Guardia Zibilak hiru pertsona atxilotu zituen Bizkaian, Asturiasen eta Kantabrian 34 langileren lan-esplotazioa egotzita. Epaileak, baina, erabaki du akusatuak aske uztea. Pasaporterik gabe ezin izango dute estatutik atera, eta hilean bi aldiz epailearen aurrean aurkeztu beharko dira.
Bizkaian, Asturiasen eta Kantabrian obretarako Pakistango herritarrak legez kanpo kontratatzeagatik ikertu dituzte. Autoaren arabera, Espainiako Estatuko iparraldeko eraikuntza-enpresei legez kanpo eskulana ematen dien erakunde bateko kide ziren akusatuak. Ikertu dutenez, erakundeak 30.000 euro eskatzen zizkien Pakistango herritarrei Espainiako Estatuan lan-kontratuak lortzeko. Magistratuak jaso duenez, “bizigarritasunik ez duten etxebizitzak (batzuetan argirik eta ur korronterik ez dutenak )” ematen zizkieten langileei, legez edo hitzarmen bidez ezarritakoak baino lan-ordutegi handiagoekin eta Gizarte Segurantzan alta eman gabe.
Kantabriako Justizia Auzitegi Nagusiak, baina, erabaki du akusatuak aske uztea. Naiz-ek jakitera eman duenez, hiru ikertuek uko egin diote deklaratzeari, eta epaileak pasaportea kentzea eta hilaren 1ean eta 15ean organo judizialaren aurrean agertzeko betebeharra erabaki du. Hala, ezin izango dira atera Espainiako Estatutik. lzatez, langile atzerritarren eskubideak urratzeagatik hiru hilabetetik urtebete arteko eta sei hilabetetik sei urte arteko espetxealdi-zigorrak ezarri ahal zitzaizkien. Hala ere, ez da kartzela zigorrik izan fiskaltzak halakorik eskatu ez duelako.