“Elkartasun feminista” antolatzeagatik epaitu zituzten sei lagunekin elkartasunez jaialdia egingo dute Zestoan

  • Urriaren 17an egingo dute Elkartasuna plazara jaialdia, eta Zestoako Mugimendu Feministak adierazi du bi helburu izango dituela: ekainean absolbitu zituzten sei herritarrei epaiketak ekarri dien 30.000 euroko kostua ordaintzeko dirua biltzea, eta "elkartasun feministaren garaipena" ospatzea eta aldarrikatzea. Egun osoko egitaraua antolatu dute horretarako, eta, besteak beste, bertso saioa, herri bazkaria eta kontzertuak izango dira.


2026ko irailaren 29an - 11:16
Azken eguneraketa: 13:11
Iazko abenduan Zestoan sei akusatuen alde eginiko elkarretaratzeko jendetsua. Jon Urbe / Foku
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ekainaren hasieran absolbitu zituzten Zestoako (Gipuzkoa) auzian epaitutako sei lagunak. Zestoako Mugimendu Feministaren aburuz, indarkeria matxistaren biktima zen emakume bat eta bera babesten aritutako bost pertsonak –tartean, Zestoako alkate Mikel Arregi– "elkartasun feminista" gauzatzeagatik epaituak izan ziren, lehenaren bikotekide ohiak 2018an haren “integritate moralaren aurkako” delitua salatu ondoren. 

Epaileak haren erabakiaren berri eman eta bost hilabetera, urriaren 17an, Zestoan Elkartasuna plazara jaialdia egingo dutela jakinarazi du herriko talde feministak. Izan ere, prozedura judizialaren ondorioak oraindik ez direla amaitu salatu dute, sei akusatuentzat "minaz eta sufrimenduaz" gain, 30.000 eurotik gorako kostua ekarri baititu: "Bidegabea izan zen haien kontrako makroepaiketa, eta bidegabekeria da horri guztiari halako zama ekonomikoa gehitzea".

Antolatzaileen esanetan, bi helburu nagusi izango ditu jaialdiak: epaiketak akusatuei ekarritako kostua ordaintzeko dirua biltzea, eta "elkartasun feministak irabazi" duela ospatzea eta aldarrikatzea.

Egitaraua

Zestoako Mugimendu Feministak azpimarratu du herriko nahiz inguruko eragileen eta herritarren laguntza "ezinbestekoa" izan dela jaialdia antolatzeko, eta garrantzia eman die egitarauean izango diren musikariei eta bertsolariei, "erakutsitako konpromisoagatik eta elkartasun feminista aldarrikatzeko jaialdian izateko egingo duten ahaleginagatik".

Goizeko 12etan ongi etorria egin ondoren, Onintza Enbeitak eta Uxue Alberdik bertso saioa eskainiko dute. 13etan Le Big Gibel taldeak poteoa girotuko du, eta 14:30etan herri bazkaria izango dute. Eguna amaitzeko, 17:00etan hasita zenbait kontzertu izango dituzte: besteak beste, Rodeo eta familia, Aizpea, Ke Lepo, Sara Sozaya eta Ines Osinaga. Bazkarirako txartela erosteko azken eguna urriaren 12a da, eta honako leku hauetan daude salgai: Zestoako Ogi Berrin eta Portalen; Azpeitiako Orkatzen eta Nizan; Zumaiako Emakumeon* Etxean; eta Zarauzko Arranon.

Urriaren 17ko egitaraua. Zestoako Mugimendu Feminista

Kasuaren nondik norakoak

Zazpi urteko prozesuaren ostean, iazko abenduan Donostiako Auzitegian epaiketa izan zuten sei akusatuek, gizonak lau eta bost urteko espetxe zigorrak eskatzen baitzizkien haren bikotekide ohiari eta emakumeari "denbora luzez une jakinetan nahiz modu jarraituan" babestu zuten beste bostei. Azkenean, epaileak ekainean ebatzi zuen ez zela inolako deliturik gertatu. 

"Berri pozgarria da, ezinbestekoa zauriak ixten hasteko", nabarmendu du Zestoako Mugimendu Feministak. Haien aburuz, sei lagunen aurkako prozedura judiziala abiatu izanak ez du "inolako justifikaziorik", eta zazpi urteko "prozesu latza" bizi behar izan dute: "Sufrimenduz, nekez eta ziurgabetasunez betetako prozesua".


Indarkeria matxista kanalean gehiago
2026ko irailaren 2
Adriana Muñoz, Guatemalako Otrans erakundeko kidea
"Demokraziak emakume transak ahazten jarraitzen du"

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.