Mosaic putre funtsak alokairuko etxebizitzak erosi ondoren, 120 familia baino gehiago etxetik kanporatuak izateko arriskuan daudela salatu dute. Bizilagunek eta LAB sindikatuak manifestazioa antolatu dute irailaren 24an, ostegunean.
Erandioko (Bizkaia) Los Ochos eraikinetako 120 familia baino gehiagoren etxebizitzen jabea InmoCaixa zen –La Caixa bankuaren higiezinen jabetza kudeatzen dituen enpresa–, baina duela gutxi Mosaic putre funtsari saldu zizkion. Ostegunean eginiko prentsaurrekoan bizilagunek salatu dute putre funtsak ez duela asmorik euren kontratuak berritzeko, eta, ondorioz, etxegabetuak izateko arriskuan daudela.
"Enpresa hauentzat zenbaki hutsak gara estatistika taula batean", gaitzetsi dute prentsaurrekoan. Izan ere, haien ustez, Mosaicen asmoa da etxebizitzak saltzea gaur egun maizterrentzat ordainezinak diren prezioetan. Etxebizitzak lehenbailehen uzteko helburuarekin, gainera, presioak eta mehatxuak erabili izana leporatu diote bizilagunek funts putreari.
Udalari eta Jaurlaritzari eskaerak
Bizilagunek gogoratu dute duela bi urte Erandio tentsio handiko eremu bilakatzear egon zela, eta udalari egotzi diote geroztik ez dituela hartu etxebizitzen prezioa jaisteko eta etxebizitzarako sarbidea errazteko neurri nahikorik. Hortaz, eskatu diote Erandio tentsio handiko eremu izendatu dezatela, funts putrearen aurrean baliabide gehiagorekin negoziatu ahal izateko.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzari bizilagunen eta putre funtsaren artean bitartekari gisa jarduteko exijitu diote, akordio batera iristeko "beharrezko neurriak" hartzeko. Haien egoera salatzeko, LAB sindikatuarekin batera manifestazioa antolatu dute irailaren 24an, ostegunean, etxebizitzak dauden plazatik abiatuta.