"Epaia aldekoa bada, parte-hartze prozesua abian jarriko da eta bitartean ezingo da lizitazioa aurrera eraman"

  • Haurren osasunaz kezkatuta, erraustegi proiektuaren inguruko "benetako eztabaida" eskatzen du GuraSOS elkarteak. Bertako kide Joseba Belaustegik azaldu digu zehazki zein den auzitegietan hasi duten bidea, eta zer den epai horretan jokoan dagoena.


2016ko abuztuaren 26an - 12:30

Uztailaren 15ean, Gipuzkoako Foru Aldundiari parte-hartze prozesu bat martxan jartzeko eskaera egin zenioten. 15.000 sinadura ere aurkeztu zenituzten. Uztailaren 8ko 1/2010 Foru Arauan oinarritu zenuten eskaera. Zer da Foru Arau hori?

Sinadurak erantsi genituen ez legez beharrezko zelako, baizik, elkartearen atzean dagoen gizartearen babesa erakusteko. Foru Arau horrek arautzen du herritarren parte-hartzea, Foru Aldundiaren eta Batzar Nagusien eskumeneko gaietan. Bi erakunde hauen eskumenekoak diren politika publikoetan bakarrik aplikatzen da, ez beste erakunde publikoen eskumeneko kasuetan. 2010ean egin zuten foru arau hori eta gizartearen aurrean agertu dute oso aurrerakoia dela, oso berritzailea, bururaino eramaten duela parte-hartzea... Legealdi honetan Aldundiaren Gobernantza sailak egin duen marketin kanpainan Foru Arau honek pisu handia dauka. Izatez, irailaren 1 eta 2an gobernantzari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte EHUren Udako Ikastaroetan (Hillary Clintonen aholkulari bat ere ekarriko dute). Markel Olanok ere hauteskundeen aurretik Oronan egin zuen hitzaldian asko azpimarratu zituen gobernantza eta parte-hartzea. Ziurtatu zuen horiek izango zirela bere gobernuaren ikur.

Dakigula, foru arau hori orain arte ez da inoiz gauzatu, herritarrek ez dute parte-hartzeko prozesurik martxan jartzerik eskatu. Guk eskaria egin genuen. Arau horrek ekimena ematen die herritarrei (bai parte-hartzeko foru erroldan erroldatuta dagoen elkarte bati, edo gipuzkoarren helduen %2aren sinadurak dituen ekimen bati) partaidetzazko deliberazio prozesua eskatzeko. GuraSOS aldundian erroldatuta dago, beraz, gure eskubidea erabiliz, eskaera egin genuen parte-hartze prozesua martxan jartzeko. Hilabeteko prozesua izaten da: foru sailetako hainbat ordezkariz osatutako Herritarren Partaidetzarako Foru Batzordeak egiten du proposamena edo txostena eta ondoren ahaldunen kontseiluak erabakitzen du. Uztailaren 28an erabaki zuten ezetza ematea gure eskaerari.

Aldundiarentzat parte-hartzea ikurra izanik, herritarrek behin eskatu eta orduan ezetz esatea... ez zen erraza izango eurentzat ere. Baina erraustegia egitea lehenetsi dute, hala edo nola.

Beraz, Foru Arauak herritarrei partaidetzazko deliberazio prozesua eskatzeko aukera ematen die, baina ez ditu erakundeak horretara behartzen?

Guk gure defentsarako erabili dugun Foru Arauko artikulua 13.1 da eta bertan biltzen da elkarteek prozesua eskatzeko duten eskubidea. Erabakiari buruz, Foru Arauak hala esaten du: "Foru Aldundiak, Herritarren Partaidetzarako Foru Batzordeak proposatuta, gehienez ere hilabeteko epean hartuko du partaidetzazko deliberazio prozesua erabiltzeko ekimenaren gaineko erabakia. Proposamena ezetsiz gero, erabaki arrazoitua beharko da, ekimenaren gai izandako partaidetzazko deliberazio prozesua erabiltzeari egoki ez irizteko arrazoiak zehaztuta". Beraz, ezetz esan dezake, ezegokia denean eta adierazi behar du zergatia.

Aldundiak ezetz esana du. Zer arrazoi eman zuen?

Argitu behar dugu Foru Aldundiko ordezkariekin ez garela bildu. Hitzordua eman ziguten baina hitzordua baino 45 minutu lehenago deitu ziguten esateko bertan behera gelditzen zela. Hori uztailaren 21ean izan zen. Erantzuna prentsa bitartez irakurri genion Imanol Lasari (Diario Vascon, uztailaren 6an) [erredakzioan itzulia]: "GuraSOSek eskatzen duenaren moduko eztabaida sakonak eskatuko luke Ingurumen departamenduaren egungo kronogramak baimendu ezin duen denbora. Foru Arauen talkaren artean, Aldundiak joko du 2002-2016 PIGRUGa [hondakinen plana] betetzearen alde. Hortik aurrera, parte-hartze prozesuari ekingo dio eta bertan 'dena planteatu daiteke, baita erraustegiaren gaia ere' ziurtatu du gobernantza ahaldunak".

Funtsean esan zuen eztabaidatzeko garaiak bukatu direla, orain egiteko garaiak direla. Horren aurrean hauxe dugu esateko: egiteko 12 urte izan dituztela eta gu 6 hilabete eskatzen ari garela, eztabaidatzeko. Egungo hondakinen planak 2002-2016 arteko urteak arautzen ditu. Epealdi horren bukaerako egunetan ari dira, ikasle txarrak bezala, korrika eta presaka ea heltzen diren hurrengo plana egitera. 14 urte izan dituzte, eta eurek ebazpenean aurreko legealdiari botatzen diote atzerapenaren errua baina 14 urte horietan 3 legealdi izan dira, beraz, errua denena litzateke, ezta? Hori esaten diegu guk: agintariek 14 urte izan dituzue, eta herritarrok ezin ditugu pasa 6 hilabete hau eztabaidatzen? Parte-hartze prozesuak 6 hilabete iraungo lituzkeela aurreikusten dugu.

Ezezkoa uztailaren 28an jasota, epaitegiko bidea egun batetik bestera egin behar izan duzue.

Ebazpena uztailaren 28an eman zuten. Guri 29an jakinarazi ziguten, ostiralez. Horixe zen azken laneguna, errekurtso bat jarri ahal izateko (abuztu osoa ez baita lanegun epaitegietan). Epaitegietan bada prozedura berezi bat, "oinarrizko eskubideak babesteko prozedura berezia", hain zuzen. Auzitarako errekurtso arrunta sartu bagenu, ez litzateke aurrera joango irailaren 1a baino lehenago. Errekurtso berezi honen bidez, abuztua lanerako baliatu genezakeen. Guk erraustegiko lanen lizitazioa etetea eskatzen dugu, eta horretarako garrantzitsua zen abuztua ere lanerako izatea. Noiz erabili daiteke prozedura berezia? Oinarrizko giza eskubideren bat urratzen denean. Gure argudioa izan zen gai publikoetan herritarrek zuzenean parte hartzeko daukagun giza eskubidea urratzen dela (eskubide hori aitortua baitago giza eskubideen aldarri unibertsalean). Partaidetza horrekin inplizituki babestu nahi duguna osasuna da (gurea eta umeena) eta hori beste funtsezko eskubide batzuekin dago zuzenki lotua, bizitza eskubidearekin, familiaren babesarekin...

Eskaera Aldundian egin eta ezetza Aldundiak eman badu, zergatik ez duzue errekurtsoa Aldundian jarri? zergatik jo duzue auzitegira?

Aldundian errekurtsoa sartzea alferrekoa litzatekeelako. Berak jada erabakia hartua du eta ez dugu errekurtsoarekin iritziz aldatu araziko. Eta bidean hilabete galduko genuke. Bi aukerak daude irekita, administrazioan errekurtsoa jartzea eta horrek ere aurrera egiten ez badu auzitegira jotzea, edo errekurtsoa jartzera zuzenean auzitegira jotzea. Lehen beharrezkoa zen lehenik errekurtsoa administrazioan jartzea, egun jada ez.

Beraz, auzitegian salatu duzuena da Aldundiaren ezetzak herritarren parte-hartze eskubidea urratzen duela?

Hala da, eta baita ere obren lizitazioaren aurka egin dugu errekurtso horrekin. Izan ere, Foru Arauak berak 15.3 artikuluan esaten du "deliberazio prozesu bat irekitzeak etenda utziko ditu hartu behar den azken erabakia baldintza dezaketen jarduketak, tramiteko ekintzak izan ezik". Beraz, parte-hartze prozesua onartuko balute, ezin izango lukete lizitatu. Horregatik eskatzen dugu auzitegian ere, ez lizitatzea. Eta ez da kasualitatea, Aldundiak egin duena juxtu izan da egun berean (uztailaren 28an) parte-hartzearen eskaerari ezetza ebaztea eta lizitazioa sinatzea. Bi ekintza hauei jarri diegu errekurtsoa, zeren lizitatzeak baldintzatuko luke eztabaida. Gure ustez lotuta daude, eztabaida ematea onartzen bada ezin da lizitazioarekin aurrera jarraitu, eta lizitazioarekin aurrera jarraitzen bada ezin da eztabaida baldintza duinetan eman.

Aldundiari eginiko eskaeran zehazten genuen lizitazioa eteteko eskaera, eta auzitegietan errekurtsoa jartzean gauza bera egin dugu. Errekurtsoan eskatu dugu auzia ebatzi arte, epaitegiak eten dezala lizitazioa. Ez bada horrela egiten, bukaeran auzia irabaziko bagenu ere, martxan jarriko litzatekeen eztabaida baldintzatuta geratuko bailitzateke. Foru Arauak hori da babestu nahi duena, eztabaida ez dadila baldintzatua egon.

Zein dira hurrengo epe eta urratsak?

Lehenik epaitegiak ebatzi behar du ea epaia irmoa izan bitartean, epaitegiak berak etengo ote duen obren lizitazioa. Hori erabaki beharra dauka epaia eman aurretik. Irailean izango da.

Ondoren, auzitegiaren epai irmoak ebatziko du ea Aldundiaren ezezkoak gure giza eskubideak (parte-hartzekoa, osasuna eta bizitzarena) urratzen dituen edo ez. Prozedura berezia erabili dugu errekurtsoa jartzeko, eta berezia da, beste gauzen artean, azkarra delako. Kasu hauek beti dute lehentasuna epaitegiko gainerako kasu guztien aurrean, nahiz eta beranduago sartutakoak izan. Guk espero dugu epaia urrian jasotzea.

Epaiak arrazoi emango balizue, zer lortuko litzateke?

Epaia gure aldekoa bada, bi gauza gertatuko dira: parte-hartze prozesua abian jarriko dela eta bitartean ezingo dela lizitazioa aurrera eraman.

Zein da parte-hartze prozesu horretan eztabaidatuko litzatekeen gaia, zehazki?

Hondakinen plan berria denon artean eztabaidatzea eta adostea da gure eskaera. Hondakinen planean adostasuna lortzea, gizarte osoaren oniritziarekin. Bi proiekturen lehiatik, adostutako eta elkarrekin egindako proiektura pasatzea. Baina eztabaida horretan gai guztiak barne hartuta, alegia, baita ere zerotik eztabaidatzea eta erabakitzea ea erraustegia egin behar den edo ez. Aldundiarekin bildu ginenean esan ziguten parte-hartze prozesu hori martxan jartzeko prest zeudela baina erraustegiaren prozedura (lizitazioa...) eten gabe. Gero konturatuko ziren hori ezinezkoa dela, Foru Arauak hala esaten baitu.

Adostasuna lortuko lukeen plan berri horrek baztertu beharko luke erraustegia, ez baitu guztiz bermatzen herritarren segurtasuna. Horregatik bakarrik, baztertu egin behar da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errausketarik ez
2023-09-11 | Usurbilgo Noaua
Hondakin gehiago ez erraustea eskatzeko Kontxa inguratu dute

Ia bi hamarkada luzez egin duten moduan, "errausketarik ez!" aldarrikatu eta oihukatu dute, Kontxako Banderaren bigarren eta azken jardunaldi egun honetan, Donostiako hondartza inguratu duen giza katean.


2023-04-27 | Usurbilgo Noaua
"Erraustegiaren errealitate kutsatzailea" agerian uzteko martxa larunbatean

Lasarte-Oriatik Zubietako erraustegira martxa deitu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak apirilaren 29rako, 11etan abiatuta, "Erraustegia, airea, ura eta lurra kutsatzen" aldarripean, aipatu plantaren "errealitate kutsatzailea" agerian uzteko. Herritarrak... [+]


2022-11-16 | ARGIA
Zubietako erraustegiaren inguruetako kutsaduraren orain arteko datuak aurkeztuko dituzte Hernanin

Azaroaren 19an goizerako hitzaldi berezia antolatu du Hernanin Zero Zabor elkarteak: Holandako ToxicoWatch fundazioak Zubietako erraustegiaren kutsaduraz 2021ean bildutako laginekin egin duen txostena oinarri hartuta, Errausketaren Aurkako Mugimenduko bi kidek datuak eta... [+]


2021-12-21 | ARGIA
Errausketaren aurkako mozioa aurkeztu dute Bergarako Udalean eta elkarretaratzea egin dute

Abenduaren 20ko Bergarako Ohiko Udal Batzarrean mozioa aurkeztu dute bi herritarrek eta gaia eztabaidatu dute ondoren udaleko alderdi politikoek eta herritarrek. Mozio horrek laburtzen ditu Bergarako erraustegiaren auziko puntu nagusiak.


2021-11-24 | Leire Artola Arin
Bergarako erraustegi proiektuaren mahai-inguruak kezka handiagoa piztu du herritarrengan

Ekologistak Martxan taldeko ordezkariak Greene enpresari aurpegiratu dio “gezurretan” aritzea eta herritarrei “datuak ezkutatzea”; hondakinak pirolisi bidez tratatzearen kalteez ohartarazi du. Proiektuaren arduradunek, ordea, plantaren... [+]


Eguneraketa berriak daude