Epsteinen itzala, Sarrigurenera: 46 emakume eta sistemaren hutsunea


2026ko otsailaren 25ean - 14:16
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Jeffrey Epstein-en kasuak mundu osoari erakutsi zion zer gertatzen den salaketak gutxiesten direnean eta botereak erasotzailea estaltzen duenean. Baina ispilu hori ez da hain urrun geratzen. Gure auzoetara ekartzen badugu, galdera mingarri bat sortzen da: zer gertatzen da sistemak ez duenean garaiz eta modu eraginkorrean kontrolatzen arriskua?

Euskal Herrian, azken urteetan, 46 emakume hil dituzte bikotekide edo bikotekide ohien eskuetan. Azkena, Sarrigurenen. 46. Ez dira zenbaki hutsak. 46 bizitza dira. 46 etxe isildu. 46 hutsune betiko.

Eta kasu askotan aurretik salaketak egon dira. Babes-aginduak. Urruntze-aginduak. Baina hemen galdera ezinbestekoa da: benetan sinesten al dugu 30 metroko distantziak bizitza bat babesten duela? Zer dira 30 metro pertsona batek kalte egiteko erabakia hartua duenean? Zer dira 30 metro kale batean, atari batean, lantokira bidean? Paperean marraztutako lerro batek benetan geldiarazten al du kaltea eragiteko prest dagoen norbait?

Askotan, 30 metroko muga hori segurtasunaren irudia da, baina ez segurtasuna bera. Neurri sinbolikoa da, baina ez beti eraginkorra. Eta eskumuturreko elektronikoek –teorian kontrol-teknologia aurreratua– beste galdera handi bat uzten dute airean: ez dago gobernuak argitaratutako datu publiko eta zehatzik haien benetako eraginkortasunari buruz. Zenbat kasutan saihestu dute eraso bat? Zenbatetan huts egin dute? Zenbat alerta iritsi dira berandu? Datu gardenik gabe, nola neurtzen dugu benetako babesa?

Epsteinen kasutik Sarrigurenera, ikasgai bera ageri da: sistema batek erasotzailea garaiz eta eraginkortasunez kontrolatzen ez badu, ondorioak tortura eta heriotza izan daitezke

Bitartean, emakume askok beren bizitza baldintzatuta bizi dute: ibilbideak aldatuz, ordutegiak egokituz, kaleak saihestuz. Askatasuna murriztua, beldurra barneratua. Sistema batek ezin du oinarritu erasotzailearen eta gizaki baten arteko distantzia teoriko batean edo teknologia baten promesean, haren eraginkortasuna neurtu eta gardentasunez ebaluatu gabe.

Zergatik ez da arreta erasotzailearen gaineko jarraipen zuzen eta zorrotzagoan jartzen? Zergatik ez da prebentzioa serioago hartzen lehen salaketatik bertatik?

Eta, gainera, badago beste isilune handi bat: kostuarena. Askotan entzuten dugu baliabideak mugatuak direla. Baina 80 milioi euro balio duen jet pribatu baten prezioa baino askoz gutxiagorekin, arrisku handiko pertsonen kontrol-programa sendo bat finantzatu liteke urte luzez. Eliteko futbol-transferentzia batek 100 milioi euro gainditzen ditu sarri; halako eragiketa baten %3 soil batek ere jarraipen profesional iraunkorra bermatzeko balioko luke.

Ez da diru falta. Lehentasun falta baizik.

46 emakume hauek ez dira estatistika bat. Komunitate honetako kideak ziren. Haien izenek eta istorioek hutsunea utzi dute gure kaleetan. Eta hutsune horrek galdera bat eskatzen du: zenbat gehiago behar dira neurri sinbolikoetatik neurri errealetara igarotzeko?

Epsteinen kasutik Sarrigurenera, ikasgai bera ageri da: sistema batek erasotzailea garaiz eta eraginkortasunez kontrolatzen ez badu, ondorioak tortura eta heriotza izan daitezke. Segurtasuna ez da paper gaineko 30 metroko marra bat. Segurtasuna da kontrol eraginkorra, prebentzio goiztiarra eta bizitza babesteko benetako konpromisoa.

46 bizitzek, gutxienez, hori merezi dute.

Itziar Insausti

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.