Erakutsi ala kontatu?


2026ko irailaren 22an - 07:00
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Gidoigintzan eta, orokorrean, literatura idazterakoan, askotan errepikatzen den leloa da Erakutsi, ez kontatu, edo, nik ingelesez entzun dudanez, Show, don’t tell. Esaldi horrek ñabardura askoz gehiago ditu, baina arau orokor gisa azaldu ohi da idazle berrientzat, eta askotan erabiltzen da elkarrizketetan gehiegi oinarritzen diren lanak negatiboki kritikatzeko. Eta, egia esan, ez da arau txarra, izatez: zineak, bere idiosinkrasiagatik, zuzenean baimentzen du, kontatu beharrean, erakustea.

Nire aburuz, The man I love (Maite dudan gizona) pelikulak oso ondo jarraitzen du leloa. Elkarrizketen bidez, kontatu egiten du, bai, baina ez gehiegi; zinemaren elementuak erabilita, erakutsi egiten du, baina ez ikuslea galdu eta nahasten utzita. Iradokitzen du, gehiegi esan gabe, baina ezta gutxiegi kontatuta ere. Apika, protagonistaren gaixotasuna bai iradokitzen du gehiegi, baina zaila da estilo horretako lan bat HIESaz ari dela ez nabaritzea; ohituegi gaude argumentu mota horretara. Izan ere, Jimmy George (Rami Malek) da film honetako protagonista, HIESa duen antzerkiko aktore bat, bere bizitzaren azkenetan dagoena.

Bere ingurukoak, batez ere Dennis (Tom Sturridge) bere mutil lagun eta zaintzailea, Jimmyren bizitza ondo amaitu dadin saiatuko dira. Bere azken antzerki obra egin dezan bultzatuko dute, eta egiten duen guztia onartuko diote, finean, azkenetan baitago. Hemen, pelikulak oso ondo lortu du Dennisen bizitzan horrek guztiak duen eragina azaltzea, baina, ironikoki, Dennis bera erakutsi gabe. Filmaren amaieran ohartu gara Dennisen izena ez genuela gogoratzen ikusleok: horren garrantzitsua zen Jimmy eroso eta gustura egotea, non ahaztu egin zaigun bere ingurukoak ere pertsonak direla. Oso eraginkorra izan da horretan.

Hala ere, protagonistaren antzezpena pixka bat arraroa izan da. Rami Malekek antzezteko era oso berezia du, eta, batzuetan, neuri bederen, ez zait sinesgarria egiten. Gorputz ahularen fisikotasuna oso ondo adierazi duela iruditu bazait ere, aurpegiarekin eta begiekin egiten dituen keinuak ez zaizkit sinesgarriak egin, eta pelikulatik atera naiz une batzuetan. Mr. Robot telesailean egiten duen antzezpenaren antzekoegia dela uste dut, eta hor, berez, pertsonaia guztiz ezberdina irudikatzen du. Hala ere, gustatu zait filma, benetan deritzodalako Erakutsi, ez kontatu hori ondo egin duela, eta horri erreparatzen eta heltzen saiatu naiz.


Zinemaldia 2026 kanalean gehiago
2026ko irailaren 27
Azken agurra
Umore bisuala

2026ko irailaren 27
Josephine
Egoera latzari aurre

2026ko irailaren 25
The debut
Magikoa eta zoroa

2026ko irailaren 25
Bloques erráticos
Ez du nondik heldu

2026ko irailaren 24
Tender loving care
Zaintzaren ikuspegi desberdinak

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.