argia.eus
INPRIMATU
Epaitegian deklaratu beharko du hainbat emakumeri modu jarraian eraso egin zien Haritz Varelak
  • “Erasoa jasan genuen hamar emakumek Haritz Varelaren aurkako salaketa jarri dugu Donostiako epaitegian, eta auzibidea aurrera doala jakinarazi nahi dugu”. 80 emakumek astearte arratsaldean Donostiako Tabakalera ondoan prentsaurrekoa eskaini dute jakinarazteko ezker abertzaleko eta Donostiako Piratetako kide ohiaren aurkako auzia zertan den. Ez dute publiko egin noiz izango den deklarazioaren eguna, eta zailtasunak salatu badituzte ere, "bidean topatu ditugun emakumeen konplizitatea" eskertu dute.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2018ko urriaren 09a
80 emakume batu dira erasoak jasan zituztenei babesa adierazi eta prentsaurrekoan parte hartzera. (Argazkia: Tximeletaren Reboluzioa)

Prentsaurrekoa hasi aurretik argi utzi nahi izan dute bertan bildu direla, bai erasoak jasan zituzten emakumeak, baita hauei babesa adieraztera joan direnak ere, eta guztien izenean irakurri dute adierazpena. Bidea ez dela erraza izan azpimarratuz hasi dira. "Zailtasunak ez ziren amaitu erasoarekin batera, are gehiago, lehenengoak atzetik ekarri zituen beste mota batzuetako erasoak". Zalantzan jarriak izatea, bakardade sentimendua, biktimizazio bikoitza eta administrazio arazoak salatu dituzte.

Salaketa jarri duten eta hau aurrera doan arren, epaitegien "izaera matxista eta eraso sexistei ematen dieten trataera egokirik eza" ere salatu nahi izan dute.

Haritz Varela 2017ko uztailean kanporatu zuten ezker abertzaleko egituretatik eta Donostiako Piratetatik, hainbat emakumeri modu jarraituan eraso egiteagatik. "Militante gisa zuen boterea erabilita emakumeok engainatu eta biluzik argazkiak ateratzeko proposamenak egin zizkigun, baita batzuei atera ere". Adierazi dutenez, erasotuak izan ziren kidearengan zuten konfiantzagatik eta beren lan militantean sinesten zutelako egin zuten. "Guk ez genuen ezer txarrik egin, eta berriro egingo genuke. Arazoa erasotzailearena da, beti", argi utzi nahi izan dute.

Erasoak jasan zituzten emakume hauetako asko, gaia publiko egin zenetik, Tximeletaren Reboluzioa dinamikaren baitan antolatu eta erasoak modu kolektiboan kudeatzen ari dira.

Egindako bidean elementu positiboak ere bizitu izan dituztela nabarmendu nahi izan dute, batez ere, bidean topatu dituzten emakumeen konplizitatea. "Ez ginateke honaino iritsiko erasoaren aurrean bakarrik aritu izan bagina, eta zorionez, elkar goxatu eta laguntzeko bideak topatu ditugu, eman ditugun pausoen bermea izan da".

Amaitzeko, salatu dutenez, "etxe-etxekoak diren espazioetan, gizarteko gainontzeko txokoetan bezala, erasoak ikusi eta biziko ditugu aurrerantzean ere, espazio horiek guztiak patriarkatuak gurutzatzen dituen neurrian". Erasoak pairatzen dituzten emakumeei babesa adierazi nahi izan diete: "Badakigu emakume feministok garela mehatxu horren muga, eta gure babespea eskaini nahi dugu: kontatu gurekin". Harremanak era kolektiboan iraultzea aldarrikatu ostean, erasotzaileei mezu argi bat botaz amaitu dute: "Erasotzaileak, aurrean topatuko gaituzue! Erasorik ez, erantzunik gabe!".

Ikusi prentsaurrekoa bideoan