EAEko Auzitegi Nagusiak sektore publikoan euskararen erabilera arautzeko dekretua baliogabetu izanari buruz, EH Bilduk adierazi du Eusko Jaurlaritza garatzen ari den dekretu berriaren gaineko “ohartarazpena” dela epaia. ELAk “oso larritzat” jo du ebazpena eta LABek Eusko Jaurlaritzari "euskalduntzearen beharrei erantzungo dien dekretu berri bat egiteko prozesua abian jartzeko” eskatu dio. Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen aurkako oldarraldi judizialak “koska bat gora” egin duela salatu du.
Vox alderdi ultraeskuindarraren helegite bat aintzakotzat hartuta ezeztatu dute dekretua, txosten ekonomikoa "eskasa" delakoan. Epaia ez da irmoa eta Espainiako Auzitegi Gorenean kasazio-errekurtsoa jar daiteke.
Euskalgintzaren Kontseiluak “oso larritzat” jo du erabakia, “lehen aldia” delako epaitegi batek euskararen erabileraren gaineko “arau oso bat” baliogabetzen duena. Erabakiak “aurrekaririk gabeko dimentsioa” duela uste du, sektore publiko osoko hizkuntza-politikari eragiten diolako, 140.000 langileri “eta, ondorioz, herritar guztien hizkuntza-eskubideei”. Kontseiluaren arabera, atzerapauso bakoitzaren aurrean “posizioak defendatzetik harago, garaia da euskararen normalizazioan jauzi berri bat egiteko baldintza sozialak, politikoak eta juridikoak eraikitzeko”.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak adierazi du epaiak “ez duela zalantzan jartzen Administrazioan euskara normalizatzeko helburua”, alegia, baliogabetzea dekretuaren “prestaketa-prozedurarekin” lotutako gaietan oinarritzen dela, “bereziki memoria ekonomikoan”. Epaileak forma kontuei erreparatu badie ere, epaiak dekretua bere osotasunean baliogabetu du.
Bengoetxeak gogorarazi du Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko dekretua eguneratzen ari direla eta epai honen oinarri juridikoak aztertuko dituztela datorren dekretuan txertatzeko eta "segurtasun juridiko handiagoa emateko". Sailburuak ez du argitu Jaurlaritzak epaiari helegitea jarriko dion ala ez. 30 eguneko epea dago horretarako.
EH Bilduko legebiltzarkide eta Hizkuntza Normalizaziorako idazkari Josu Aztiriak ARGIAri adierazi dionez, epailearen erabaki honek “berresten du estatus juridiko berri bat behar duela” euskarak eta euskararen “arkitektura legala eraitsi” nahi dutela. Aztiriak azpimarratu du, oraingoan epailea forma kontuetan sartu dela eta ez edukian, alegia, ez du ebatzi hainbat artikulu Konstituzioaren kontrakoak direnik, beste hainbat epaitan egin izan duten bezala. Hala ere, argi dauka epaileek edozein aitzakia darabiltela eta erabiliko dutela dekretua baliogabetzeko: “Intentzionalitate bat dago epailearen aldetik”. Eusko Jaurlaritza 2024koa ordezkatuko duen dekretu berria garatzen ari da eta EH Bildurekin batera lan-bide partekatu bat abiatua du EAJk. Etorriko den dekretu moldatuari erreferentzia eginez, Aztiriak esan du epaia “ohartarazpena” izan dela, eta hurrengo dekretuaren garapenean eragingo duela: “Lortu behar dugu ez eragitea, baina dena den, errekurritu egingo dute”. Horregatik, PPren eta Voxen erasoei erantzuteko "ausardiaz, arduraz eta herri ikuspegiaz” jokatzea eskatu du. Aztiriak adierazi duenez, urtebeteren bueltan dekretu berria gauzatuko litzateke.
ELA eta LAB haserre
ELA sindikatuak "oso larritzat" jo du EAEko Justizia Auzitegiaren erabakia eta oldarraldi judizialaren adibide bat gehiagotzat hartu du: “Horrelako prozesu eta ebazpenen atzean euskararen normalizazioa oztopatu nahi duten sektore judizial, politiko eta sindikal batzuen bultzada euskarafoboa dago". Sindikatuak adierazi du epai osoa sakon aztertuko duela, balorazio juridiko zehatz bat eman aurretik.
LABek ohar bidez azaldu duenez, "auzitegiek euskararen erabilera normalizatzeko eta hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri guztien aurkako eraso sistematikoarekin jarraitzen dute". Epaia euskara "desofizializatzeko prozesuan beste urrats bat dela esan du. Eusko Jaurlaritzari auzitegietatik datozen mehatxuei aurre egiteko eskatu dio eta "euskalduntzearen beharrei erantzungo dien dekretu berri bat egiteko prozesua” abian jartzeko.
2024ko Jaurlaritzaren dekretua, aukera galdua
Izenburu horixe zuen 2024ko martxoan ARGIAk argitaratutako erreportajeak, Aukera galdua. Bertan, EAEko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua aztertzen zen. 2024koak 27 urte lehenago onartutako dekretua ordezkatu zuen. Erreportajeak jasotzen zuenez, euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez zuen baliatu aukera “jauzi ausarta” emateko. 2024ko dekretuak ez zuen bermatzen herritarrek euskarazko zerbitzua jasotzea, ezta administrazioko langileek euskaraz lan egin ahal izatea ere. Eragileek kritikatu zuten oldarraldi judizialaren aurrean ez zuela babesik emango. Gabezia horien artean, bereziki kritikatu zuten hizkuntza eskakizunak ezartzeko, derrigortasun indizea zehazteko aukera baliatu ez izana. Dekretu horrek ez zuen zehaztu derrigortasun indizea gutxienekoa izatea, eta ondorioz, atea zabalik utzi zuen derrigortasun indizea gutxieneko gisa ez, baizik eta gehienezko gisa interpretatzeko.
Euskalgintzak bezala, LAB eta ELA sindikatuek, eta EH Bildu koalizioak kritikatu zuten Eusko Jaurlaritzaren erabakia. ELAk, gatazka judizialaren aurrean, eztabaida politikoari iskin egiteko “ostrukarena” egitea egotzi zion Eusko Jaurlaritzari. EH Bilduko Josu Aztiriaren ustez, “izugarrizko akatsa” izan zen derrigortasun indizea gutxienekoa zela jasotzeko aukera baliatu ez izana, eta gehitu du PSEren presioak eragindako erabakia izan zela.