argia.eus
INPRIMATU
EPPK-k “beharrezkoak diren ekarpenak” egiten segituko duela berretsi du
  • EPPK-k  agiri berria plazaratu du Preso Politikoen Nazioarteko Egunean. Egoera “gordina” dela adierazi du, baina ez duela “atzera” eginen erran du ere.

ARGIA @argia 2019ko apirilaren 17a

Euskal presoen auzia ez dela aldatu esateaz batera –Espainiako Estatuan bereziki– “beharrezko diren ekarpenak” egiten jarraituko duela baieztatu EPPK-k. Gara eta Berria egunkariek jaso duten agirian ditoenez, “deliberatuak gaude gure helburuetara iristeko”.

“Ekarpen handi eta txikiak” egiteko prest dago presoen kolektiboa, “denak baitira beharrezko”. Alta bada, bidean “zailtasunak” topatuko dituela kontzientea da EPPK.

EPPK-k barne eztabaida prozesua amaitu eta erabaki zuen 2017ko uztailean. Espetxe legedia arruntari ekitea, ibilbide juridikoan “pauso bat aurrera eginez, kartzelak husteari begira” jarri ziren presoak. Adibidez, kolektiboko kideek gradu progresioa eskatu zuten eta kartzelako lanei eta programei ere ekin zieten, bide hori urratzea preso bakoitzaren esku utziz betiere.

Edonola ere, EPPK-ren ustez, Frantziako eta Espainiako gobernuek egindako mugimenduak euskal gizartearen presoen eskubideei emandako “babesaren ondorioz” izan dira. Horiek horrela, Madrilgo aldian aldiko gobernuei baino jarrera hobea ikusi dio Parisko gobernuei: “Frantzian hurbilketaren inguruko mugimendu batzuk emanak ditu, eta iritsiko da balorazio zehatzagoak egiteko ordua. Espainia aldean jarrera immobilistagoak eta are inboluzionistak gailentzen ari dira; espetxeetan eta presoon inguruan egin dituzten urrats uzkurrak nahikoak ez izateaz gain, gurekin adostu gabeak izan dira”.

EPPK-k espetxetako egoera “gordina” dela berretsi du. Kolektiboko 260 kide inguru daude preso oraindik. Adinekoak haietako batzuk. Bestetzu urte asko espetxean daramatzate, horietako anitz bakartuta. Hogei presok gaixotasun larriak dituzte: “Azken urteotan kolektiboa osatzen dugun kideen kopuruak behera egin arren, larritasunek gora egin dute”, diote agirian.