez da sobere kontziente izan. Nekazari aunitzendako ere sorpresa izan da, ez zutelako Magnaren mugimenduen berririk; ez zekiten memoria aurkeztua zuela, batzar nagusian gaia tratatua zela... Magna, poliki-poliki, bere lanak egiten ari da. Hainbat biologo eta talderekin biltzen ari da eta badakigu berriz itzultzeko ongi prestatzen ari dela».

Hori horrela, proiektua geldiarazteko «plataformak antolatzen dituen ekintzetara hurbiltzeko eta mugitzeko» deia egin du Elizetxek. Argi du «lehenago, proiektua borrokatuz geldiarazi zen eta orain ere egiten ahalko da. Lehenbiziko sektoretik haratago, Baztango tokiko ekonomia, ingurumena eta jendearen osasuna daude jokoan eta ezin dugu holako proiekturik garatzen utzi». 

Erdiz Bizirik plataformak prentsaurrekoa eginen du ortziralean Baztango nekazariekin batera. 20:00etan egina dute hitzordua Elizondoko Iriarte frontoian.