Zaintza aringarrietan fisioterapiak betetzen duen funtzioa azaldu, eta fisioterapeutak espezializatzeko asmoa dutela esan du Asier Arrizabalaga Euskadiko Fisioterapeuten Elkargoko presidente ordeak.
Mina txikitzea, azaleko lesioak saihestea, mugikortasuna lantzea eta arnasketa gaitasuna hobetzea dira zaintza aringarrietan fisioterapiak eragin ditzakeen zenbait onura. Euskadiko Fisioterapeuten Elkargoak kanpaina abiatu du zaintza aringarrietan fisioterapiak duen garrantzia aldarrikatzeko. Izan ere, Osakidetzako ekipoetan ez da ohikoa horrelako figurarik egotea, eta pribatura jo beharra dago.
Zein behar identifikatu dituzue kanpaina abiatzeko?
Ikusi dugu bizi itxaropena asko handitzen ari dela eta geroz eta adineko pertsona gehiago ditugula. Zenbat eta adinean aurrerago joan, orduan eta handiagoak dira zaintza aringarrietako beharrak. Bizitzako azken momentu horiek hilabeteak izan daitezke, edota urte batera luzatu. Zaintza aringarriek ez dute sendatzen, baina zaintzen eta geratzen den bizitza hobeto bizitzen laguntzen dute. Fisioterapia aldetik baliabide asko ditugu horri aurre egiteko, eta interesgarria iruditzen zitzaigun gizarteari erakustea zer egin dezakegun.
Zer-nolako sintomak landu daitezke?
Mugikortasuna murrizten joan daiteke geldirik egon behar dutelako denbora luzez. Orduan, azaleko lesioak agertu daitezke; adibidez, ultzerak. Horiek saihestu ditzakegu posizio aldaketekin. Horrez gain, masaje tekniken bidez azaleko hidratazioa erraztu, eta azala gogortzea lortu dezakegu. Zauriak edukitzeko probabilitatea murriztu daiteke. Artikulazioen mugikortasuna mantentzen lagundu dezake ere. Disnea eta nekea lantzeko teknikak daude. Arnasketan parte hartzen duten giharrak indartu daitezke arnasketa gaitasuna hobetzeko. Horrekin batera, sekrezioak daudenean kanporatze teknika desberdinak daude. Azkenik, min mota asko daude, eta fisioterapia teknika manualak eta terapia fisikoak erabili ditzakegu. Azken horiek dira, adibidez, elektro terapiak edo korronte elektrikoak.
Uste duzu kasu honetan fisioterapeutaren funtzioa ezaguna dela?
Uste dut pixkanaka gizartean ezagutzen doala. Baina egia da normalean, medikuak, erizainak, psikologoak eta gizarte langileak egoten direla zaintza aringarrietako ekipoetan. Fisioterapeutak ez dira horren ezagunak.
Orduan, zein leku daukate osasun publikoan?
Oraindik leku handirik ez, egia esan. Zaintza aringarrietako ekipo batzuetan fisioterapeutak sartzen ari dira, eta nik uste pixkanaka posible izanen dela. Uste dut pedagogia lan handia egin behar dugula Osakidetzako zaintza paliatiboetako ekipoetan fisioterapeutak duen funtzioa azaltzeko. Zaintza aringarrietan lan egiten duten profesionalekin harremanetan gaude, ikusteko nola integratu dezakegun fisioterapia euren lanetan. Horretarako, Arinduz erakundearekin (Zaintza aringarrietarako erakunde zientifikoarekin) hitz egin dugu. Elkarlanean ziklo bat antolatu genuen medikuek, psikologoek eta erizainek fisioterapeutei erakusteko zer diren zaintza aringarriak. Hurrengo urteari begira, jardunaldiak eta foroak sortu nahi ditugu eta formakuntza espezializatuak egin. Gure asmoa da adituak sortzea eta harrobi moduko bat egitea norbaitek horrelako zerbitzuak nahi baditu jakiteko nor dagoen probintzia bakoitzean. Administrazioarekin ere hitz egin nahi dugu Osakidetzako ekipoetan integratzeko. Uste dut epe ertainera posible izango dela osasun publikoko zaintza aringarrietako ekipoetan fisioterapeutak egotea.
Orduan, momentuz, horrelako zerbitzu bat jaso nahi duenak pribatura jo behar du?
Momentu honetan aukera bakarra pribatutik da. Horregatik da horren garrantzitsua bide berri hau irekitzea.