Eraiki nahi dugun mundua eskola publikoan hasten da. Ceutatik ikasgeletara

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Iraila. Batzuentzat goizegi eta besteentzat nekez iristen den hilabetea. Hausnarketarako eta helburu berriak zehazteko hila. Gauzak hobetzeko aukera berriak ematen dizkigun hasiera. Aurtengoan, ordea, zaila da irailaz hitz egitea udak utzi dizkigun irudiei erreparatu gabe. Tartean, Ceutakoak.

Milaka dira uztailaren amaieran Maroko eta Ceuta arteko muga zeharkatu zuten etorkinak. Beste herrialdeetako etorkinen gisa kapitalismoak, gerrek eta krisi klimatikoak eragindako egoera kaxkarretatik ihesi. Horien artean ziren hainbat gazte eta adingabe. Hiriak eta baliabideek gainezka egin eta Europako migrazio politiken gabeziak agerian geratu ziren. Erantzun politikoa? Muga, kontrola, segurtasuna, itzulketa eta beldurra.

Italiak kontrolak aireko eta itsasoko mugetan; Schengen eremuaren aldi baterako etetea; eta, Europar Batasuneko zirkulazio askea, paper bustia. Hau da Europako eskuinak eta eskuin muturrak migrazio politikak ezartzearen ondorioa. Migrazioa mehatxu, inbasio eta segurtasun ezarekin parekatzea. 

Marokoren, AEBen eta Israelen arteko aliantzaren ondorioz, Maroko Hego Europako mugaren zaindari nagusietako bat bihurtu da eta AEBek eta Israelek eskualdean duten posizio estrategikoa indartu dute. Egoera horrek migratzaileak egoera geopolitiko larri batean utzi ditu, non beren eskubideak gero eta zapalduagoak diren. 

Analisi geopolitikoaren atzean, zifra bakoitzaren atzean, pertsona bat dago. Iristen den adingabe bakoitzaren atzean, haur edo nerabe bat. Hor egiten dute topo migrazio eta hezkuntza politikek. 

Hezkuntza publikoa da gizarte osasuntsu bat eraikitzeko erreminta, non kanpotik datorrena ez den betiko kanpoko norbait izatera kondenatua izango

Gaur Europara iristen dena, bihar gure eskoletan egongo da. Nafarroa Garaian, ikasle atzerritarrak hezkuntza sistema osoaren %13 dira. Horien artean, %80 inguru dira sare publikoak hartzen dituenak. Ezin dira berdintasuna, ekitatea, inklusioa edo aniztasunaren trataera bezalako leloak ikastetxeko webguneak apaintzera mugatu, are gutxiago diru publikoz finantzatu, errealitatea ikasgela publikoetan pilatzen den bitartean. Hezkuntza eskubide bat da, gizarte kohesioa erantzun kolektibo bat eta ikasle migratzaileen harrera eta integrazioa guztion ardura.

Eskola publikoa defendatzen dugunean, ez gara hezkuntza sistema antolatzeko modu bat bakarrik defendatzen ari. Gizarte kohesiorako gune nagusia erdigunean jartzen baizik. Eskola publiko indartsu bat izanen da segregazioari aurre egiteko tresna, arrazakeriaren kontrakoa, desberdintasunen aurkakoa. Hezkuntza publikoa da gizarte osasuntsu bat eraikitzeko erreminta, non kanpotik datorrena ez den betiko kanpoko norbait izatera kondenatua izango. 

Benetako integrazioa gerta dadin, Nafarroa Garaiko hizkuntza politikak iraultzea ere ezinbestekoa izanen da etorkinak euskarara hurbiltzeko. Hizkuntza gutxitu baten etorkizuna gure herrira iristen direnak hizkuntza horretan murgiltzeko dugun gaitasunaren araberakoa izango baita. Etorkinek euskara behar duten moduan behar baititu euskarak ere etorkinak. 

Ezin ahaztu irailean, gure eskoletako ateak irekitzen direnean, eskola publikoa gure garaiko erronkei aurre egiten ari zaiela ia bakardadean. Migrazioa, aniztasuna, desberdintasuna, bizikidetza, arrazakeria eta euskararen suspertzea.

Aldarrikatu ditzagun, beraz, migrazioari duintasunez aurre egiteko bide seguruak, harrera politikak eta erantzun partekatuak. Aldarrikatu dezagun aukera berdintasuna bermatzeko gai izango den eskola publiko indartsu bat. 

STEILAS prest dago ikasturte berriari ekiteko. Mugak jartzen dituztenen aurrean, eskolak eraikitzeko. Inbasioez ari diren horiei, bizikidetzaren bidez erantzuteko. Europa itxi nahi dutenen aurrean, gizarte solidario bat eskaintzeko. Euskara desagertzera kondenatu nahi dutenei aurre egiteko. Eta zeregin horiek, goizero, gure eskoletan hasten dira. 

Ane Apezetxea Gorrotxategi eta Miren Ustarroz Goñi, STEILAS Nafarroa

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...