27 urteko zigorra ezarri diote Maialen Mazonen hiltzaileari

  • Hilketa delituaz gain, bi aborturen eta adingabe bat abandonatzearen errudun ere badela ebatzi du epaimahaiak. Akusazio partikularrak 45 urteko kartzela zigorra eskatu zuen J.R. akusatuarentzat, Mazonen bikotekide ohiarentzat. Azkenean asteazkenean iritsi da Arabako Probintzia Auzitegiaren epaia: 27 urteko zigorra. Gizonaren defentsak absoluzioa eskatu zuen.

Maialen Mazonen hilketaga gaitzesteko manifestazioa, Gasteizen.

2026ko maiatzaren 20an - 14:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Maiatzaren 4an hasitako epaiketak hamar egun geroago jaso du erabakia: J.R. akusatua Maialen Mazon hiltzearen errudun jo du herri-epaimahaiak. “Modu kontzientean” egindako hilketa dela ebatzi dute, eta horrez gain, beste hiru delitu ere leporatu dizkiote: Mazon bikiekin haurdun zegoenez, bi abortu eragitea; eta adin txikiko baten abandonua, Mazon hil zuenean alboan baitzuen 2 urteko umea, 18 orduz egon zena amaren gorpuaren alboan. Epaimahaiak ez du aringarririk aurreikusi. Pasa den ostegunean ebatzitakoari asteazken honetan esleitu diote zigorra: 27 urteko kartzela zigorra.

Akusazio partikularra, Mazonen familiak eta Arabako Foru Aldundiak osatua, eta herri akusazioa, Clara Campoamor elkarteak bultzatua, bat etorri dira hilketa “modu kontzientean” egindakoa izan zela, baita “aurrez pentsatua” ere: lekukoek aitortu zuten akusatuak Mazon kontrolatu eta menperatu egiten zuela, eta akusazioak azpimarratu du akusatuak biktima ekonomikoki eta sozialki kontrolatzen zuela. Are, aurrekariak zituen indarkeria matxistari lotuak, Valentzian (Herrialde Katalanak) “muturreko arriskuko babesa” jarri baitzioten Mazoni.

2023ko maiatzean hil zuten Mazon, Gasteizko apartahotel batean. Gizonak orduantxe jakin zuen Mazonek beste pertsona batekin harremana hasia zuela, eta hamahiru labankada eman zizkion, lo zegoela, “defentsarako aukerarik gabe”; fiskaltzak azaldu zuenez. Akusazioak Mazonen harreman berria azpimarratu du hilketarako arrazoi gisa; alegia, akusatuak Mazonekiko “kontrola galduko zuela” igarri zuen momentua. Hain zuzen ere, babeserako neurriek funtzionatu ez izana deitoratu du Fiskaltzak.

Defentsak, absoluzioa

Akusatuaren defentsak ukatu egin zituen akusazio guztiak, oinarri sendorik ez zutela argudiatu eta akusatuak biktima maite zuela azpimarratuta. Akusatuak hilketaren egunean alkohola kontsumitu zuela eta, haren menpe zegoela defendatu zuen defentsak, eta gizonak ez zekiela zer ari zen egiten, “errealitatearen disfuntzio zantzuak” zituela. “Kolapso” egoeran zegoela ere gaineratu zuen defentsak, eta horregatik eskatu zuen bere absoluzioa.

Epaiketan akusatuak hitz egiteari uko egin bazion ere, azken saioan hitza hartu zuen “barkamena” eskatzeko; batez ere alabari zuzendu zizkion berba horiek.


Indarkeria matxista kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 13
Berriketa gutxi
Zer gertatzen zaigu gizonei?

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.