Baionako lau auzipetuek epaia puskatu eta euskaraz deklaratzen uztea exijitu diote epaileari

  • Euskararen aldeko margo bat egiteagatik auzipetu zituzten Baionan, otsailean. Epaiketan ez zieten utzi euskaraz egiten. Orain epaiaren idazkia jaso dute epailearen eskutik. Idazkia puskatuta itzuli diote, eta gutuna idatzi. Epaileari exijitu diote euskaraz deklaratzeko daukaten eskubidea betearaztea.

Laurent Olivier epaileari epaiaren idazkia itzuli diote, eta gutuna idatzi. Auzipetuek bidalitakoa.

2026ko apirilaren 13an - 16:34
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Otsailaren 5ean izan zuten epaiketa. Departamenduaren Baionako egoitzan “Euskaraz bizi nahi dugu” leloa margotzeagatik joan behar izan zuten Laurent Olivier epailearen aurrera. Gorka Roca Torre, Ignacio Arenal Sánchez, Lukarte Areskurrinaga Mirandona eta Xabier Renteria Uriarte izan ziren lau auzipetuak. Ez zuten deklaratu, ez baitzien euskaraz egiten utzi.

Duela gutxi jaso dute epaiaren idazkia. Dokumentua puskatu dute eta gutun batekin batera epaileari itzuli diote. Epaia ez dute onartu eta otsailaren 5eko epaia parodiatzat hartu dute. Lau auzipetuen ustez, epaitegian euskaraz deklaratzen ez uztea oinarrizko eskubideak zapaltzea da, eta hiru argudio eman dituzte horretarako: batetik, jatorrizko hizkuntzan deklaratzea debekatzea ez dela zilegi; bestetik, norbanakoaren duintasuna ez dela errespetatzen “garena izatea debekatzen delako, hitz egiten ditugun hizkuntzak garenez”; eta hirugarrenik, zapalkuntzei aurre egitea gizakien eskubide “natural eta behin betikoa” dela argudiatu dute.

Epaileari gogorarazi diote Unescok berak dioela pertsona orok epaitegietan hizkuntza autoktonoak erabiltzeko eskubidea duela. Deitoratu dute euskaraz deklaratzen ez uzteko Frantziako Konstituziora jotzea, eta “Errepublikako hizkuntza frantsesa da” baieztapenari heltzea. Gutunean adierazi dute idatzi hori frantsesa ingelesetik babesteko adostu zela eta salatu dute esaldi hori erabiltzea hizkuntza gutxituen aurka egiteko. Gehitu dute Frantziako legediak ez duela jasotzen espresuki epaitegietan euskaraz deklaratzeko debekua, baina debekatzen dutela. Ilegaltzat jo dute jarduteko modu hori.

Ipar Euskal Herrian euskaraz deklaratzea legala dela baieztatzeko adibide bat eman dute. 2004ko epaiketa batean, EAEko auzipetuek euskaraz deklaratu ahal izan zuten. Otsailaren 5ekoan, berriz, EAEko lau auzipetuentzat gazteleratik frantsesera itzuliko zuen itzultzailea bilatu zuten, eta laugarrenari ez zioten utzi euskaraz egiten.

Lau auzipetuek Laurent Olivier epaileari gutunean esan diote epaiketak ez daukala zilegitasunik akusatuek haien buruak defendatzeko aukerarik ez dutelako izan, eta berak ez diela baliozko argumentu juridikorik eman euskaraz deklaratzea debekatzeko.

Euskaraz deklaratzeko eskubidea errespetatzea Euskal Hirigune Elkargoko 232 hautetsiei ere exijitu diete eta epaileari bidalitako gutun bera helarazi diete.

Lau auzipetuek eman duten datuaren arabera, azken hilabeteotan hamazazpi pertsonari ukatu diote euskaraz deklaratzeko eskubidea.

 


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.