Asteazkenean Poliziak auzoa hartu du, dozenaka auzokide zein babesa ematera hurbildutako herritar identifikatu eta miatuta. Aurretik, kale egoeran dauden hainbat pertsona auzo okupatuko etxebizitza batzuetan sartzen saiatu dira hiru aldiz. Goizaldean agertu dira azkenengoz, eta auzokideei eraso egin diete. Errekaleorrek salatu du Poliziak bidali dituela bertara, etxeetan sartzea zutela esanda, eta jarraian agertu dela auzoan, “'gatazka' batean esku hartzeko aitzakiarekin”.
Hiru aldiz errepikatu da egoera asteazkenean: goizean lehenbizi, 13:30ak eta 16:30ak bitartean, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren presentziarekin; arratsaldean ondoren, 19:00etatik aurrera, ertzainekin soilik baina kopuru askoz handiagoan eta nabarmen oldarkorrago; goizaldeko 1:30ak inguru hirugarrenez, . “'Gatazka' batean esku hartzeko aitzakiarekin egun osoan zehar neurri gabeko presentzia poliziala izan dugu gure auzoan. Eremu osoa hartu dute, errepidea, kaleak, paseoa… etxe batera ere inongo agindu judizialik gabe sartzeraino”, salatu du Errekaleorrek ohar bidez. Ertzainek jarrera “oldarkorra” izan dutela azaldu dute: “Hamarnaka auzokide zein proiektuari babesa adieraztera hurbildu diren Gasteizko herritar identifikatu eta katxeatu dituzte, inongo argudiorik gabe”.
Bazterkeria egoeran dauden herritarren “instrumentalizazioa”
Ustez Poliziaren esku hartzea ekarri duen gatazka zein izan den azaldu du auzo okupatuak: “Kale egoeran dauden hainbat pertsona etorri dira, proiektua osatzen duten etxeetako batean sartzeko asmoarekin. Ez da lehenengo aldia, eta aurreko guztietan bezala, proiektura sartzeko bideak zeintzuk diren azaldu diegu, eskura izan ditzaketen baliabideak eta aukerak aurkeztuz eta horietara laguntzeko prestutasuna adieraziz. Honen aurrean euren erantzuna Poliziak hona bidali dituela izan da”. Hamabi pertsona ziren, eta, Errekaleorren esanetan, adierazi zuten ertzainek URSSA fabrika abandonatuan bizi diren pertsonen talde bati propio esan zietela Errekaleorreko pisuetan sartzeko aukera izango zutela.
Azaldu dute ez dela lehen aldia kale egoeran dauden herritarrak auzoan agertu eta adierazi dietena Poliziak bidali dituela bertara, “bai, ordea, haien etorrera dispositibo polizial izugarri batez lagundua izan dena”.
Goizaldeko 01:30etan 20-25 pertsonaz osatutako talde bat agertu zen auzoan, “burdinezko barra, kate, metalezko xafla eta harriekin”. Zaintzan zeuden pertsonei eraso egin zieten, eta laguntzera hubildu ziren auzokideei ondoren. Errekaleorrek jakinarazi du hainbat auzokide zauritu zituztela, horietariko bat “larri”. Anbulantziari deitu zioten, eta osasun langileekin batera “Polizia dispositibo handi bat” agertu zen. Salatu dute poliziek “pertsona zaurituaren ongizatea alde batera utzi” eta “probokaziozko komentarioak” egin zituztela. Errekaleorreko bi auzokide artatu dituzte ospitalean.
“Zaurgarritasun egoeran” dauden herritarren “instrumentalizazioa” salatu du Errekaleorrek: “Etxebizitza eskubidea bermatu beharko luketenen utzikeriari poliziaren estrategia zitala gehitzen zaio”. Errekaleorren esanetan, instrumentalizazio horrek helburu bat du, “proiektuari kalte egitea", eta hori, “ahulduko gaituen konfrontazio bat nahita sustatuz, gu arrazistatzat, hipokritatzat edota elkartasun gabeko bezala seinalatzen gaituzten bitartean”. Horren aurrean, adierazi dute ez dituztela “inondik inora” herritar horiek seinalatuko erantzule gisa: “Bizi duten egoera ulertzen eta instituzioen ardura seinalatzen dugu”.
“Ertzaintzak VOXek darabilen diskurtso eta logikak bereganatu ditu gure proiektua erasotzeko”
Estrategia orokorragoa
Asteazkenean gertatutakoa ezin dela “modu isolatuan” ulertu salatu du proiektu komunitarioak. Gogoratu dute aste batzuk direla Vox alderdiak agerraldia egin zuela auzoan Ertzaintzak babestuta. “Bisita hori haien sare sozialetan plazaratutako bideo-erreportaje batean jaso zuten, gezurrez beteriko diskurtso ultraeskuindar, arrazista eta xenofoboa zabalduz. Okupa nazionalak eta okupa etorkinak aipatzen zituzten, elkarrekiko etsai bezala aurkeztuz”.
Ertzaintzari leporatu diote eskuin muturreko alderdiaren estrategiarekin bat egitea: “Ertzaintzak VOXek darabilen diskurtso eta logikak bereganatu ditu gure proiektua erasotzeko”.
Gertatutakoa asteburuan Alde Zaharrean gertatutakoarekin ere lotu du Errekaleorrek. Larunbat goizaldean, kaleko arropaz jantzitako ertzain batek herritar bat pistolaz apuntatu zuen eta poliziek lekukoak mehatxatu zituzten. “Kutxi kalean emandako gertakari larriari gaurkoa gehitu zaio; horren aurrean, Ertzaintzaren inpunitatea argi eta ozen salatzen dugu.
Eskerrak herri mugimenduari
Goizean zein arratsaldean, Errekalorreko auzokideek Gasteizko herritarrei dei egin zieten proiektua babestu eta auzora hurbiltzera. Hala egin zuen herritar ugarik, eta horietariko batzuk miatu edo identifikatu zituen Poliziak. Errekaleorrek Gasteizko herri mugimenduak “helarazi digun babesa eta elkartasuna” eskertu ditu oharrean. “Gurea eta Gasteizko herriarena den Errekaleor Auzo Askearen defentsan, tinko jarraituko dugu borrokan. Faxismoaren eta gehiegikeria polizialen aurrean, atzera pausurik ez!”, adierazi dute.