Eraso matxista salatzeko manifestazioa deitu dute Berrizen

  • Berrizko Mugimendu Feministak manifestazio zaratatsua deitu du astearterako, gizon bat bikotekidea labankadaz hiltzen saiatu izana salatzeko. Udaletxe paretik abiatuko da manifestazioa, 18:30ean.


2026ko apirilaren 7an - 09:16
Algortako Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzea, 2024ko maiatzean. Algortako Mugimendu Feminista
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Berrizen (Bizkaia) 48 urteko gizon bat atxilotu zuten igande goizean, 38 urteko bikotekidea labankadaz hiltzen saiatzea egotzita, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Emakumea larri zaurituta eraman dute ospitalera, helikopteroz.

Etxebizitza batean izan zen erasoa, goizeko 7:20 aldera. Bertan zeuden emakumearen lau seme-alabak, eta haiek eta bizilagun batek geratu zuten erasotzailea. Ertzaintzak telefono deia jaso zuen emakume bat sastatzen ari zirela ohartaraziz, eta kalean atxilotu zuten erasotzailea. Emakumea Gurutzetako ospitalera eraman zuten; halaber, biktimaren alabetako bat, 15 urtekoa, arin zauritu zuen aitak. Gizonezkoa hilketa saiakera egotzita atxilotu dute.

Mina eta amorrua

"Gogor salatzen dugu indarkeria matxistaren adierazpen hau", adierazi du Berrizko Mugimendu Feministak. "Min ematen digu eta amorrua sortzen digu halako eraso larriak oraindik gertatzen jarraitzeak. Ez dugu onartzen, ezta onartuko ere, emakumeen aurkako indarkeriaren inolako adierazpenik". 

Gertatutakoa salatzeko manifestazio zaratatsua deitu dute astearterako. Herritar guztiak deitu dituzte protestan parte hartzera, ezinbestekoa delako komunitate gisa "erantzun irmo eta bateratua" ematea.

Hiru emakume erailak

Apirilaren 3an Ertzaintzak jakinarazi zuen 45 urteko gizonezkoa atxilotu zutela Basaurin (Bizkaia), indarkeriazko hilketa egotzita. Bi egun lehenago, haren bikotekidea topatu zuten hilik etxe batean. Gizonezkoak egin zuen dei larrialdi-zerbitzuetara. Gorpuari autopsia egin ostean atxilotu zuten erasotzailea, eta apirilaren 4an aske utzi, behin-behinean. Ikerketak zabalik jarraitzen du.

Martxoaren 21en, bestalde, Irungo (Gipuzkoa) emakume bat hil zuen haren bikotekide ohiak Zaragozan (Espainia); eta otsailean 28 urteko emakume bat labankadaz hil zuen bere bikotekideak, Sarrigurenen (Nafarroa).


Indarkeria matxista kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.